www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XIII
KARL MARX'EN IRAGARPENAK

 

        Esku lanez egindako gauzak truketako nai diru-ordez saltzeko dauken aldin edo balioa, langilleak orritan sartu eta ezarri bear izan dauan gizarte lan ertañarena bestekoa da, ez andiagoa, ez txikiagoa. Marx'ek bere irakaspenen oñarritzat orixe ipiñi ebala bein eta birritan esan dogu.

 

 

Marx'ek ortik atara ebazan ondorenak eta egin ebazan iragarpenak, zeintzuk dira?

 

        Salneurri gain edo plus valía guztiak —ziñoan Marx'ek— ugazabak malmuzkeriz eskuratzen dabez. Onelan egunerik egunera aberatsago egiten dira, eta domukeria, kapitalismoa, da munduan nagusi. Dirua parra parra irabaziaz, ugazabak ola ta lantegi barriak errez egiten dabez: lantegi orreitan gero baño gero langille geiago darabillez. Langlle geiago ta ugazabak eskuratzen dabezan salneurri gañok be geiago. Ugazabak langilleai damotsen alogera txikiago ta aen irabazpidea, aundiago. Emakume ta mutikoak lantegietan sartuaz be, ugazabak salneurri-gañak goratu ta ugaritu egiten dabez, eta onelan baztarrak guztiak irabazi ta eskuratzeko bidea daroe.

 

 

Onen ondorenak zeintzuk izago ete-dira?

 

        Ugazaben joko txar onek ondoren izugarriak ekarriko ditu, Marx'en eretxiz. Domu txiki guztiak iruntsi ta lurreko ondasun guztien jabe domukeri andia egingo da, aldi gitxi barru. Salneurri gain guztiak gero baño gero esku gitxiagotan batuaz, domukeria izugarrian aziko dala begian aurrean dago. Domukeria aziaz, gero baño gero ola ta lantegi andiagoak izango dira: ola andiok beste enparauak, txikiagoak zearo zapalduko dabez, eta onelan domu txiki guztiak iruntsi be bai. Marx'en ustez, ibillian ibillian burrukari bi baño eztira geldituko: domukeri andia ta langille aldra izugarria. Domukeria andiago ta domudunak gitxiago —diño Marx'ek—, ondasunak urrengorik-urrengora esku gitxiagotan batuaz joango dira ta: beste aldetik, domukeriak langilleen odola edanago ta munduan txiro edo pobreak ugariago.

 

 

Orduan zer jazoko ete-da?

 

        Marx'en ustez, egundo munduan ezautu eztan besteko ondamena. Bere burua igarle etsirik, Marx'ek iragarpenak egin ebazan: lurreko ondasun guztiak adu oneko aberats gitxi batzuen eskuetan batuko dira, ta mundu edo gizadia gero baño gero txiro, lander edo pobreagoa izango da. Marx'en iragarpenok egin ebazanetik ona, ainbat urte igaro ta igazi dira; baña arek iragarri ebanik ezta jazo. Marx'en iragarpenok egiak izan ba'lira, lurreko ondasunok esku gitxitan batze ori egin zan onezkero, ta aberats okitu bakanok izan ezik, enparau guztiok langille txiro ta arlote baño besterik ezkintzakez izango. Ori orrelan eztala edonok daki.

        Domukeria, bai, azi ta geitua da, ta beste iñon baño geiago Ipar-Amerikako Laterri-batzan; baña ain zuzen be domukeria beste iñon baño geiago azi dan erri aretan, domu txikia be beste iñon baño ugariago dago ta erriaren bizibide-mallea beste iñon baño gorago. Ola ta lantegi andiak ipiñi ta erabilteko bear dan domutzea, sakel askotako dirua izan oi da-ta, irabaziak be askoren eskuetara doaz. Onezaz gañera, ola andien jabeak askotzak irabazten dabezanean, lantegi txikiagoen ugazabak be biziteko lagin baño geiago irabazi daroela, orain arteko jazoerak argiro diñoskue.

        Beste gauza batzuetan lez, onetan be Max igarle ustela izan da. Ori ta guzti be, gizon txepetx batzuek Marx zalako ori igarle anditzat dauke. Oraindik sei illabete eztirala Aldama deritxon batek Sozialistan'n esaten eutsen gure baserritarrai: «Gure baserritarrak akulua erabilten ezeze, besterik be ikasi dabe: Marx igarle andiaren abotsa ta deia entzuteko aldia etorri yakela uste dabe». Gure baserritarrak Aldama nor dan bai-edo dakie: Marx nor izan zan, bear ba-da iñoz eztabe entzun. Jaun onek arrezkero besterik be esan dau; maizterrak, errentadoreak, legez eta bidez bakotxa bere etxaldearen jabe izatearo ondo deritxola adierazo dau, Katalunya'ko Rabassairez'i zorionak bialduaz. au, ziñez, Marx'en irakaspenen aurka dago-ta, Aldama jaunaren asmuak zeintzuk diran jakin be eztakigu. Marx'en iragarpenok origaitik azaldu dodaz, sozialistak ainbeste bidar aitatzen daben buru ta maixu au igarle txarra ta guzur-zalea izan zala baserritarrak be jakin dagien.

        Ola-jaun, lantegi-jabe ta salerosle aberatsok, alkarri, zein geiaoka, egingo dautsen guda ta burrukeaz —diño Marx'ek— gitxituaz joango dira ta azkenerako amar-amabi baño geiago eztira izango. Lurreko ondasun guztiak euren eskuetan batu dabezan aberats okituok ain gitxi izango diran ezkero, zer kostako yake langilleai aberats orrei daukean kentzea? Zer, aberatsok ankaz-gora jaurti ta billosik iztea? Onelan domukeria —diño Marx'ek— sagar eldua lez, bere astunez jausiko da lurrera.

 

 

Eta orduan zer?

 

        Orduan langilleen agintaritza, obeto esteko, langilleen nauskeria etorriko da: langilleak estaduaren jabe egingo dira ta aberaskume guztiai buztarria ezarriko dautse. Orain arte —ziñoan Marx'ek— domudun aberatsen alde egon dan esatadua, langilleen zapaltzalle izan da. Esatdua gero be zapaltzalle, langilleen alde.

        Ori lortu al izateko, gudua bear zala-ta, Marx'ek langilleai gudu zantzoa jaurti eutsen; gizarteko mallak eratsi ta bardintzeko, eten bako burrukea bear zala-ta, Marx'ek langilleai eten bako burrukara dei-egin eutsen, esanaz: domudunok lapur andi batzuk dira: erri leunari, langilleai, sarritan egindako lapurreten bidez, geldika-geldika, ondasun andi andiak batu dabez. Lapur orrei batu dabezan ondasunok kendu ta orren jabe dan gizarteari biurtzea, zeregin errez eta laburragoa izango da. Eta egin bear dana orixe da —ziñoan Marx'ek.

 

 

Eta ori, zelan egin daiteke?

 

        Ori ondo egiteko eta domukeria gizartetik bein-betiko kentzeko, bide bat baño eztago, Marx'en eretxiz. Gizon bakotxari ezeren jabe izateko eskubidea errotik ebagi, ta edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztien jabe estadua egiñaz, asmu ori lortuta dago: orrelan domukeriak ezingo dau egundo bururik jaso, ta lurreko ondasun guztien jabe langilleak izango dira. Marx'en esan au sozialistak ao-miñean erabilli oi dabe; baña guzur biribilla da. Estadua gauza guztien jabe egin ezkero, eskubide ta aukera guztiak agintari ta onein ordekoenak dira: eginbear, neke ta len guztiak, enparauenak: agintari ta enepleauak ugazaba andi, enparai guztiak orrein morroi txiki. Estadua aberats, gizon bakotxa txiro ta arlote. Estadua baño biotz gitxiagoko ugazabarik ezta ezautu: onen morroi izatera letorkezan langillen errukarri.

 

aurrekoa hurrengoa