www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

III
GIZARTEKERIA TA EBANJELIOA

 

Baltsakeri, gizartekeri ta olakorik iñoz irakatsi nai ontzat emon ete eban gure Jaunak?

 

        Jaunak baltsakeria zuzenetsi edo ontzat emon ebala, lotsa gitxiko ameslari batzuk ori be esan dabe; baña ori guxur biribilla da. Txiroen alde gauza eder eta onuratsu asko irakatsi ebazan, lander edo pobreai barri ona emotera etorri zan Jaunak: bere jarraitzalle guztiok alkar maite izan bear dogula; eskesari edo limosna egitea gauza osasungarria dala; daukanak eztaukanari ta bearrizanean dagoanari al eta bear besteko laguntza emon bear dautsala; lurreko aberaskiak, zerua irabazateko, geienez, eragozpenak diriala: guztiz eta osoro ornidua izan nai daunak, bere ondasunak saldu, txiroai emon eta zeru-bidean berari jarraitu bear dautsola ta olakoak, bai, irakatsi ebazan gure Jaunak; baña baltsakeri, gizartekeri, ta onakorik, egundo be ez.

        Gizonen gogo ta biotzak lurreko ondasunetatik askatu nai ebazan Jaunak, goiko ta betiko ondasunetara gar andiagoaz jo egien: baltsazaleak, ostera, lurreko ondasunok eskuratzea baño beste ames eta asmurik eztauke. Ondasunai buruz, artzea baño emotea zoriontsuago zala esan eban Jaunak: baltsazaleak iñorena artzeko beti dagoz prest; eurenik emoten ondiño eztabe ikasi, eta Jaunaren irakaspenak euren alde dagozala esateko, benetan lotsa gitxi bear da. Jaunaren irakaspenak aberats zeken eta zikoitz, biotza lurreko ondasunetan josita daukenen aurka bai, orrein aurka dira; baña gizartekeri nai baltsakeriaren alde ezelan bere ez.

 

 

Lenengo kistar edo kristiñauak baltsakoiak izan ete ziran?

 

        «Apostoluen egintzak» deritxon liburuaren IV atzalburuan auxe irakurten dogu: Siñestedun guztien biotza bat eta berbera zan, gogoa be bardin: eukanetik ezer berea zanik iñok ez eban uste: bestera, gauza guztiak ziran guztientzat. Guztien ondasunak guztientzat zireala, ori diñoalako, lenengo kistar zintzo aek baltsakerian bizi zirala esan daroe oraingo baltsazale edo komunista batzuk; baña aren baltsako bizitzeak geroko baltsakeri onen antz gitxi daukala jakiteko, burua ausi bearrik eztago.

        Lenengo kistarren artean ondasunak guztientzat zelan eta zegaitik ziran, liburu orrek berorrek adierazten dausku, onelan jarraituaz: Aen artean lander edo beartsurik ez egoan iñor be, bazter nai etxeen jabe ziran guztiak, ondasunok saldurik, orrein ordaña ekarri ta apostoluen oñetan ipinten ebelako ta lander bakotxari bear eban beste, ortik emoten yakolako. Jaunak esan eban: «Osoro ornidua izan nai badozu, zoaz, daukazuzan ondasunak saldu-ta, txiroai emoiezuz, eta osasuntegia zeruan eukiko dozu. Zatoz eta jarraitu nagizu». Jaunaren esan au osoro betetearren; txiro bizi ta txiro il zan Jaunaren jarrai joan eta zeruan ondasun andiagoak eskuratzearren, lurreko ondasunen jabe zirian askok, ondasunok saldu ta orrein ordaña apostoluei emon eutsen, oneik txiroen artean banandu egien. Ori biotza lurreko ondasunetatik askatu ta zerukoetara jasotea da; ori maitetasun andi ta beroaren egiñena da.

        Eleizearen lenego egunetako kistarrak, zintzo ta orniduak ziralako, ori aurrez egin eben; baña guztiei eskatu ezin leitekeoen gauzea da-ta, biotzetan gorrotoa baño besterik eztauken oraingo baltsazaleak, lotsarik ba'leukie, arpegia lotsaz gorritu barik aitatu be ezin leikie olakorik.

 

 

Ondasunak saldu ta orrein ordaña txiroen artean banatze ori, bearrezko ete-zan?

 

        Jaunari urragotik jarraitzearren, lurreko ondasunak txiroen artean banatze ori aolku edo konseju ona bai; baña bearrezko etzan orduan be. Orain eztan lez, orduan be bearrezkoa etzala, apostoluen egintzak, dakatzan liburu orrek, urtengo atzalburuan argiro adierazten dausku. Anani eritxon batek, bere bazterra saldu ta emazteak ekiala, aren ordañetik zerbait beretzat gorderik, enparaua ekarri ta apostoluen oñetan ipiñi eban. Simon Kepa'k esan eutsan: Anani, zeure biotz orren jabe egiten, zer dala-ta itxi dautsazu Satanas'i Jaungoikoaren guzurra sakatu nairik bazterraren ordañetik zati bat zeuretzat gorde dozu-ta? Bazter ori zeukanean, zeurea ez ete zan? Saldu ta gero be, orren ordañern eskubidea ez ete-eukan? Zegaitik bilbatu dozu, ba, iruzur ori zeure biotzean? Eztautsezu gizonai guzurra esan, Jaungoikuari baño. Anani'k nai bazterra nai onen ordaña bereak ba-ebazan eta orrein jabe irauteko eskubidea ba eukan ondasunak txiroen artean banatzea orduan be aolkua bai; baña egipide bearrezko etzala argi dago.

 

 

Geroago izan ete-da kistarren artean iñor bere burua baltsakeriaren alde agertu dauanik?

 

        Baltsakeriaren alde siñausle edo erejeak, bai, noz edo bein agertu dira; baña Eleizearen seme zintzorik, bein bez.

        Beste eretxi oker askoren artean lurreko ondasunak baltsan euki ta erabilteko egiñak zirala irakatsi eben albitar eta birruguzleak deritxoegun siñausleak. Ondasunentzako bardintza ori gizartean indarrez sartu bear zala-ta, astakeri ta gaiztakeri asko egin ebezan batzuk eta besteak; baña gizarteari kalte egitea baño besterik ez eben lortu ta kalte orrein gomuta iguingarria baño besterik ez dabe itxi.

        Moro'tar Toma'ren Utopi edo Amesa (1516), Kanpanilla'ren Eguzki-Uria (1637), Morely'ren Izate-Araudia (1755) deritxoen idaztiak, baltsakeria irakasteko baño ames bitxiz gizonai jolasbide emoteko egiñak obeto dirudie. Ameslariok alde bateraa itxi ezkero, gaur zabal dabiltzan gizartekeri ta baltsakeria oraintsuko asmakizunak dira.

 

aurrekoa hurrengoa