www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

X
GIZARTEKERI EDO SOZIALISMOAREN BURASO TA IRAKASLE NAGUSI KARL MARX

 

 

Gizartekeri edo sozialismoaren buraso ta irakasle nor?

 

        Igazitako gizaldian sozialismoak irakasle asko ta margo askotakoak izan ditu; baña gaur egunean ango ta emengo gizabatzetan ondo errotuta dakusgun gizartekeriaren buraso ta irakasle nagosi Karl Marx izan da. Onen adiskide mami-kutuna zan F Engels'ek be ez eban egin lan gitxi: egiteko guztietan zintzoro lagundu eutsan Marx'eri eta onen «Domua»ren bigarren atala be Engels'ek emon eban argitara; baña Marx'ek besteko izen, ospe ta entzuterik eztau lortu. Euren buruei ortodoxos edo aburu zuzenekoak deritxoen edonongo sozialistak, Marx'en jarraitzalleak dira ta euren buraso ta maixu naustizat doixtar ospetsu ori dauke.

        Gizartekeriari jakintza-usaindun oñarriak ipiñi nai izan eutsazan Marx'ek Domua (El Capital) deritxan bere liburuan batez be. Egia esateko, jakintza-usaña baño gaikeri-atsa, (materialismo-atsa) ugariago darioe jaun orren liburuei. Marx'en aldian, Alemani'ko ikastetxe askotan beintzat, gaikeri edo materialismoa aurrez irakatsi oi zan, ori gizonarentzat aurrerapide andia ba'litzan lez.

 

 

Gaikeri ori, zer ete-da?

 

        Guk, gizonok, edozer gauza egiteko, gaia bear izaten dogu: buztargiñak, buztarrigaia: maia egin nai dauan arotzak, zura edo ola, ormea egin nai dauan argiñak, arria eta abar. Edozer egiteko bearrezkoak doguzan gaiok, soña edo gorputza euki daroe beti, guk gizonok soin bako gairik eskuartean erabilten be eztakigu-ta. Gaikeria irakatsi dabenen eretxiz, soin bako izakirik bat-egiñik be eztago munduan, ez goian ez beian. Munduan dan guztia, gaikia ei-da, berengotik asi ta gorengoraño, ta azke dan gogorik iñongo iñon ez ei-dago.

        Emen geure barrenean daroagun eta arimea deritxogun izaki au, soña edo gorputza baizen gaikia ei da. Gibelak beaztuna berez dakarren lez, garunak be gogaia alantxe ei dakarre, ta gogai edo pentsamentua azaltzeko, gaikia eztan gogo bearrik ez ai-dago. Olakoxe gauzak ikasi ebazan Marx'ek bere gaztezaroan.

        Diran guztiak gaikiak ba'lira, gizona azke edo libre dala esatena, ames utsa baño besterik ez litzake: gizona bere eginkizunetan azke izan ezik, ostera, gizarteak eroan dauan baño beste biderik eroan egikeala: bide baten ordez bestea artzea, ori gizonak euren eskuan euki dabela esatea be, zorakeri garbia baño ez litzake. Gaikia deritxogun mundu onetan, ortze ta lurreko gauza guztiak aldatu ezindako legepean dagoz eta indar itsuak darabillez.

        Gaikeri-zaleen eretxiz, gizartea be olantxe, indar itsuak, lege aldaeziñak darabille: au dala-ta. aize txistulariak ekatxa sortu daroienez, olantxe gizartean be aldi batek urrengoa bere ondarrez sortu ei daroa eta dan lez baño ezin izan ei-daiteke. Gaikeriaren alde dagozan sasi-jakitunak ori diñoe. Onein eretxiz, mundua ta bertoko gauza guztiak eta bakotxa, soin-gaiaren nai ta naiezko aldaketak baño besterik eztira: onelan mundu onek, berau eztan eta Jaun eta Jabe lez, legepian ipiñi dauan Egillerik ez ei-dauko, ta gizonak aukeramen eta azkatasunik be ez. Marx'en eretxia be orixe zan.

 

 

Eta gizadiaren edesti edo istoria, zelan ulertu eban Marx'ek?

 

        Gaikeri ori, guzur biribilla dan gaikeri ori oñarritzat artuta, gizadiaren lengo ta oraingo edesti edo istoria olantxe ulertu ta azaldu eban sozialismoaren buraso ta irakasle nagusi dan Karl Marx'ek. Onen eretxiz gizarteak igikun eta zirkiñik txikienik be eztau egundo egin, lurreko ondasunen bat irabaztearren izan ezik. Itxasoko uin edo olatuak ekatxaren indarrak darabiltzan lez, gizartea be olantxe bere igikun, lorratz, eta atzera-aurrera guztietan lurreko ondasunak, eta oneik bakarrik, erabilli ei-dabe. Ondasun orreitatik bat-edo bat irabaztearren izan ezik, iñongo gizasemek ez ei-dau egundo ezer egin.

        Marx'en eretxi au guzur garbia dala edonok daki. Ezpabe esan: Seme gexokia; geroago be buruko miñak baño besterik eztautsala ekarriko jakin arren, seme gexokia albait ondoen zaintzeko neke andiak artu ta gabak galtzen dituan ama laztana zek igitu dau? Zek darabil? Lurreko ondasunek ez beintzat. Ezetariko izenik, ospe ta entzuterik billatu baga, aberriaren alde bizia gogoz emon daben abertzaleak, lurreko zein ondasunek igitu ta erabilli ete ditu? Lurrerako irabazte barik, aurrekoai on eta mesede egitearren neke latzak artu ta bizia galdu daben gizasemeak, ainbat izan dira-ta, Marx'en eretxi ori guzurra dala autortu bear.

 

 

Marx'en eretxi orreik goartu ala eratsi egiten ete-dabe gizona?

 

        Marx'en eretxiok abereen mallara erasten dabe gizona. Gizonaren gogo ta biotza igitu daukezan zio bikañagorik ezpai'legoan, sakela ta askea ipiñi eutsozan gizonari begien aurrean sozialismoaren buruzagiak. Sakelak eta askeak gizaseme asko be asko erabilli ditu. Ori egia da; baña gizona igitu ta erabilteko, orrek baño zio bikañagorik eztagoala uste izatea, ori, ziñez, gizona abere uts egitea beste da. Eta izan be, euren egitekoetan sakela ta askea baño beste ziorik erakutsi eztabenak, gizonik txatxarrenak izan dira. Gizona dan gizonarentzat askea baño gauza bikain eta goragokorik ba dagoala-ta, Bernstein, Mac Donald, De los Rios eta beste batzuk, sozialistak izan arren be, Marx'en esakun eta eretxi okerrok, txartxak emon dabez. Bai bear de!

 

aurrekoa hurrengoa