www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

        Nai ogasuna ekarteko nai ekarritakoa banatzeko ardurea langille-alkargo oneina izango ei-da ta ez beste iñorena. Alkargo bakotxak, bere eskuko edo bere buruaren jabe dala, enparauen arazoetan sartu barik, bere salleam lanari ekingo ei-dautso, ta gizarteak bear dauzan ogasun guztiak erakarteko zeregin andia, guztien artean ondo baño obeto beteko ei-dabe. Onelan, lurreko ogasun guztien jabe langille-alkargo oneik izango dira, enparauak ago bete azurraz itxi-ta. Bizi nai dauan edonok, nai ta ez, alkargo bat-edo baten sartu bearko dau. Baña lurreko ogasun guztien jabe izango litzakezan alkargo orreik, gizarte osoaren jabe ta nagusi be berez egingo litzatekez, eta jabe danak egintzea berezko gauzea dalako, langille-alkargo onein aginpidea baño beste ezetariko aginpiderik ez ei-da gizartean izango.

        Ogasun eta aberaskiak ekarteko neurri ta bideak, langille-alkargoak artuko ei-dabez: arazo au zuzen eta egoki erabilteko bear diran agintzak, nortzuk emongo dabezan be, alkargo orreik erabagi ta esango ei-dabe-ta, aginpidea beraganatzen dakian estadurik, ez ei da bear. Sindikalistak onetan anarkistakandik urrun dabiltzanik eztot uste ta gizarteari ikarea sartzeko darabileazan bideetan be alkarrekin naiko ondo aitzen dirala edonok daki.

 

 

Eta bere asmuak aurrera eroateko, alkargokeriak ontzt dukazan bideak, zeintzuk ete-dira?

 

        Domukeri edo kapitalismoa, lantzean pizka bat moztuaz, geldi-geldika berez lez lurrera jausiko dala diñoen sozialistak, tentel ala maltzur andi batzuk ei-dira; diñoen ori siñesten badabe, tenteltzarrak: siñestu barik ba-diñoe, ostera, langilleai iruzur egin nai dautsen maltzur andiak. Sindikalisten eretxiz domukeria indarrez eta takateko gogorrez eratsi bear da lurrera, ta orretarako, koipekerietan ibilli barik, aurrez-aurre ta zuzen jokatu bear ei-da. Edozer ei-da aizu edo zillegi: edozein bide, on eta txalogarri. Ogibide guztietako langileak, guztiak batera, oporketara jaurti, naste ta matxiñadak sortu, lanerako tramankuluak apurtu, ta ugazabai albait kalterik geien egitea, garaitza lortzeko bide onak ei-dira: izkillu bunbadaz ta eztandakiz batzuk il eta besteak ikaratzea be txartzat eztauke.

        Domukeriari zaplada ederrak emoteko beste biderik be ba-dago, Griffuelhes'ek diñoskunez.Zein ete-da? Domukeria eta bakotxaren jabetzea albestean laidoztu; orrein aurka iñon diran guzurrak asmau, esan eta zabaldu; lan oni eten barik ekin; egirik ezin danean, guzurra ta abarra, egiantza emonaz, ugari erabilli, gizartearen eta batez be langilleen eretxiak aldatu daitezan eta erriak be erabagia domuaren eta bakotxaren jabetzearen kaltez eta alkargokeriaren alde emon dagian. Bide au izkillu-bunbada ta eztandakirik onenak baño be obea ta indartsuagoa ei da-ta, sindikalistak ezeze beste ezkertar guztiak be, bide orretara sarri joten dabe.

        Bidegabeok ontzat daukazan alkargokeria, ona ezelan be ezin izan daiteke. Elburua ona ba'litz be, bideko txarkeri oneik osoro zikinduko leukie; baña alkargokeriaren elburua be txarra da-ta, gizadiaren lepora jausi dan zigorrik astunena dirudi.

        Gaur egunean zabal dabillan alkargokeri au gure uskurtz edo erlejiñoaren arerioa da: bakotxaren jabetzeari buruz Marx'en gizartekeria baizen gazi edo gaziagoa, eta bere elburura joteko daroazan bideak, gizartekeriarenak baño be txarragoak dira.

        Gizartekeriak langille gaxoak —agintari ta onein ordeko alperrak izan ezik— beste enparau guztiak estaduaren jopu errukarri egiten dituala diñoe sindikalistak. Ori egi biribilla da; baña langille-alkargoak be buru, agintari ta zuzentzalle barik ezetarako eztira-ta, agintari ta ordekoak nai ta ezkoak dabez. Enparauak orrein agintzapean, alkargoarentzat lan egin bearko dabe ta alkargoaren jopu izango dira. Estaduaren jopu izatea, langillearentzat zori txarra da: alkargoaren jopu izatea, bape obea danik eztogu uste.

 

aurrekoa hurrengoa