www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

I
GIZARTEKERIA, BALTSAKERIA TA ABAR

 

        Gizaseme asko buru-ariñak gara. Gauzea zer eta zelan dan jakin barik, barriketan ekiteko ekandu txarra daukagu. Kristiñau-Ikasbideko liburutxua be eztakien babalasto askok, erlejiñoko gauzetan euren buruak maixu andi egiten dabez; Salomon'ek baño be geiago dakiela uste izaten dabe, ta guzur ta abar barriketa utsean diardue. Iñon diran tentelkeriak esaten dabez: ori ta guzti be, gizona okerrerako makur dagoalako-edo, askok siñestu egiten dautse.

        Barrena ardaoz berotu ezkero, sozialismoa zer dan eztakien asko be Viva Rusia! deadarrez ibilten dira. Gure baserritarrak egia egitzat, guzurra guzurtzat eta zorakeria zorakeritzat euki dagien, sozialismoa zer dan eta nora garoazan albait laburren azalduko dot.

        Benetako sozialista ta katoliku batera iñor be ezin izan daitekela esan dausku Aita Santuak. Ori zegaitik dan aitu edo ulertu al izateko, sozialismoa zer dan jakin bear dogu.

        Eta lenengo ta bein, sozialismo euskeraz zelan esan ete-geike? Nire eretxiz, sozialismoari euskeraz «gizartekeria» eretxi gegikeo. izan be, erderazko «sociedad» euskeraz «gizartea» da. Sozialistak ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztien jabe gizartea egin nai dabe: gizonok geure gauzetan daukagun jabetasuna, bakotxari kendu ta gizarteari emon nai dautse: gizon bakotxa kapustu ta gizartea aberastu nai ei-dabe: baña ori egitea —geroago esango dogunez— gizon bakotxentzat ezeze gizartearentzat be kaltegarri izango litzake. Beste aldetik edozelako egite txar eta kaltegarriak keri atzizkiaz adierazten doguz euskaldunok: nagikeri, ordikeri, ustelkeri ta abar: beraz sozialismoak lurreko ondasun guztien jabe gizartea egin nai daualako eta ori gizatean bizi garean gizonentzat kaltegarri izango litzakelako, sozialismoari euskeraz «gizartekeria» eretxi gegikeo.

        Ogasun ekarkor guztien jabe, lurralde bakotxean, bertoko gizabatza egin nai leukie komunistak. Oraingo estaduok baño gizabatza txikiagoetan bazkide bakotxak guztientzat eta guztiak bakotxarentzat lan-egiñaz, gizasene oro baltsan bizitea, gauzarik zuzen eta bidezkoentzat dauke. Onein eretxiz baltsan lan-egitera ta baltsan bizitera jo bear da, gizartera zoriona ekarteko: ori dala-ta komunismoa euskeraz baltsakeri-izenaz adierazo geike.

        Gizartekeri ta baltsakeriak bide bat eta bardiña eztaroe; baña baltsakeri ta gizartekeri osoa, euren asmu ta elburuetan alkarren antzekoak dira. Estadu andiak nai leukiez sozialistak; diñoenez, gizabatza txikiagoak, komunistak; baña orretan be izanez baño izen utsez alkargandik urrunago dagozala deritxat, Errusi'ko komunistak edonogo sozialistak baizen nauskeri eta estadu andi-zale agertu dira-ta.

        Gizartekeria gauza on eta txalogarritzat dauken askok zer dan eta nora daroakezan ba ete-dakie? Daukanari kendu ta eztaukanari emotea, gizartekeri edo sozialismoa orixe dala uste dabe askok; baña gizartekeria ori baño besterik da-ta, eztago olako masti-atxurrik.

        Patakon, aldi bateko lapur ospetsuak be, eukanari kendu ta ez eukanari emoten ba-ekiela bein baño sarriago entzun dogu: Patakon lapur eta lapurren buru izan zala bai; baña sozialisten buru izan zanik egundo eztogu entzun. Eta izan be, daukanai, ba-daukala-ta beste barik, berea kentzea, Patakon'en egunetan eta arrezkero be, lapurretea izan da beti.

        Sozialistak, euren buruak barik, aurrekoak daukez lapurtzat. «Ogasunen jabe orain diran ugazaba ta jaunok, lotsa gitxiko lapurrak ei dira-ta, ogasunok orrei kenduaz, benetako jabeari, gizarteari, biurtu bear ei yakoz». Ugazaben artean lapurrik izan eztanik eneuke esango; baña guztiak lapur izan dirala esateko be zeuntzun eta lotsa gitxi bear dira.

 

aurrekoa hurrengoa