www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XI
MARX'EN ASMAKETAK

 

 

Gizartekeri jakintza usaindun oñarria ipinteko, ze gauza barri asmau ete-eban Marx'ek?

 

        Edozein gauzak —ziñoan Marx'ek— aldin edo balio bi ditu: dana dalako gauza orrek erabilteko daukan balioa, ta beste zerbaiten ordez truketako nai diru-ordez saltzeko daukana. Balio orrei erderaz valor en uso ta valor en cambio deritxoe. Eta balio oneik, zer dira? Gauzea berenez zetarako egiña dan eta aretarakoxe daukan egokitasuna: esaterako, soñekoak gorputza estaldu ta janzteko daukan berezko egokitasuna, valor en uso orixe da; baña soleko orren jabeak, bere gorputza janzteko erabili barik, bearregoa dauan beste gauza baten ordez trukau nai saldu be egin leike, eta soñekoak onetarako daukan balioari valor en cambio deritxoe.

 

 

Baña gauza bakotxak balio biok ba'daukazala, ez ete da, ba, egia?

 

        Egia ete-dan ba! Egi argi ta garbia dalako iñongo gizasemek egundo ukatu dauanik eztot uste. Aristoteles ezta atzo goizeko gizona eta gauzen balio biok antxiña ta beñola aitatu, zenbakeu ta berezi ebazan Aristoteles'ek. Adibidetzat oski edo oñetakoak aitatu ebazan: oñak babestu ta berotzeko balio dabe eta beste zerbaiten ordez truketako be bai.

 

 

Gauzen balio bikoitz ori antxiñatik ezauna izan ba-da, ze gauza barri asmau eban Marx'ek sozialismoari jakintza-usañeko oñarriak ipiñi nairik?

 

        Marx'en asmakuntzea orain arte esan doguna baño besterik zan. Jaun onen eretxiz, gauzak erabilteko dauken balioa, valor en uso, berezko dabe; beste batzuen ordez truketako nai diru-ordez saltzeko daukena ta valor en cambio deritxoguna, ostera, guztiz eta osoro langillearen lanetik eta ortik bakarrik ei-datorkie. Onelan eskuz egindako ta salgei dagozan gauzen balioaren neurri bakarra, langilleak gauza orreik egiteko erabilli ta sautu bear izan dauan lan-indarra ei-da. Neurri bakarra ori izan ezkero —zetan esan bez— egindako gauza bakotxak, langilleak or sartu dauan lanak beste balio dauko, ez geiago, ez gitxiago.

        Ori esaten errezago da, onegiten baño. Ori orrelan dala erakutsi nairik, esan edo idatzi eban Marx'ek: Sarritan alkarren antzik apurrik be eztauken gauzak truketako, balioan gitxi gora-bera bardiñak izan bear dabe, trukeaz galdu nai dauanik eztago-ta.

        Orain ba: alkarren antzik eztauken gauzok, langilleak gauza orreitan sartu ta ezarri dauan lanean izan ezik, beste ezetan be eztira bardiñak: balioan gitxi gora-bera bardiñak dira: augaitik gauzai truketako nai saltzeko dauken balioa, langillearen lanetik datorkiela autortu bear da.

 

 

Marx'en esanok, egiak ete-dira?

 

        Egia erakusteko maltzurkeri ta azerikeririk ezta bear: olakorik darabillenak, geienez, egia estaldu ta guzurra egitzat saldu nai leukela darakus, Marx'en asmakuntzok maltzurkeri garbiak eta guzur biribillak baño besterik eztira. Gauzen balioa neurtzeko, langillearen lana aintzat artu bear da. Orretan ba gagoz; baña langillearen lana baño besterik aintzat eztala artu bear diñoana, ori burutik ondo eztako. Ikusi daigun.

        Lugin edo nekazari batek mendi aldapeko lur, idor, elkor eta erdi-antzuan, lur ori lantzeko alak eta lerrak egin ta gero, gari arloa erein dau. Zoriontsuago izan dan beste batek, askozaz be lan gitxiagogaz, lur mami, apatz eta gantzatsuan lenengo arek lango biko gariarloa. Artu dauan larimiña edo anega gari bakotxean lenengo nekazariak bigarrenak baño birritan be lan-indar geiago sartu dauala-ta, aren larimin-gari bakotxak birritan geiago balioko ete-dau? Birritan geiago eskatu ezin leikenik eztiñogu; baña, emon nok?

        Bear bada aren garia beste onena baizen ona izan be ezta-ta birritan be lan geiago egin arren, beste onek baño merkeago saldu bear izango leuke. Gauzak truketako nai saltzeko dauken balioaren neurri bakarra, langilleak orretarako erabilli ta sautu dauan lan-indarra ba'litz, Marx'ek ziñoanez, lan geiagogaz egin dan gauzeak geiago balioko leuke; baña ori geienez orrelan eztala agirian dago. Masti jabeak ardao zarra ta barria eukiteko egin dauan lana osoro bardiña ba'litz be, ardao zarrak, luzaroago ardantegian egon dalako beste barik, ardao barriak baño geiago balio izaten dau.

        Langille trebe ta antzetsuak aldi laburragoan lan andi ta ederragoa egin daike langille trakets eta ongatxak aldi luzeagoan baño. Ori egia dala edonok daki: Marx'ek be ba ekian eta azalera etorkion guzurra estaldu nairik, beste asmaketa batear jo eban Marx'ek.

 

 

Marx'en asmaketa barri au, zein ete-da?

 

        Eskuz egindako gauzen balioa, langilleak orretan sartu dauan lanetik dator; baña balio orren neurritzat —gañeratu eban Marx'ek— ezta artu bear langille bakotxaren lana, salgai dagoan gauza ori egiteko, nai ta ezkoa, dan gizarte-lan ertain edo erdikoa baño. Eta gizarte lan ertain ori, zein ete-da? Langilleak esku artean darabillan gaia ta lantegia zelakoak diran, langillea bera nor dan gomutau ezkero, edozein gauza egiteko bear dana, luze edo laburragoa izn daitekela argiro ikusten da. Lanik luzeena ta laburrena alkarrekin batu, lopurua erdibitu ta gizarte-lan ertaña orixe dozu.

        Esaterako: langille trebeak lan orduan ondo egin daiken lanerako, beargin traketsak zortzi bear da'ditu, gizarte-lan ertaña, sei orduko lana da. Gauzak truketako nai diru-ordez saltzeko dauken balioaren iturri bakarra, orixe gizarte-lan ertain ori zala irakatsi eban Marx'ek: baña ori ezta egia, urrik emon be. Gauzea egiteko erabilli ta sautu bear dan lan-indarra gauza orren balioa neurtzeko aintzat artu bear dala len esan dogu ta orain barriro diñogu; baña ori bakarrik, ezelan be ez.

        Egindako gauz ori gizonentzat bearrekoa nai onratsua dan ala eztan be kontuan artu bear da. Egiz bearrekoa ta onuratsua izatea be ezta beti naiko, gauzeari balio geiago emoteko. Ura ta eguratsa bearrak eta onura andikoak doguz; baña ugari be ugari dagozalako, urak eta eguratsak nai saltzeko nai beste gauza baten ordez truketako balio gitxi dauke. Au dala-ta, gauzea ugari ala urri dagoan be aintzat artzekoa da, orren balioa neurtu al izateko. Arribitxiak urreak baño geiago balio dabe; urreak zidarrak baño geiago, zidarrak burdiñak baño geiago. ZErgaitik? Ederragoak diralako? Baleiteke; baña batez be arribitxiak urrea baño, urrea zidarra baño, zidarra burdiña baño ugariago, esakasago dagoalako.

        Gauzea salgai ta opaka askok ba-darabile ta erosleak gitxi ba-dira, geiagoko barik be gauza orren balioa jatsi egiten da, eta bestera, erosi nai dabenak asko ta opatzen dabeank gitxi ba-dira, berealaxe salneurria goruntz doa. Ori egunero dakusgun gauzea da-ta, bere senean dagoan iñok ukatu ezin leikena. Gauzen balioa neurtzeko gizarteko oiturak eta gizonen kasket-aldiak be aintzat artu bear dira. Jostunik antzetsuenak XVI mendean oitzen ziran lako soñekoa josiko ba'leu, soñeko ori apañenetarikoa ba'litz be, untzean eskegita eukiteko nai dauanen bat edi agertu ezik, erdi debalde be iñok eleuskio erosi gurako.

        Truketako aldiña edo valor en cambio deritxoena langillearen lanetik bakarrik datorrela, guzur biribilla da. Marx'ek guzur ori egin eban bere irakaspen guztien oñarri, eta oñarri oker eta txarra ipiñi ebalako, ondoren oker eta txarrak atera ebazan, urrengoan ikusiko dogunez.

 

aurrekoa hurrengoa