www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXII
GIZONA GIZARTEAREN OTSEIN ETA JOPU

 

        Gizartekeri edo sozialismoa erlijiñoaren arerio dala aurrerago esan dogu: gizonaren arerioa be ba-dala guzur andi barik esan leike. Gizona gizartean biziteko egiña da; baña gizartearentzat egiña, ezelan bez. Gizonak, banezean eta bakarrean bizita ezin lortu leikezan ainbat onura ta mesede eskuratu daikez gizartean biziaz. Ori dala-ta gizona gizarterako aier eta makur dago; irrits, edo lera ori bere-berea dau, eta gizona gizarteko bizitzara bere izatearen indarrak daroa.

 

 

Baña, zegaitik eta zetarako doa gizona gizartera?

 

        Banazean bizita, ezin bete dauzan bearrizanak, ezin lortu dauzan onurak, gizona gizartera beste ezek baño geiago orrexek daroe; baña orreik ba-daroa, gizona gizartera bere onaren billa doala, nok ukatu daike? Bere burua orniduagotu, bere bizikerea obetu ta onura edo mesede geiago eskuratzearren, gizona gizartera orixegaitik doa.

        Gizartean bizi dan gizonak, gizabatz osoaren ona al bestean egiteko gertu ta prest egon bear dau; orretan ba gagoz; baña gizabatza be bazkide guztien eta bakotxaren onerako dala iñok be ezin ukatu leike. Eta egiz, gizon bakotxak gizartean biziaz irabazi baño geiago galdu bear ba'leu, gizartean bizite ori, zetarako leuke? Gizartean sartuaz bere eskubideak galtzekotan, naiz eskubide orreik murriztuta ikustekotan, gizonak gizarten biziteko gogo andirik ezin euki leike.

        Soña ta gogoa, gorputza ta arimea gizon bakotxarenak dira: premiña edo bearrizanak eta oneik beteteak dakartzan atsegin eta zorionxuak be, gizon bakotxarenak. Gizon bakotxa alde batera itxi ezkero, gizartea zer da? Gure adiñean sortutako gogai edo irudia baño besterik ez. Eta gizon bakotxaren lepotik gogai uts orren ona egiteko, gizartea orretarako danik nok siñestu? Ez, gizon bakotxaren eta al bestean guztien ona egiteko: gizon bakotxari lurrean al besteko zoriona eta bizitza onen ostean betikoa jadesten laguntzeko, gizartea orretarakotxe da, ta orretarako ez izatekotan, gizonarentzat kaltegarri izango litzake.

        Gizartekeriaren alde dagozanen eretxiz, gizona gizartean biziteko ezeze, gizartearentzat egiña be ba da, eta gizartearentzat egiña dalako, gizon bakotxak bere burua guztiz eta osoro gizarteari eskiñi ta emon bear ei-dautso.

        Bakotxa bere aldetik ibilli barik, guztien indarrak alkartu bear ei-dira: ori egin ezkero, lan gitxiagogaz onura andiagoak eskuratu ei-leikez. Bakotxak berari dagokion sallean; baña guztiak batera ta guztiak guztientzat lanari ekin ezkero, ortik letorkezan irabazki eta ondasunak, ugari be ugariak izango ei-litzakez. Ori dala-ta, edozelako ondasun a ekarteko gai ta bide diran gauza guztien jabetzea, gizabatzak ala estaduak beragandu ta beretu egin bear ei-dau. Gero gazabari dagokionez, menpekoen artean lanak banandu; langille bakotxa bere sallean ipiñi ta guztiei guztientzat lan egiñazo. Onelan egindako lanak, ondasun eta onura izugarriak ekarriko ei-leukez, eta langille guztiak eta bakotxak, biziteko ezeze, jolasteko bear dabena be ugari izango ei-leukie.

        Amesak ames dira-ta, langille bakotxari zenbat elduko litzakeon eztakigu; baña gizrtekeri zaleak diñoen ori egia ba'litz be, gizon gaxoa gizabatzaren ala estaduaren otsein etajopu errukarri egiten dabe-ta, bere burua zerbaitetan daukan gizonak, ori ontzat ezin emon daike. Izan be, edozelako ondasuna ekarteko gai diran gauzen jabetzea kenduaz, gizartekeri edo sozialismoak gizonari bere eskubideak moztu egiten dautsaz; gizon bakotxa bere sallean ipiñi eta guztiei guztietntzat lan egiñazoaz, gizona abere bai'litzan, lanerako buztartu egiten dau eta orrelan buztartuaz, gizonari bere aukeramen, azkatasun edo libertadea be iñausi ta moztu egiten dautso: augaitik gizartekeria gizonaren arerioa dala uste dogu.

 

 

Gizon bakotxak bere lanaz irabazitakoaz, zer egin al izango ete-leuke?

 

        «Bere lanaz irabazi dauanaren jabe, bakotxa izango da; ori bere-bera izango dau eta berea dauan ori naien dauanez eralgitekoe skubidea, iñok eztautso ukatuko». —Orduan bakotxak bere lanaz, irabazi dagianetik, zati bat aurreratu al izango leuke, eta aurreratu dauan orregaz abere, solo ta ondasuna ekarteko gai diran beste gauza batzuk be erosi ta beretu al izango ete-leukez?— «Ori ez —diñoe gizartekeri zaleak—: erabiliaz sautu ta amaitzen diren gauzak bai, olakoak erosi ta beretu al izango ditu; baña ondasuna ekarri leikenik, ez: onako gauzen yabetzea gizon bakotxari ezin laketu leikeo, ori laketuaz beste barik gizartean ipiñi nai dogun bardintasuna, ankaz gora joango litzake-ta». Onelan, bai gizartekeria txiroak aberats baño aberatsak txiro egiteko asmu obea da.

 

 

Lanak banatzeko ardurea, norena?

 

        Gizartekeria nausituko ba'litz, edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztien ugazaba ta jabe bakarra, gizabatza ala estadua izango litzake; baña ugazaba aldatu arren, gauzak berez ondasunik eleukie ekarriko-ta, orduan be gizonak lan egin bearko leuke. Bakotxari bere lana, nok izentauko ete-leuskio? Gizartekerizale asko ameslari andiak dira-ta, gizartea ondo eratu ezkero, lan guztietarako langilleak berez agertuko litzatekezala uste dabe. Umeai —diñoe ameslariok— txikitatik asita, berarizko azi-ikaskuntza emongo geuskioe; bakotxak bere jas berezia zetarako daukan laster igarriko geuke; bere jasaren erako zeregiña emongo geuskio; onelan lana jolasa baizen atsegin izango litzate ta edozein lanerako langille onak eukiko geukez.

        Ori diñoenak zoro garbiak ezpa dira, ameslari galantak bai dira beintzat. Gizonik geienen berezko jasa auxe da: albait lanik gitxien egin eta albait ondoen bizi. Orain, baktxak beretzat lan egin eta beretzat irabazten dauanean, ori orrelan ba-da, gizartekeriak nai dauan lez, bakotxak guztientzat lan egin bear izango duanean, zer izango ete-da?

        Lan batzuk besteak baño gogor eta neketsuagoak dira: nazkagarri ta osasunarentzat kaltegarri diranak be badagoz, ez gitxi. Enparauen irabaziaz onako lan nekatsu ta nazkagarrietarako langilleak berez agertuko litzakezala; ori diñoana burutik ondo eztago. Orreik txakur-amesak dira ta, guztiak gosez ez iltekotan, lanak banandu ta bakotxari bere lana egiñazoteko ardurea gizabatzak ala estaduak artu bearko leuke. Estaduak agindu ta enparauak burua makurtu. Langille bakotxari bere toki ta lana agintariak eta onein ordekoak izentauko leuskioe ta aen baimen barik langilleak ez tokiz aldatzeko ez lana isteko eskubiderik eleuke izango. Gizartekeria ta gizonaren azkatasun edo libertadea sua ta ura baño geiago ezin alkartu lediz; gizartea agintari orrein menpean, artzañak aurretik daroan artaldearen antzekoa izango litzake. Gizartekeriak zoriona opatu ta zoritxarra ekarriko leuke.

        Gizartekeri edo sozialismoak bake ta zorion andiak ekarriko ei-leuskiguz: orren alde dagozanak, ori diñoe; baña asarre, gorroto ta burrukak ekarteko obea dala deritxat. Gizartekeri-zaleak diñoenez, ugazaba ta jabe bakarra gizabatza ala estadua izango litzake, ori baño beste ugazaba ta jaberik eztala bear garraxika diñoskue-ta; baña lanak banatzea, langille bakotxak zein lan egin bear dauan esatea, ugazabari dagokio, ugazabaren ardurea da.

 

 

Lanak banatzea, zeregin erreza izango ete-litzake?

 

        Gizabatzak naiz estaduak, agintari ta ordeko barik, ezer egiten eztaki ta egin be ezin daike: au dala-ta, ugazaba ta jabe bakarra gizabatza naiza estadua ba'litz, gizon bakotxari bere lana agintariak eta onein ordekoak izantau bearako leuskioe. Guztiok lan guztietarako egokiak ezkara-ta, lanok ondo banatzeak zergiñak emongo leukez. Zeregin guztietarako langilleak berez agertuko litzakezala uste dabe batzuk; baña ori ames garbia dala edonok daki. Lanabaño alperkeria maiteago dogu ta lan gogorra baño erreztxua edonok naiago. Agintariak eta onein ordekoak, gogorik onena euki arren be, langille guztiak naien daben lanera ezingo leukiez bialdu, ta askori gogoko etxaken lana egiñazo bearko leuskioe. Amaikatxu gorroto, asarre ta burruk ba lekarkez bailanen banatze onek.

        Errusi'ko langilleak, zelan et-dabiltz? Zoro batzuen eretxiz, ezin obeto,baña ango barri dakienak diñoskuenez, txarto baño be txarrago. Gudari edo soldau gorriak jagola dabezala, langilleak aldran gaizkiñak bai'liran, lanera daroez eta gogoko yakela naiz etxakela, guztiei ta bakotxari izentauriko lana egiñazoten dautse, gudari gorri aen agintzapean. an lagilleak naien daben lana aukeratzeko azkatasunik eztauke; lana itxi ta beste toki batera joateko eskubiderik bez. Langille aek, gizonak ete-dira? Gixaxo andiak lanerako buztartu egin dabez-ta, gizonak baño abereak obeto dirudie.

        Gizartekeria nausituko ba'litz, beste edonon be orraxe jo bearko litzakez, osterantzean iñorentzat lan egiteko gogorik, iñok be eleuke eukiko-ta: onako edo alako lana egitera be beartu, bestelan guztiak lanik errezenera joko leukie-ta. Orain Errusi'n jazoten dan lez, langilleai euren lana agintariak izentau bearko leuskioe ta langille bakotxa bere lana egitera beartu bearko litzake; baña ori bakea ta zoriona baño asarre, gorroti ta burrukea ekarteko bide obea da.

 

 

Eta lanaren irabaziak zuzen eta bidez banatzea, sozialistak uste daben baizen egiñen erreza ete-da?

 

        Ziñez, gizartekeria nausi dala, estadua baño beste ugazaba barik, lanak banatzeak zeregiñak emongo leukez; baña lanaren irabaziak guztien artean bidez eta zuzenez banatzeak, buru-auste ta zeregin txikiagoak eleukez ekarriko. Ume, gexo, uatu ta zarren ardurea gizabatzak ala estaduak eukiko ei-leuke-ta, lenengo ta bein irabazietatik orreintzako bear dan beste berezi bearko litzake; gero etxe, ola lanakaiak barriztau ta lanerako gaiak erosteko bear dana be, nai ta ez eratsi bearko litzake. Ori egin ta gero enparetan dana langilleen artean bidez, zuzenez eta bardintzasunez banatuko ei-litzate; baña ori esaten errezago da egiten baño.

        Eta egiz, irabaziok langilleen artean ondo banatu al izateko, arau argi, ziur eta zuzen bat nai ta naiezkoa da. Arau ori, zein da? Gizartekeri zaleak alkar ezin artu dabe-ta. arau ori zein izango litzaken eztakigu. Gotha'ko egitarauan auxe esan eben: irabazien banatzea bakotxak egindako lanaren eta bakotxaren bidezko bearrizanen arauz egingo da. Ori argi dago egon; baña zuzen dagoanik eztogu uste. Egindako lana ta bearrizanok sarri askotan eztabiltz batera.

        Egin daigun langille bik lan bardiña egin dabela; baña batak bestak baño bidezko bearrizan geiago daukazala. Gotha'ko arau ori aintzat artu ezkero, bearrizan geiago daukazan langilleari besteari baño geiago emon bear izango litzakeo; baña bien lana bardiña izan da-ta, gitxiago artuko leukena, bidegabea egin yakola-ta, aserratu gingo litzake. Biei bardin emon ezkero, ostera, bidezko bearrizan geiago daukazana, bestea baizen ondo ta nasai ezingo litzake bizi, ta sozialistak gizartean ipiñi nai leukien bardintasuna ankaz gora joango litzake.

        Lanean egindako orduak be irabaziak zuzen banatzeko arau ona eztira. Aldi edo denpora bardiñean langille antzetsu, trebe ta bizkorrak lan geiago ta lan obea egin daroa langille alper, ongaitz eta baldrasak baño: Laneko orduak bardiñak izan dirala-ta beste barik, biei irabazi bardiña emotea bidegabe andia litzake.

        Irabaziak zuzen banatzeko lanaren balioa arautzat artu leikela diñoe batzuk; baña lan bakotxaren balioa zenbaterañokoa dan, nok ebatzi ta esango dau? Sarri askotan neke gogorrez egiten diran lanak baño gorputza gitxi nekatuta egiten diranak, gizartean balio geiago dauke-ta, lanaren balioa arautzat artu ezkero, estaduaren aginduz lan gogorrean gorputza ausi dauan langillearen irabazia, beste askorena baño txikiagoa izango litzake; baña emotea, bidegabea ez ete-da?

        Estaduak orain daukazan zeregiñak be txarto asko egiten ditu: ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztien jabe egingo ba'litz; lanak eta irabaziak banatzeko ardurea bere lepora artuko ba'leu, zer jazoko ete-litzake? Agintari ta ordekoak, onein azikide ta lagunak elitzatekez ain txarto ibilliko; baña enparauak, astoak lez lan egin arren, gosez arrausi egin bearko leukie bein baño sarriago. Estaduak gauzak txarto egiten dituala-ta, gaur egunean be ba dabil bazterretan zer esana baño eztana: ondasuna ekarteko bide idran gauza guztien ardurea bere gain artuko ba'leu, zer jazoko ete-litzake Oraingo bidegabeok kendu egin bear dirala diñoe sozialistak; baña Estadua jabe ta ugazaba bakarra dala, lanen eta irabazien banatzeak, bidegabe andiagoak ekarriko leukez: gitxi batzuk ondo; baña geienak txarto ibilliko litzakez-ta, gizartekeria bakea ta zoriona baño nastea ta drogea, aserrea ta burrukea gizartera ekarteko bide obea da.

 

aurrekoa hurrengoa