www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

VI
GIZARTEKERI EDO SOZIALISMOAK ASPALDIAN INDAR ANDIA ARTU DAU: ORREN ERRUA NORENA ETE-DA?

 

        Aurrerago azaldu dogun ondasunetzazko bakoizkeriak (erderaz individualismo económico deritxoenak): gizartekeria batez be orrexek ekarri dau. Urte batzuen buruan zugatz andia egin da, eta bere beso ta adarrak alde guztietara zabaldu ditu. Gaur egunean sozialismoak gizartean daukan indarra be, ondasunetzazko bakoizkeri orrek emon dautso berariz eta batez be. Egia latza, garratza ta margatza dalako-edo, ugazaba aberatsak olakorik entzun be eztabe nai. Ori aitatzen yakeneneko, buztanean zapalduriko sugea lez, asarre ta amurruz jagiten dira ta berariz eurena dan erru ori, iñori ezarri ta egotzi nai leuskioe.

        Jaun andi onein eretxiz, gizartekeriak ainbeste indar artzearen errua Eleizak eta eleiz-gizonak dauke. Langille txiro ta beartsuei eleiz-gizonak egoarri ta eroapena irakatsi bear ei-eutsezan. Ez ei-dautsez irakatsi, ta langille beartsuak ugazaben aurka orixegaitik jagi ei-dira. Jaun oneik eurak ondo ibiltearren, enparauak egoarri ta eroapen andikoak izatea nai leukie; baña gosez edo erdi gosez dabillan langilleari eroapena, nok irakatsi? Ezta zeregin erreza.

        Ugazaba aberatsai langilleakin zuzen, errukior eta eskuzabalak izan bear dabela irakastea, beste ori baño errezagoa dala dirudi. Langille beartsuei eroapena irakatsi dautsen Eleizeak, ugazabai euren langilleakin zuzenak eta eskuzabalak izan bear dabela irakatsi dautse; baña errezago dan ori ugazaba askok eztabe ikasi. «Luzaroan be —diño XI'gn Pi Aita Santuak— domu edo kapitalak onura larregi lortu dau. Etekin eta irabazi guztia domuak beretzat eskatu dau, ta langilleari beronen indarrak barriztau eta birregiteko lagin ozta-ozta itxi dautso. Bidegabe ori zuritzeko, auxe esaten izan da: ondasunetzazko lege aldatu ezin baten bidez domu-biltze guztia aberatsen alde zala ta langilleak, lege ori dala bide, betiko txirotasunera edo eskuarte murrixera beartuak egozala.

        Geienez mantxestertarra deritxan ondasunetzazko liberalkeri onen erara eztira gauzak beti ta toki guztietan ibilli: ori egia da;baña gizarteko ondasun-arau ta legeak orrantz jo dabela be ukatu ezin leiken gauzea da. Au dala-ta, eretxi oker, eta zimarkunkeriok gogor erazo ta jauki dabez, ez bakarrrik eretxi ta eskakizun orreikaz euren bizitzea obetzeko eskubide jator barik gelditzen ziran langilleak, baita beste askok be, ta ori arrigarri danik ezpegi iñok uste». Ugazabai euren eginbearrak XII'gn Leon Aita Santuak be argiro irakatsi eutsezan; baña gitxik baño ez ebezan ikasi. Eta euren eginbearrak ikasi ta beteteko ain nagi ibilli diranok, langilleai eroapena etxakela irakatsi ta, asarre dira. Aberatsa dala-ta, ba ete dauko iñok orretarako eskubiderik?

 

 

Ugazaba, ola-jaun, lantegi-jabe, eta garatz andiak erabilli dabezan guztiak izan ete dira errudun?

 

        Artzañak bere artaldean ardi zuri ta baltzak euki daroaz; ugazaben artean be zuri ta baltzak izan dira. au dala-ta, guztiak errudun izan diranik ezin esan geike; baña ugazaba askok, bide zuzenez nai okerrez, euren ondasunak geitu ta ugaritzea baño beste asmurik eztabe euki, ta urre-gose ori ase eziñik bidegabe asko egin dabez.

        Langilleak bere alogera baño beste etorririk eztaukala: egunero jan bear dauala atxakitzat artu-ta, ugazaba askok langilleai domeka ta jaietako lan egite ori, orixegaitik izan dala sakatu nai leuskigue ugazaba batzuk; baño ori guzur biribilla dala edonok daki. Domeka ta jaietako lan orregaz ugazabak irabazi egiten izan dabe: irabaziaren ordez galtzaia euki ba'lebe, galtzai au txikia izan arren be, langilleetzazko errukirik etzan aitatuko ta jai domeketan, premiña barik, etzan lanik egingo.

        Langilleak, asko izan bai'liran, erabilli dabez ugazaba askok. Lanik gogorrenak be ordu luzeetan egiñazoten izan dautsez, eta eurak geiago irabaztearren, langilleai albait alogerik gitxien emon. Langillen algoerak pizka bat geitzeko atxaki asko: auteskundeetan arrokeriz millaka ogerlekoak jaurti arren, ardura gitxi. Langilleai eroapena irakasteko bide ederra da ori.

        Ugaza oneik urre-goseak itsutu ditu: origaitik bakotxari berea emoten be eztabe jakin. Domu edo kapitalak, lan barik, eztakar irabazirik; lan utsak be, domu barik, ezin lei gauza andirik; irabazia, domuak eta lanak alkartuta dakarre, eta bien artean banandu bear da. irabazia zenbaterañokua izan dan begiratu ta domu edo kapitalari berea ta lanari be berea emon ba'litzako; gizarteko zuzena zeatz eta osoro bete ba'litz; errukior dirala diñoen ugazabok langilleekin esku-zabalagoak izan ba'lira, sozialismoak gaur daukan indarra ez eban artuko; baña ondasun bakoizkeria maite eben ugazabok ez egozan orretarako; langilleak eroapena galdu eben; sozialismoaren aziak indarra artzeko, gizartea ondo landuta egoan; azi erellea agertu zan eta Marx'en eskuz ereindako aziok, langille askoren biotzetan erne dira. Ugazaba aberats askok errudun diranik eztabe autortu gura; negargarriena orixe da, orrelan osabiderik eztago-ta.

 

aurrekoa hurrengoa