www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
GIZARTEKERIA ZER DAN

 

 

Gizartekeri edo sozialismoa zer ete-da?

 

        Itaun oni itz gitxitan erantzutea ez da eginkizun erreza. Gizartekeri-zaleak euren eretxietan batera ba'lebiltz, orrein irakaskintzen muga ta litsak bardiñak ba'lira, gizartekeria zer dan itz gitxitan be azaldu al izango geuke; baña gizarte-eraketa orren alde dagozanak, margo askotako arrañak dira; ur gazikoak asko; ur eztikoak be ez gitxi; bakotxak bere eretxien erara igiri egiten daki; batzuk sakonagotik, besteak azalegotik dabiltz, eta guztiak sare baten sartzea, egiñen gatxa baño be gatxagoa da.

 

 

Gizartekeriaren irakasleok, ezetan be ez ete-dagoz batera?

 

        Esan dodanez, gizartekeriaren irakasleok buru bezenbat aburu edo eritxi erakutsi dabez; orraitik be, batzukandik besteakna dagoan aldea, eretxien jokeran baño geiago, orrein gazi-gazan agiri da.

        Auntzak bere jokerea mendira: gizartekeriak nora?

        Gizon bakotxaren eskubideak geiago edo gitxiago moztu, eta gizabatzarenak edo estaduarenak geitu ta sendoagotzea, gizartekeriaren jokerea orixe da. Estaduak bere eskua gizarteko arazo guztietan, edo beintzat geienetan, sartu bear ei-dau, ondasunai dagokien arazoan berariz. Edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauzen jabetzea ta ondasunok gizartean banatzeko ardurea; arazo bi orreik be, geiago edo gitxiago, estaduak beragandu ta beretu egin bear ei-dauz. Gizartekeri-mueta guztien jokerea orixe da: bakotxak noraño eldu nai leuken, gero esango dogu.

 

 

Sozialista geientsuen asmu nagusiak, zeintzuk ete-dira?

 

        Lurreko ondasunak gizartean txarto bananduta dagozala-ta. beste era batera, oraingoaren antzik be eztaukan erara, banandu bear dirala diño gizartekeriak. Emengo ta ango errietan, gizartekeriak sortu dauzan asarren, burruka ta iskalbilen erro ta sustrai, ondasunen banatze barri ori izan da; baña orrezaz gañera garrantzi andiko beste gauza asko be zearo aldatu nai leikez gizartekeriak.

        Gizonok izatez bardiñak ei-gara-ta, ondasunetan be bardiñak izan bear ei-geuke. Egiz, gogo ta soña, gorputz eta arimea guztiok daukaguz; orretan bardiñak gara; baña beste gauza askotan ezkara bardiñak ez gitxiagorik be. Gizon batzuk besteak baño zoli ta bizkorragoak dira: buruan argi geiago, eskuetan antze ta indar geiago daukez, langilleago dira ta irabazietatik aurreratzen be batzuk besteak baño obeto dakie. Au dala-ta, lurreko ondasunen jauntza edo jabetzea gizonen artean bardin bananduko ba'litz be, bardintasun orrek aste betean be ezingo leuke iraun. Gizartekeri-zaleak be ori argiro dakuse, ta argiro ikusten dalako, ondasun orrein jabetzea gizon bakotxari kendu ta gizarteari emon bear yakola diñoe. Bardintasunerako bidea orixe ei-da.

        Edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztiak, gizartearenak ei-dira: orrein jabe bakarra gizartea ei-da-ta, olako zerbait eurentzakotzat daukenak; olako zerbaiten jabe lez agertzen diran gizonak, iñorena eurakandu daben lapurrak baño besterik ez ei-dira. Solo ta baso, ibai ta mendu, abere, golde ta burdi; itxaso, itxasontzi, arrantzurako potin eta sare; meatoki, ola ta lantegi, makiña ta lankiñal; naiz lugintzan, naiz arrantzuan, naiz ola-ekintzan, zerbait irabazteko bide diran gauza guztiak, oraingo jabeai kendu ta gizarteak beretu egin bear ei-ditu ta bere-bereak bai'liran, ordekoen bidez eta ondoen deritxonez erabili.

        Ondasun guztiak gizartearenak izan ezkero, gizon guztiok ondasunetan be bardiñak izango ei-gara; baña ori, ondasunetan barik, arloterian guztiok bardintzea dala edonok daki. Gizon bakotxak gizartearentzat lan-egin bearko ei-dau, ta jan, jantzi ta jolasteko bear dauana, gizarteak emongo ei-dautso. Guztiok ondo baño obeto ibilliko ei-gara: bakotxak bear dauan guztia ugari ta oparo eukiko ei-dau. Gizartekeri-zaleak ori edonon eta edonoz eskiñi ta agintzen dabe: baña agindua bat ta emona bi ta iñok emonaren begira dagonaren errukarri.

 

 

        Eta erlijiñoatzaz zer diñoe?

 

        España'n gizartekeria irakasten diarduen morroiok, maixu txikiak dira: onetan be atzerritarrak eta doixtarrak edo alemanak batez be, orreik dira irakasle nagusi: emengo maixu txikiok doixtarrak diñoena barriro esaten baño eztakie, eta sarritan, sozialismua zer dan azaldu barik, langilleen odola ugazaba ta aberatsen aurka irakiten ipinteko egokien deritxoena baño besterik esan be eztabe esaten euren itzaldietan. Alemania'ko gizartekeri-zaleak euren eretxi ta asmuak Gottha'ko programa edo egitarauan agertu ebezan: Egitarau aretan erlejiñoa gizon bakotxaren arazoa dala diñoe; baña ori siñestedun langilleak atzipetu, engañau ta eurakandutearen baño ez ebela esan argiro ikusi da.

        Gizartekeriak gizabatza ala Esatadua baño beste Jaungoikorik eztazau: onen eleizea lantegia da; amar aginduak gizonaren eskubideak; elburura, zentzunen atsegiña. Dietzgen'ek argiro diño: Gizartekriak erlejiñorik eztauko; guk erlejiñoaren ordez gizon bakotxaren argaltsauna, gizartearen menpean osoro jarriaz, sendotu ta osotu bearra daukan argaltsun orren errukia, erlejiñotzat orixe ipinten dogu. Bebel'ek, ostera, zerua aingeru ta kurloi edo torre-txorientzat izten dauala diño ta ondasunak guztienak dirala, Jaungoiko ta erlejiño bako erri-yaurgoa nai dau.

        Gizartekeria ezkontza ta sendi edo familiaren arerioa be bada. Umeak azten dagozan ama guztiak Estaduak ardura andiz zainduko ei-ditu, berariz launduko ei-dautse; bein umeai bularra kendu ezkero, barriz, ortik aurrera ume guzti-guztien ardurea be Estaduarena izango ei-da. Ori dala-ta, ez ezkontzarik ez sendirik ez-ei da bear, eta gauza zar onein gomutea be bein betiko kendu bear ei-da.

        Ona emen gizartekeri edo sozialismoaren asmurik nagusienak. Eztau nai, ez Jaungoikorik, ez zerurik, ez ezkontzarik, ez sendirik, ez jauntza edo jabetzarik. Gauza guztien jaun eta jabe gizabatza edo Esatadua ta gizon guztiok orren morroi ta jopu. Ori gauza ona ba-da, munduan gauza txarrik eztago.

 

aurrekoa hurrengoa