www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XIX
GIZARTEKERIA (SOZIALISMOA) TA GIZONAREN ESKUBIDEAK

 

        Gizasemeok adimen edo errazoiaren, buruko argiaren jabe gara, ta ain zuzen be beste abere guztiakandik, geure buruko argi orrek berezten gaitu. Gizona adimendun, errazoedun aberea da-ta, bere burua lauoñekoen mallara eratsi nai ezpa-dau, bere eginkizun guztietan buruko argi orrek diñotsanez ibilli bear dau. Ziñez, gizona gizartean bizitzeko egiña da, bere izatearen ayrkunde ta premiñak gizartera daroe-ta baña gizona gizartean odoago izateko sartzen da, ta ez motz eta marketsago izateko. Gizon bakotxak, gizartetik barik, bere izatetik datorikozan eskubide ta zuzenak daukaz, ta eskubide ta zuzenok oneto zaintzearren, eskubide orrei sendoago eustearren, orrexegaitik doa gizona gizarteko bizitzara.

        Zuzena zer dan jaungoikoaren legeak eta geure buruko argiak diñoskue: «Zeuri beste iñok egitea nai etzeukanik, besteri ez egizu egin, eta besteak zuri egitea nai zeunken ona, zuk be aei egiezu». Gure egitea guztien arau izan bear daben egi biok, geure barrenean irarrita daroaguz. Jaugoikoaren legea arau bi orrein azalpena baño besterik ez da-ta, Jaunaren legea be gure biotzetan iarrita dago, ta griña txarrak buruko argia illundu ezik, Jaunaren legeko agintza guztiak eta bakotxa geure izateari dagokiozala, argiro ikusten dogu.

        Gizon bakotxaren eginbear, eskubide ta zuzenok bere izatetik datorz; erro ta sustraitzat gizatasuna bera dauke ta, estadua baño lenagokuak dira, eta lenagokoak diralako, estaduaren gañetik dagoz. Bakotxari bera, orixe da zuzenbidea; baña bakotxari berea emoteko, gizonari, bereak dituan eskubide ta zuzenok ezautu ta emon bear yakoz.

 

 

Eta sozialistak, zer egiten dabe?

 

        Sozialistak gizonaren eskubide ta zuzenok ukatu ta zapaldu egiten dabez. Onein eretxiz —eretxi okerrez— gizon bakotxaren eskubide ta zuzen guztien iturburu bakarra, gizartea ala estadua da-ta, gizon bakotxak estaduak damotsazan eskubide ta zuzenak baño besterik eztauko. Onelan zuzenbide guztien iturburutzat dauken estadua, gizonaren jabe oso egiten dabe sozialistak eta gizona orren jopu ta morroi.

        Gizon bakotxak gizartean daukazan eskubide ta zuzen guztiak estaduak emonak ba'litu, zetan esan bez, eskubideok emon dautsazan estaduak, zearo kendu be al izango leuskioz, eta ezetariko eskubide barik, billosik itxi al izango leuke; gizona orrelan estaduaren morroi ba'litz, estaduak ondo deritxonean, gizona, errugabea dala be, urkamendira bialdu al izango leuke; estaduarentzat zama edo kargea baño eztiran gexoki ta zarrai bizia kendu al izango leuskioe, txarkeririk egin barik. Beñola kistar etziran estaduak, bein baño sarriago egin eben orrenbeste, ta txarrago dana, jakituntzat egozan gizonak be, ontzat emon eben astakeri ori.

        Sozialisten asmu ta eretxiak aurrera eroan ezkero, barriro be orraxe joko geuke ta erkalaren demokraziaren izenean astakeri galantak egiteko bidean gengokez. Sozialisten eretxi au ustela ta okerra da. Gizonak bere izatez daukazan zuzen eta eskubideak, estadua baño lenagokoak ditu —diño Eleizeak—: lenagokoak ditualako, estaduaren gañetik dagoz eta onek bidegabe andia jauki barik, ezin kendu legikeoz gizonari. Ogasun ekarkorren jabe izateko eskubidea be bere-berea ta estadua baño lenagokua dau gizonak; augaitik estaduak indarrez bai, indarrez kendu leikeo gizonari eskubide ori, baña zuzenez, egundo bez.

 

 

Sozialistak legea bein baño sarriago aitatzen dabe; legea zer dan be-ete-dakie?

 

        Legea zeri deritxogu? Errazoiagaz batera dagoan, guztien edo geienen onerako dan eta gizabatzaren arduradunak erazagutu daben agintzeari, legea orrexeri deritxogu. Gizonok, gizon izateko, geure egiñenetan buruko argiz ibilli bear dogu; gizarteko arazoak be errazoiaren indarrez atondu bear doguz, bestelan geure buruak lauoñeko abereen mallara eratsiko geukez-ta: origaitik lege izan nai dauan aginduak, nai ta ez, errazoezko izan bear dau, bestelan ezta lege, kasketaldi baño. Guztien edo beintzat geienen onerako be izan bear dau legeak, askoren lepotik gitxi batzuen ona egitea, bidegabe litzake-ta. Gizabatzaren ardurea daukenak menpekoi agintza ori erazagutu edo jakiñazo bear dautse, bete al izan dagien.

        Sozialistak onetan be uts andia egiten dabe. Onein eretxiz legeak egiteko eskubidea, estaduak baño beste iñok eztauko, ta estaduak agindu dagiana, nai zuzena nai okerra dala, nai errazoia batera nai orren aurak dagoala, legea ei-da. Ori diñoenak euren senean ete dagoz? Lege-etxean autarki edo indarrik geien daukenak agindu dagiena, indar ori asto-indarra ba'litz be, legea izango ete-litzake? Askoren kasketaldia bai izango litzake; baña legea...? Errazoi zuzenaren aurka eztago legerik; geienen onaren aurka dan agintzeak be adimendun gizonen artean, ezin euki leike indarrik. Sozialistak gizonari bere eskubide ta zuzenak moztu egiten dautsez eta legea kasketaldi biurtzen dabe. Gizarteko bizikera obatzeko, bide ederra.

 

 

Eta ugazaba ta langilleen arteko burrukea, zuzena ete-da?

 

        Bakotxaren zuzenak ostikopean dirala ta legea asoren kasketaldi baño eztala, sozialistak ekarri nai dauskuen bizikera zoriontsu orretara eltzeko, orain mallen arteko guda eta burrukea, eten bako burrukea egin bear ei-da. Burruka ori ankaz gora jaurtindako zuzena barriro zutunik ipinteko, ausitakoa osotzeko ba'litz, txarto ez letorke; baña zapaldutako zuzena, barriro zutunik eta bere indarrean ipiñi ezkero, burrukeari ekin bearrik eztago. Sozialistak, ostera, eten eta amai bako burrukea nai dabe. Zetarako? Ausitako zuzena osotzeko, barriro oñean ipinteko ete-da? Ez, orretarako ez, enparauak zapaltzeko baño.

        Burruka itsu au gorrototik dator eta asperkunde edo bengantzearen billa dabil. Baña gorrot ta asperkundeak gizarteari, ze on ekarri legikioe? Onik ezetaikorik bez eta kalterik asko. Mallen arteko burruka gogor au, sozialistak aitzen daben lez, gizarteko onaren arerioa da, ta bakotxari berea emonaz zuzena nagusi egiteko barik, ugazabak zapaltzeko asmuz egiten dan burruka onek, langilleen alde lortu leikezan obariak be sarri galerazo ta atzeratu egiten ditu.

        Gizarteko zuzenaren alde dago Eleizea. Bakotxari berea, orixe da zuzenbidea. Ogasuna ekarteko ugazabaren domua (kapitala) ta beargiñen lana alkartzen dira-ta, domuari dagokion besteko irabazia emon bear yako; baña beragiñari be onen lanari dagokion besteko lantsari edo alogera emon bear yako; bakotxari berea, nai ugazaba nai langillea dala. Zuzena estadua baño lenagokoa da-ta, agintarien gañetik dago; agintari dirala-ta, zuzena ausi ta okertzeko eskubiderik eztauke. Agintariak zuzen ori bete eragiteko ardurea bai, ori eurena dabe-ta. Erraozezko legeak emonaz, guztien eta bakotxaren eskubideak aldeztu ta jagon bear dabez.

        Orraitik be, euren eskubideak zaintzeko, aberatsak txiroak baño erreztasun geiago ta iñoren laguntzaren premiña gitxiago daukelako, estaduak txiro, langille edo alogerekoen eskubideak, berariz eta ardura geiagoz, aldeztu ta zaindu bear ditu; langille zurrai zelako edo alako ogasun ekarkorraren jabe izateko, bidea leundu ta erreztu bear dautse; goiko ta bekoak zuzenbidera ekarri, guztiak ortxe alkartu ta gizabatzaren onerako, burkide barik, lankide egin bear ditu.

 

aurrekoa hurrengoa