www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XVI
GIZARTEKERI GAZA ONEIK ERLEJIÑOAZ ALKARTU ETE-LEIKEZ?

 

        Ekarkor diran gauzen jabetzea gizon bakotxari dagokioen eskubidea eztala-ta, jabetza ori gizabatzak ala estaduak beragandu ta beretu egin bear dauala, gizartekeriak orixe diño ta bere oñarritzat orixe dauko. Orraxe jo bear ei-da, ta ori lortu artean langilleak ugazabakin eten bako burrukea egin bear ei-dabe.

        Gizartekeriaren alde dagozan geienen eretxia orixe da; baña baltsakeri edo komunismoaren barrabaskeri ta ondoren txarrez ikaratuta-edo, gizartekeri edo sozialismoa bigundu ta gazatu nai leukienak be ba-dagoz. Etenbako burruka orrek mesede baño kalte geiago lekarkela-ta, langille ta ugazaben arteko burruka ori lurreko ondasunen banatze zuzenak eskatzen dauan gorrotobako ezta-baidara eratsi te ekarri nai leukie. Ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauzen jabetzea gizon bakotxari zearo kendu ta gizabatzari ala estaduari osoro emoteak be, naste txarrak eta oker andiak lekarkezala-ta, bakotxaren jabetzea baño geiago ondasun andiak esku gitxitan batzea ta onek dakarren indar eta eskumende larregia eragotzi ta galerazo nai dabezala dirudi.

        Gauza bi orreitan sozialismua bide zuzenera ba'letor, langille ta ugazaben arteko burrukea bear dan besteraño gazatuko ba'leu, ta bakotxaren jabetzea be kendu bearrik eztagoala-ta, neurrira ekartea naiko dala autortuko ba'leu: guaz bi orreitan bere eretxi ta asmuak ezetariko akar edo agirakarik merezi eztaben mallaraño eratsi ta gazatuko ba'litu; gizartekeria erlejiñoaz alkartu al izateko, ori naiko izango ete-litzake?

        «Quadragessimo Anno» deritxon idazkian XI Pi Aita Sntuak itaun ori egiten dau ta gizartekeria orrañoxe ba'letor be, gure erlejiñoaz ezelan be ezin alkartu leikela darantzu. Gizartekeria —diño Aita Santuak—, benetako gizartekeria ba da beintzat, aitaturiko guza bi orreitan egia ta zuzena guztiz eta osoro autortuko ba'leuz be, gure erlejiñoaz ezin alkartu leiken gauzea da, gizartekeriak eta gure erlejiñoak gizonari ta gizarteari izentatzen dautsezan zeregin eta elburuak ezin geiagoan alkarren aurka dagoz-ta. Izan be, gure erlejiñoak irakasten dauskunez, gizona gizartean biziteko egiña da; baña gizabatzarentzat egiña ez. Gizon bakotxa ta gizarte osoa be Jaungoikoak beretzat egin ditu: au dala-ta, batak eta besteak Egille daben Jaungoikoa aintzat artu ta goresteko eginbearra dauke. Gizon bakotxa, bere burua ornidu ta obetuaz eta bere bizibideko zeregiñak ondo beteaz, lurreko eta zeruko zoriona jadetsi dagian, gizartean orretarakoxe dago. Gure erlejiñoak gizonari ta gizarteari izentaten dautsezan elburuak, orrexek dira: gizon bakotxaren elburu nausi, betiko zoriona.

        Gizartekeri edo sozialismoak, ostera, gizonaren elburu nagusi ori aintzat be estau artzen; auntzaren gaberdiko eztulari baño garrantzi edo inportantzi geiago ezteutso emoten. Gizona, gizartean biziteko ezeze, gizabatzarentzat egiña be ba dala, kezka barik irakasten dau: ori dala-ta gizon bakotxak gizabatzaren ona egitea baño beste elbururik ez ei-dauko, ta gizabatzak be gizonaren lurreko zoriona egitea baño besterik ez. Eretxi oker onei jarraituaz, gizartekeriaren irakasle nagusiak erlejiño, ezkontza ta sendi edo familiaren arerio agertu dira, asieran esan dogunez. Beste edozein eretxi okerrek lez —diño Aita Santuak— gizartekeriak be guzurraz nastetan egi batzuk ba darabiltz; baña bere-berea dauan ta oñarritzat daukan gizon eta gizarteatzazko uste ta eretxi oker ori, erlejiñoaz ezelan be alkartu ezin leiken gauzea da-ta, origaitik katoliku ta sozialista batera iñor be ezin izan daiteke. Aita Santuak ori diño ta zer diñoan ondo daki.

 

aurrekoa hurrengoa