www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

VII
GIZARTEKERIA ZER EZTAN

 

        Gizartekeriaren izenaz bateatu dogun sozialismua zer dan adierazo baño len, zer eztan esan bear dogula deritxat. Aspaldian gizartekeri edo sozialismoa asko zabaldu da, langillien artean batez be. Zegaitik? Gizartekeria bere izatez et unez kaltegarri da: baña langillien alde gauza onak be egin ditu, ta langilleai mesedeak egin dautsezalako, orixegaitik zabaldu da. Kalteak baño ekarri ezpa'litu, zabaldu dan beste etzan zabalduko. Baña gizartekeria dala-ta, egin diran gauza onok, langilleai etorri yakezan mesedeok, aren erraietan sorturiko ale, arnari ta frutuak ete-dira? Ez, urrik emon bez! Gizartekeri barik, gizartean zuzentasun erabilliaz beste barik, egin eitekezan eta egin bear ziran gauzak dira langilleak aspaldian lortu dabezan obaririk geienok.

 

 

Obari oneik zeintzuk dira?

 

        Oraindik urte asko eztirala, meatoki ta oletako langilleak, abere baño izan ezpai'liran, lanerako gauza ziran bestean baño ez ebezan ugazabak aintzat artzen, min artu nai gexotu ezkero... or-konpon. Orain, ostera, berezko gexo, laneko ezbear eta zartzarorako laguntza ta sorospidea olako edozein langillek dauko. Au gizartekeria ete-da? Au langilleak euren buruen ardurea eukitea baño besterik ezta-ta, sozialismoaz zer ikusirik eztauko.

        Ola ta lantegietan emakume ta gaztetxuen lanari mugak ipiñi dautsaz legeak: ori dala-ta, ugazabak nai leukien guztia ezin dabe egin. Au gizartekeria ete-da? —Ez, jauna!— Ugazaba batzuk ezegaz be ezin ase izan dira: euren lantegietarako emakume ta gaztetxuak billatu dabez, gizonezkoai beste lan eragin eta aloger gitxiago emon dautse, eurak geiago irabazterren. Urre-egarri gaiztoak erabilli dauz, eta ori bidegabe andia dala, aintxiña esan eban XIII Leon Aita Santuak.

        Aspaldian alogerak geitu ta laneko orduak gitxitu egin dira. Oneik gauzok ba ete-dauke gizartekeriaz zer ikusirik? Sozialismoa irakatsi daben buruzagiak eta ori ikasi daben lagileeak aspaldian be obari orrein billa ibilli dira; baña orreik bakarrik ez, beste geiago be bai. Gizartekeria alde batera itxita, langilleak alkartuaz eta indarra artuaz beste barik, bardin eskatu ta eskuratu eikiezan obariak dira ta, sozialismoarenak baño langillien alkartzearen ondoren, arnari edo frutuak obeto dira.

        Edozein langillek, bape begiratua ba-da beintzat, bera ta bere sendia elikatu, jantzi ta zertxubait aurreratzeko lain izango dan alogeraren eskubidea daukala, aintxiñatik irakatsi dau Eleizeak. Sendiko, familiko buruari beste enparauak laguntzea ondo dago; baña ama ta umeak lantegira joan bear izatea, txarto. Eleizaren irakaspen onei ugazaba askok jaramon gitxi egin ba-dautse, errua onena da ta ez Eleizearena.

        Zortzi ordu lan, zortzi ordu atseden, zortzi ordu ikasi: orixe izan da sozialisten aspaldiko leloa. Azkenian, ezetariko burruka barik, langille guztiak lortu dabe zortzi orduko lan ori.

 

 

Zortzi orduko neurri ori lanbide guztietarako, egokia ete-da?

 

        Lan batzuk besteak baño askozaz gogor eta neketsuagoak dira-ta, guztiei zortzi orduko muga bardiña ipintea egoki dan ala ez, auzira ekarri ta eztabaidan erabilli leiken arazoa da: bakotxak bere zeregiña obeto ikasteko izan bear eban eben zortzi orduok be, ezer ikasten langille gitxik eta geienak ardantegietan daroez-ta, lege ori lalgilleai mesede egiteko baño onein sakelak murriztuta izteko obea dala, batek baño geiagok uste dau; baña dan baño kaltegarriagoa ba'litz be, orretan gizartekeri edo sozialismorik eztagoala edonok daki.

 

 

Gizartekeriaren alde ibilli diranak, langilleai mesederik ekarri ete-dautse?

 

        Beti gaiztorako, txerrena edo deaubrua izan ezik, iñor be eztago-ta, gizonik gaiztoenak be nozean bein gauza onak be egiten ditu. Gizartekeria (sozialismoa) berenez kaltegarri dan arren, orren alde ibilli diranak be gauza on batzuk egin dabez, langilleai onura ta mesedeen batzuk ekarri dautsez. Egiz, mesede orreik langilleak alkartu ta indarra artuaz beste barik be eskuratu eikiezan: audala-ta, aurrerago aitatu doguzan mesedeok gizartekeriakaz zer ikusirik eztaukela esan dogu. Goazan aurrera. Langille asko dabiltzan ola ta lantegietako ugazabak, sarri irabazi andiak egin dabez. Beargiñai ugazabarik geienak egunoroko alogera baño besterik eztautse emon orain arte. Egin daigun langilleak euren izakera ta bizikerea obetuaz doazala: Alogeraz gañera irabazietatik be zati bat eurentzat izatea lortu dabela...

        Garatz edo negozioak txarto ba-dabiltz; irabazirik ezpa-dago, olakorik ezin egin leikela zetan esan bez; baña ola ta lantegietan ugazabak irabazi andiak be bein baño sarriagotan eskuratu dabez, eta irabazia ugaritxua danean, esan dogun ori iñoren kalte barik egin leikela, nok ukatu daike?

 

 

Ugazabakin batera langilleak be garatzean domuzkide izatea, gizartekeria ete-da?

 

        Langilleai zor yaken besteko alogera, domu edo kapitalari be dagokion besteko mozkiña emon, ola ta lankaiak oñean euki naiz obetuteko bear dan beste be eratsi ta gero, enparetan dan irabazia ugazaba ta langillen artean bidez bananduko ba'litz, ori gizartekeria izango ete-litzake? Urrik emon bez! Oraindik geiago: langilleak alogeraz gañera datorkien irabazi ori garatz edo negozio artantxe ipiñiko ba'lebe; onelan, len langille soil ziranak, urte batzuen buruan, langille ta garazkide (akzionista) egingo ba'lira ta aurrerantzean irabazi bikotxa, langille ta jabekide lez dagokien irabazia, eskuratuko ba'lebe, ori sozialismoa izango ete-litzateke?

        Ezelan bez! gizartekeriaren aurrerapen eta garaitzea galerazoteko, orixe baño bide oberik eztagoala dirudi. Ori egingo ba'litz, ugazaba ta langilleak alkar obeto artuko leukie, beargiñak gogozago ekingo leuskioe euren lanari ta opor edo uelgarako asmurik eleukie artuko, opor egiñaz naiz lankaiak alperrik galduaz, euren buruai kalte egingo leuskioe-ta. Ugazaba batzuk olantxe egin dabe ta ondo joan ei-yake.

        Beste batzuk olakorik entzun be eztabe nai. Euren irabaziak asko gitxituko litzatekezala-ta, bide ori artu baño langilleakin auzian eta burrukan ibilli naiago dabe; baña sozialismoa nausitu ba-dadi, nausitze au ugazabentzat, langilleai irabazietatik zati bat emotea baño askoz be txarrago izango da-ta, orduan kokoteari ats egiteak eztau balioko. Dana dala, esan dogun ori ugazaba askoren eretxi ta gurarien aurka bai izango litzake; baña gizartekeria, ezelan bez.

 

 

Orain arte domu edo kapitalaren alde egon diran legeak, lanaren alde, bear bestean, aldatuko ba'lira, ori gizartekeria izango ete-litzake?

 

        Gizonok osasunez, indarrez, antzez, buruko argiz bardiñak ezkara-ta, lurreko ondasunetan guztiok bardiñak ezin izan geintekez; bardintasun ori indarrez ipiñiko ba'litz be, luzaro ezingo leuke iraun; baña gaur egunean batzuekandik besteakana ondasunetan dagoan aldea be larregia ta gizarteko bakearentzat kaltegarria dala autortu bear dogu: batzuk zenbat daukenbe eztakie; beste askok, ostera, gitxiegi edo ezer bez. Liberalkeria zabaldu zanetik aurrera, gizarteko legeak arazo onetan ugazaben edo aberatsen alde egon dira: lege orreik diruari dirua egiñazoteko, ondasun andiak esku gitxitan batzeko, berebizikoak izan dira. Ausartuak izan dira, eta kezka izugarriak egin dabez, orretarako eurena baño geiago iñoren ditrua erabilliaz.

        Gitxi batzuk aberatsegi ta geienak txiroegi diranean, gizartea eztabil ondo. Aiaturiko legeak txiro ta langillen alde aldatu ta urte batzuen buruan lurreko ondasunak gaur dagozan baño obeto, zuzen eta bidezago bananduko ba'lira; ondasunok obeto bananduaz, gizon guztiak edo beintzat geienak zerbaiten jabe izatea lortuko ba'lebe, ori gizartekeria izango ete-litzake? Gauzen jauntzea obeto banandu ta albait jaberik geien egitea, gizartekeriari indarra kentzeko biderik onenetarikoa zala, irakatsi euskun XIII'gn Leon Aita Santuak.

 

 

Eta ogasunetan guztiok erdi-bardintsu izatera elduko ba'gintzaz?

 

        Gizonok, osasunez, indarrez, lanerako jases bardiñak ezkarealako, ondasunetan be bardiñak ezin izan geintekezala esan dogu; baña lapurreta barik, legez eta bidez, oraingo alde andiok gitxitu-ta, guztiok erdi-bardintsu izatera elduko ba'giña be, orretan gizartekeririk ez legoke. Diñogun onek gizartekeriari mesede ala kalte geiago ekarriko ete-leuskion, eztabaidan ipiñi leiken auzia da; baña gizartekeria ezelan bez.

        Ugazabari berea emon eta baserritar maister bakotxari bizi dan etxearen eta darabillan bazterraren jabe egin daiten, legearen bidez, erreztasun andiagoak emongo ba'litzakeoz, orrek gizartekeri edo sozialismoaz zer ikusirik eukiko ete-leuke? Batzuk besteak baño askoz aberatsago izateak, gizartean nauskeri ta jauntxukeria sortu daroazala-ta, antxiñako euskaldunak ori galerazteko oiturazko legez eukela diñosku Zamakola'k. Onelan senargai ta emaztgaiak, bakotxak bere etxaguntzea ba-ekarren ezkontzara, etxaguntza orreik oitura-legez seme edo alaba biren artean banandu bear ei-ebezan gurasoak, etxaguntza asko esku batera etorrita, ori nauskeri ta jauntxukerirako bidea izan ez eiten.

        Aintxiñako gauzea da-ta. ori orrelan zan ala ez ziur eztakigu ta jakin be ezin geike; baña legez eta bidez orrañoxe elduko bagintzaz be, orrek sozialismoaren antzik be eleuke eukiko. Zer arrano da ba orduan gizartekeri edo sozialismo ori? Urrengoan esango dogu.

 

aurrekoa hurrengoa