www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XX
GIZARTEKERIA TA GIZONAREN AZKATASUNA

 

        Senean dagoan gizonak aukeramen berea dau. Aukeramena, au edo beste gauza aukeratzeko almena da-ta, gizona ain zuzen be, almen ori daukalako, azke edo libre orixegaitik da.

        Gauza txarrak, oben edo gaiztakeriak egin al izateko almena, azkatasunaren ezaugarri bai, ezaugarri ba da; baña azkatasuna orretan ez datzala edonok daki; bestelan oben eta utsik egin ezin daiken Jaungoikoa, ez litzake azke izango, ta iñor baño azkeago ta azke diran izaki guztien Egille be dala ondo dakigu. Txarrerako almen ori be ba dau gizonak; baña ori azkatasuna baño obeto onen aulkeri eta jopu egiten da-ta, iñoz obenik egin barik, beti gauza onak aukeratzen dakiana, obendi edo pekataria baño azkeago da. Gauza txarretara jo barik be badago non aukeratu.

 

 

Gizonak azakatasun edo libertadea baño doe bikain eta maitagarriagorik ba-ete-dau?

 

        Azkatasuna urre ta zidarrez ezin erosi, urre ta zidar oro baño obe ta ederragoa da-ta. Zein maitagarri dan antxiñako ipuin onek adierazten dauksu. Bein baten, illunabarrean txakur eta otsoak alkar aurkitu ei-eben. Batak besteari «kaixio lagun» esan ta gero, otsoak txakurrari: mutil, ire lodien lodie! narrua betean ago; uleak be argi, brist! egiten dauske. Zelan arrano gizendu az orrenbestearaño? I baño indartsu ta bizkorragoa nok; baña gosez naiabilk, gizena zer dan be etxakidala, azur eta azal uts. Txakurrak: nire zeregiña egin nai ba-dok, gizendu al izango az i be. —Ze zeregin— diñotso otsoak. —Atezain izan eta gabaz ugazabaren etxea lapurrekandik jagon, darantzu txakurrak. —Ori baño ezpa-dok, orretarako gertu naiagok neu be— diño otsoak. Orain mendi ta oianetan aize ta euriz, edur eta izotzez bizikera latza yaroat. Zenbat atsegiñago tellapean bizi ta alper ta nagi, jatekoz ase! —Ator ba neugaz— diñotso txakurrak.

        Alkarrekin yoazala, txakurraren saman ulepeituz egindako uztaia dakus otsoak eta diñotso: aizkide, zer dok ori? Txakurrak: au ezer eztok. —Ezer eztoala?— darantzu otsoak. Eaidak arren, jakin nai yoat-eta. —Gaizto antza be ba yaukadala-ta, lotu egiten naioek —diño txakurrak— egunez atseden dagidan, gabaz itzar egoteko.

        Illunabarrean azkatzen naioek eta emetik zear ibilten nok. janaria, neuk eskatu barik ekarten yaustek: ugazabak bere maiko azur eta ondakiñak: otseñak ogi-tatuak eta jaki gizenak jaurtiten yaustezak, eta lanik egin barik, urdalla bete-bete egiten yoat. —Ondo yagok— diño otsoak; —baña esaidak: ona edo ara joateko gogoa datorkanean, ori egiteko azkatasunik ba ete-daukak? Orixe ez, geienez beintzat —darantzu txakurrak. Eta orduan otsoak: goretsi doazan zorion guztiok, euretzat itxi-ta, ni banaioak; lengo bizibidera naioak, azke nazala errege be etxoat izan nai-ta.

        Azkatasuna gizasemearen doe, begi ta bitxirik ederrenetarikoa da: aukeramena kendu ezkero, gizona ezta gizon, jopu errukarri baño. Gizon guztiok ezkara bizibide ta zeregin guztietarako egiñak: egiñen batzuetarako besteetarako baño antzetsu ta trebeagoak izaten gara-ta, olako zeregiñak atsegiñago izaten yakuz. Gizon bakotxak bere eretxi, asmu, gurari ta atsegiñak daukaz, eta naien dituan bizibide ta zeregiñak galerazo ta gogoko etxakozanak arrerazten ba-yakoz, atseden eta bake barik, beti artega ta urduri ibiliko da. Gauza on askoren artean, naien dauana aukeratzeko azkatasuna bear dau gizona, bestelan zoritxarreko izango litzake-ta.

 

 

Gizartekeriak (sozialismoak) gizonaren azkatasun ori bear bestean aintzat artzen ete-dau?

 

        Urrik emon bez. Gizartekeriaren irakasleak diñoenez, gizona gizartearentzat egiña da-ta, eztaduaren otsein eta jopu izatea dagokio. Ogasunak ekarteko diran arazo guztien zuzentzalle estadua izan ezkero, lan gitxiagogaz ogasun geiago ekarri leikezala; ori akiakulatzat arturik, sozialistak gizonaren azkatasuna ebagi ta moztu egiten dabe. Garatz edo negozio andiak darabillezan aberatsak: gauza askoren salerostea euren eskuetan dauken trust'ak, enaparauei buztarri gogorra ezarri ta langille asko jopu, (esklabu) egiten dabezala-ta, sozialistak garraxi baten ibilli dira ta orain be garraxika diardue. Baña ori txartzat dauken morroiok, askozaz be txarrago dana egiteko kezkarik eztauke. Trust orreik gora-bera, estadu bakotxean ainbat ugazaba dagoz; sozialistak nai dabena egin ezkero, ogasun garatz, saleroste guztien ugazaba bakarra, estadua izango litzake; zeintzuk lan egin bear diran; lan orreik nortzuk egingo dabezan; lanak dakarzan ogasunak, noz, non, eta zelan salduko diran; orreik eta beste olako dauza asko, estaduak erabagi ta ginduko leukez: estadua ogasun-ekarle, estadua salerosle, estadua jabe; enparauak, orren morroi.

 

 

Eta gizonarentzat ain maitagarri dan azkatasuna, non da?

 

        Azkatasuna iñorentzat barik norberarentzat ei-da ona. Gizartekeria nagusi dala be guztiak eztira izango jopu ta morroi: agintariak azke izango dira ta gogoak emoten dautsena agintzeko eskubidea eukiko dabe. —Eta enparauak?— Enparauak estaduaren morroi izateko eskubidea, ez ete-dabe naiko? —Ori nauskeri edo diktadura garbia dala? Eta zer? Gizartekeriaren irakasle orrei, eurak gintari izan eta ondo bizi ezkero, enparauakaitik zer dautse? Azkatasuna barriketea baño besterik ezta, Largo Caballero'k oraintsu esan dauanez. Estadua bear ei-da indartu; estadua eskubide guztien jabe oso egin, ugazaba panparroia izan dadin. Azkatasunaren izenean orren aurka iñor jagi ba-dadi barriz, kaskarreko ederrak emonaz, azke izateko gogoa bein betiko kendu bear ei-yako. Largo Caballero'k olako gauzak esan dituala-ta, arritu ta izutu egin dira gizon txepetx batzuk. Ori gizartekeriaren berezko ondorena da-ta, etzan zegaitik arritu ez izutu. Gizartekeria berenez nauskeria ta azkatasunaren arerioa da.

 

aurrekoa hurrengoa