www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXIII
GIZARTEKERIA TA BASERRITARRAK

 

        Gure baserritarrak —geienak beintzat— gizartekeri edo sozialismoa zer dan, beronen asmuak zeintzuk diran eta nora garoakezan eztakie. Sozialistak ondasunen banakuntzea, errepartoa egin nai dabela, ori bai, ori iñoiz baño sarriago entzun dabe; baña ondasunen banatze ori zelakoa izango litzaken, geienak iñoz eztabe enzun. Ori ta guzti be, gizartekeria begi txarrez dakuse baserritar zintzoak: alper eta nagien, arlote eta ameslarien asmakizuna dala uste dabe, ta orretan ain oker be eztabiltz, gizartekeriaren alde dagozan guztiak ez arren, asko beintzat arloteak, naikotxu irabazi arren zurikorik aurreratzen eztakien langilleak dira-ta.

        Gure baserritarrak eskolau andiak eztira izan; baña burua bere lekuan dauke-ta, orrei azurraz koipetsu egiterik eztago. Euren ondasuna nekez eta izerdiz irabazi dabe: urte bakotxean pizka bat aurreratuaz, euren eskuartekotxua olantxe egin dabe-ta, nekez eta lorrez aurreratu daben ori arlotearekin banatzeko gogo gitxi dauke. Orratik be gure baserrietatik, ola ta lantegietara doazan gazt batzuk, Viva Rusia! deadarrez iñoiz baño sarriago ibilten dira, batez be napar ardaoak barrena berotu dautsenean: au dala ta, gizartekeriak beserritarrentzat zer dakarren, gure artean nausituko ba'litz, gure baserritarrekin zer egingo leuken adierazo nai dogu. Zoroenak esaten eta egiten baserritarrik eztaiten ibilli, egi mardulak esango doguz. Lugintza-gizartekeria berariz deritxona be ba dago eta batean-bestean abarrotsa ateraten be ba daki. One alde dagozan morroiak beste ogasun batzuen jabetzea gizon bakotxari be laketzen dautse; baña lurrarena eta batez be landu daiteken lurrarena, ezelan bez. Lurra guztiena ei-da ta, orren jabe estaduak baño beste iñok ez ei-dau bear.

 

 

Lurrai buruz gizartekeri onek nai beste edozeñen asmua, zein ete-da?

 

        Gizartekeri edo sozialismoa ezta ondasunen banakuntzea, ezta errepartoa; daukanari kendu ta eztaukanari emotea, ezta ori gizartekeriaren asmua. Zein da-ba? Daukanari kendu ta eztaukanari ez emotea: gizartekeriaren asmua orixe da, gizon bakotxaren yabetzea gizartearentzat kaltegarri dan laupurretea baño besterik ez ei-da-ta. Baltsakeri edo komunismoak gauza guztien jabe gizabatzak egin nai ditu; gizartekeri edo sozialismoak, ostera, edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauzen ugazaba ta jabe, estadua egin nai dau. Emokor edo ekarkor diran gauzen jabetzea gizon bakotxari errotik kendu ta estaduari emon bear yakola, ori gizartekeriaren alde dagozan guztiak diñoe, euren eretxietan bigunenak diranak be bai.

        Gizonok batez be lurrak dakarrenaz bizi gareala-ta, lurra bera ta ori lantzeko bear diran abere ta tramankuluak, eskubide osoz eta beste ezer baño lenago gizartearenak ei dira ta gizartea baño beste ugazabarik ez ei-dabe euki bear. Etxaldearen eta orrek dakarzan zitu edo frutuen jabe izatea, gizon bakotxari ezelan be laketu ezin leikeon eskubidea ei-da. Orreik gauzok gizarteak bere-bereak eta bizi al izateko osoro bearrezkoak ei-ditu ta, iñorena ostuaz etxaguntzak eurekandu dabezan etxagunok, lurraren benetako ugazaba dan gizarteari itzuli ta biurtu bear ei-dautsez.

        Au onelan ixanik, gizartekeria nausituko litzaken egunetik aurrera, etxe ta bazter, solo ta baso, idi ta bei, burdi ta golde ta beste lankaien ugazaba bakarra, estadua izango litzake ta oraingo etxagun ta maizterrok ago bete azurraz geldituko litzakez. Etxagunik elitzake izango bat egiñik be: ondoen dala be, guztiak maizter edo errentadore. Ori ondoen dala, sozialisten artean ori baño txarragorik nai dabenak be badira-ta.

 

 

Eta ugazaba nor?

 

        Ugazaba bakarra, estadua. Onek berez ezer egiten eztaki-ta, zerbait egiteko, jaurle ta agintariak norezkoak ditu. Agintariak be nai ta ez ordezkoak izentau bear izaten dabez. Onelan ba, ugazaba estaduaren buruak, agintari nagusiak izango litzakez: agintari-ordekoak oraingo maiordomoen antzeko, ta baserritarrak orren menpeko. Oraingo ugazaba guztiak biozbera ta errukiorrak direanik eztiñot. Ugazaben artean be guztitarikoak dagoz, onak eta errukiorrak be ez gitxi.

        Estadua baño biotz gitxiagoko ugazabarik eztagoala edonok daki: agintari-ordekoak baño erruki gitxiagoko gizonik eztot uste dagoanik. Estaduak urdalla bai, urdalla andia dau; baña biotza, txatxarra. Orren orekoak be egia zorrotza ta eskua latza. Oraingo zergari edo petxu-batzaleak zelakoak diran ba-dakigu. Gizartekeriak ipiñiko leukezanok oraingo zergariak baño obak elitzatekez izango, errukiorragoak bez.

        Baserritar-maizter bakotxak urteoro estaduari onenbeste edo ainbeste anega emon bearko leuskioz. Bakotxari gizartearentzat zenbat emon bear dauan, agintari ordeko orreik izentauko leuskioe: izentau bakarrik ez, emonazo be bai. Etxalde ta bazterrak zelan landu ta erabilli adierazteko, agintariak arau ta legeak emongo leukiez: agintari ordekoak lege orreik bete azoteko arrdurea eukiko leukie, ta bete nai eztauzanari bazterra kendu ta beste norbaiti emoteko eskubidea be bai. Gizartekeria nausituko ba'litz, baserritarrak ondoen dala be, orraxe etorriko litzakez; guztiak estaduaren maizter, eta nozbait etxagun izateko itxaropenik iñok bez. Gizartekeriak baserritarrai eskintzen dautsen zoriona, orixe da; zorion ederra, latz ederra!

        Aurrerago esan dogunez, gizrtekeri edo sozialismoak ondoen dala be, oraingo etxagunak maizter (errentadore), egingo leukez. Ori etxagunentzat, ziñez, etorkizun ederra da, benetan ederra! Baña oraingo maizterrak eleukez etxagun egingo, etxaguntzea ta gizartekeria ura ta sua baño geiago alkartu ezin leikezan gauzak dira-ta.

        Orraitik be, baserritarrak ikaratuko ete-diran bildurrez-edo, jaun orreitatik batzuk euren eretxia bigundu nairik, auxe gañeratzen dabe: Baserritar lugiñai orain darabillezan bazter eta lurren jabetzea kendu arren, bazterra bera kendu bearrik ez legoke. Bazter orrein ugazaba ta jabe estadua egingo litzateke; baña estaduak baserritarrakin ainbat urterako egiunea edo kontratua egin al izango leuke-ta, augaitik, baldintza edo kondiziño batzuen bidez lurrok landu ta erabilteko, orain darabillezanai eurai be emongo litzakeoez. Norbait etxaldea itxi bearrean aurkituko ba'litz, or sartu dituan obariak aintzat artuko litzakeoz eta onelan ezer eleuke galduko.

        Baldintza orrein zeintzuk izango litzatekezan, jaun orreik zeatz eztiñoskue; baña, estaduak, gizartearen onak orixe eskatzen dala-ta, lenengo ta bein baserritarrai errenta pokita ezarriko leuskioe: gero, ipiñiriko baldintzak be zeatz bete eragingo leuskioez eta bete gura eztituanari baserria kendu. Agintari-ordekoen ardurea izango litzake ori: morroi orrein begi zorrozpean bizi bearko leukie baserritarrak, beti maizter eta egundo etxagun izateko uste barik. Gizartekeriak, ondoen dala be, orraxe ekarriko leukez baserritarrak. Orain askoz obeto dagozala zetan esan bez. Baserritarrak be euren bizikera obetzeko eskubidea dauke. Orretarako alegiñak egitea, ondo dago; baña gizartekeria orretarako biderik txarrena da-ta, barrikeri galgarri oni baserritar guztiak gorroto bizia izan bear leuskioe.

 

aurrekoa hurrengoa