www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXI
GIZARTEKERIA TA UGAZABA BARRIAK

 

        Jango dozun ogia zeure arpegiko izerdiz irabazi bearko dozu —esan eutson Jaunak lenengo gizonari—. Egaztija egaz egiteko ta gizona lanerako jaio da —diñosku Job deunaren aoz—. Geldi dagoan ura usteldu ta xomorroz beteten dan antzera, gizon alper eta nagiaren gogoa be usteldu ta griña txar askoren abi ta bizitoki egiten da. Nagikeria oitura, ekandu txar askoren ama da-ta, zetan edo atan, bakotxak bere sallean, gizon guztiok lan-egin bear geuke.

        Sozialistak be orixe nai dabela diñoe: gizon guztiak, langille. Etxagunik iñor bez, guziak maizter: ugazabarik bat egiña baño ez, enparau guztiak beargin.

 

 

Gizartekeriaren irakasleak diñoen ori, egia ete-da?

 

        Gizon askok biziko ba-dira, nai ta ez lan egin bear dabe ta lan egin arren be, arrastaka baño ezin dira bizi: beste asko, ostera, iñoren lanak dakartsen mozkiñez, bape neke barik, odo baño obeto bizi dira. Ori txarto dago —diñoe sozialisten buru egiten diranok—. Ondo dagoanik be eztiñogu, zetan edo atan guztiok lan egin bear geuke-ta; baña ori txarto dagoala diñoenok, beste ezer baño lenago orixe egiten ikasten dabe. Guza bat irakatsi ta beste bat egin, ori be eztago ondo.

        Orain gizartekeriaren irakasle ta langilleen buru diran orreik —geienok beintzat—, lenago langille ziran: bata, irarle, bestea zuritzalle, urrengoa ogigin edo olako zerbait; baña gizartekeria irakasten asi ta laster, jauntxu egin ziran eta arrezkero langilleen lepotik polito bizi dira. Aberats egin diranak be eztira gitxi. Beste askok be orixe egiten dabela-ta, orain orixe baño beste biderik eztaukela diñoe; baña gero, gizartekeria nausitu daitenean, besterik izango ei da. Orduan ugezaba bakarra ta enparau guztiak bardintasun osoko langille izango ei-dira.

 

 

Soziaistak diñoen ori siñesgarri ete-da?

 

        Langille asko atxipetu dauzan guzur biribilla da sozialisten buruak diñauskuen ori. Gizartekeria nausitu ezkero, estadua izango ei-da ugazaba bakarra; egin bear diran lanak eta onek dakartzan ogasunak estaduak banatuko ei-ditu; baña estaduak berenez ezer egiten eztaki; ezer egitekotan buru ta egintariak nai ta ezkoak ditu. Agintariak be arazo guztietara ezin eldu leitekez-ta, jaurle ta ordezkoak enpleau ta morroiak, norezkoak dabez. Gaur egunean estaduak zeregin gitxiago euki arren, zenbat ordezko, zenbat enpleau eztitu bear? Ogasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztien jabe ta ugazaba bakarra egingo ba'litz; lanak banatzeko, lanak dakarrena saltzeko, lantegiak oñean eukiteko, langilleai alogera emoteko ardurea bere gain artuko ba'leu estaduak, zenbat ordezko, zenbat enpleau eleukez bear izango?

        Agintari ta enpleauek izango litzakez zuzentzalle, enparau guztiak langille; aek ugazaba, enparauak alogereko; aek nagusi ta jabe, azparauak jopu ta morroi. Gauza guztien ugazaba estadua egingo ba'litz; lenago aitatu doguzan ardura guztiok bere gain artuko ba'litu, biztanleetatik lauren bat gitxienez agintari, jaurle, ordezko ta enpleau izango litzakez eta enparauak orrein agintzapean lanari ekin bearko leuskioe. Eta orra or enda bitako gizonak. batzuk lana agintzeko; besteak, ostera, aek agindutako lanak egiteko. Sozialistak ekarri nai dauskuen estadu ori erlauntzaren antzekoa izango litzakela diñoe batzuk: nik, askozaz txarragotzat daukat. Erlauntz bakotxean, erregiñez gañera, mota bitako erleak dagoz: langilleak, eta nagiak. Erle-langilleak eztira ez arrak ez emeak; baña erlekumea ateraten, orri jaten emoten eta gero eztigiñen aspertzeka, zoli ta bizkor ekiten dautse lanari. Erle nagiak arrak dira ta eztirik egiten eztakie. Eztirik egin ez, baña langilleak egindakoa jan bai; orretan mutillak dira.

        Sozialistak ekarri nai dauskuen estadun barrian, erle nagien ideko egintari, jaurle ta onein ordezko enpleauak izango litzakez: lanik eleukie egingo, besteai egiñazo baño, ta erle nagien antzera, langileenlepotik biziko litzakez. Orretan sozialisten estadua eralauntzaren antzekoa izango litzateke; baña sozialisten estadu ori askozaz be txarragotzat daukadala esan dot eta au be egia da.

        Erle nagiok be erlauntzean bizi oi dira udagueneraño; baña bein orra ezkero, erlauntzean nagi orreintzat bizitokirik eztago. Erlauntza eztiz bete daben erle langlleak, jaten baño eztakien nagirik eztabe nai etxean euki, ta udagunenean erlauntzetik jaurti egiten dabez, eta urten nai ezpa-dabe, izpia edo eztena sartu ta il. Sozialisten estaduan, erle nagien ideko diran agintari ta onein ordeko enpleauak, nok jaurti al izango leukez? Erle nagiak eztenik eztauke, langilleak bai ostera. Oneik eztendunak diralako, nagiok errez zapuztu daroez eta bizirik edo illik erlauntzetik kanpora jaurtiten dabez; baña sozialistak ekarri nai dauskuen estadu bitxi orretan, agintari ta enpleauen alde legokez eta negu gorria nai gosetea etorri arren be, eurak beti nagusi.

        Bein agintaritzan jarri ezkero, nok kendu? Euren tokietatik, nok jaurti? Egiñen gatxa be gatxa izango litzake ori. Errusi'n jazoten danak, begiak idekiazo bear leuskioez langille guztiei. An erlemandoak dira aspaldian be nagusi ta iñok ezin ditu kendu. Enparauak langille dira ta eurentzat baño lenago arentzat lanegin bearrean dagoz. Sozialsten estaduan agintari ta enpleauak erlauntzean erle nagiak baño obeto: gizon beargiñak, ostera, erle langilelak baño askoz be txarrago.

 

aurrekoa hurrengoa