www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XVIII
GIZARTEKERIAREN GUZUR ETA KALTEAK

 

        Edozelako ogasuna ekarteko gai ta bide diran gauzen jabetzea gizon bakotxari kendu, onen eskubideak iñausi, azkatasun edo libertadea be moztu, estaduaren, gizabatzaren nai langille-alkargoaren buztarri gogorra ezarri ta gizon gaxoa ugazaba mamu ta anker orrein otsein, morroi ta jopu egiten dabelako, gizartekeri (sozialismo) nai baltsakeri (komunismo) nai alkargokeria (sindikalismoa) gizonentzat kaltegarri dira.

        Aitaturiko gauzok bana-banan azalduko doguz.

 

 

Gizartekeria ta bakotxaren jabetzea.

 

        Sozialistak diñoenez, erabiliaz igatu edo amaitzen diran gauzak, bakotxarenak be izan daitekez: onelan gizon bakotxak biziteko, jan, edan, jantzi ta jolasteko bear dituan gauzak, bere lanaren irabaziaz erosi ta beretu al izango ditu; orrein jabe izango,da; baña edozein ondasun ekarteko gai ta bide diran gauzak, oneik gizartearenak ei-dira; gizartea baño beste bidezko ugazaba ta jeberik ez ei-dauke ta, gizartekeria nausitiko litzateken egunetik aurrera, onelako guza bat ez-baten jaun eta jabe gizon bakotxa ezingo ei-da izan. Ez ba! Olako eskubiderik gizon bakotxari laketu ezkero, sozialistak ondasunei buruz gizartean ipiñi nai daben bardintasuna ankaz gora lioake, batzuk besteak baño aberatsago aldi laburrean egingo litzakez-ta.

        Sozialisten eretxiz. gizon bakotxari bere ondasunetzaz gaur daukazan eskubideok, gizartean erne ta jaio yakoz, gizartetik datorkioz, eta eskubide orrein iturri gizartea dalako, onek, gizon bakotxaren eskubideok, ondoen deritxonez ebagi, moztu ta aldatu daikez. Gizon bakotxak beretzakotu dauzan gauzen jauntza ta jabetzeak be, gizarteak berak ipiñitako legeak baño beste oñarri ta eustazpirik eztauke, sozialisten eretxiz; baña legeok ipiñi dituan gizarteak, orreik kendu nai aldatzeko eskubidea be badaukala ezin ukatu; augaitik ondasun ekarteko gai ta bide diran gauzen jabetzea, iñori bidegaberik egin barik, gizon bakotxari kenduaz, beragandu ta beretu daike gizarteak. Sozialistak ori diñoe: baña orretan be oker dagoz.

        Gizarteko legeak gizon bakotxak bere gauzetan daukan jabetzea ezagutu ta sendotu ba iegin dabe, baña besterik ez. Ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauzen jabe izateko eskubidea, gizonak berezkoa, jatorrizkoa dau, gizonaren izatean erne ta jaio da; gizonari eskubide ori bere izatetik datorkio ta gizartea baño lenagoko da.

 

 

«Rerum novarum» deritxon idazkian XII Leon Aita Santuak dakarzan argibideak, zeintzuk dira?

 

        Urrengo onexek:

        Abereak gerokoaren ardurarik eukiten eztakie: euren egiñen guztietan usna bik drabiltz; batak euren bizia jagotera, besteak endeari eutsi ta iraunazotera daroaz. Elburu biok jadezteko, aurkezten yakezan, euren bidean aurkitzen dabezan gauzak erabiltea naiko dabe ta, gauza orrein jabe izan bearrik eztauke. Abere-izatea ba dau gizonak be: baña gizona beste abereak baño geiago da, gorago dago. Gizonaren gauzarik bikaiñena, gizona gizon egin eta beste abere guztietatik berezten dauana, bere adimena, buruko argia da. Adimendun abere bakarra dalako, gizonak beste abereak eztaukezan eskubideak euki bear ditu; baña biziteko bear dabezan gauzak artu ta erabilteko eskubidea abereak be badauke-ta, origaitik abereak baño askoz geiago dan gizonak, gauzen jabe izateko eskubidea be badaukala autortu bear dogu, eskubide ori gizonari ukatzea gizona abereen mallara erastea izango litzake ta.

        Gizona bere egiteen jabe da: adimenaren bidez geroko gauzak oringoakaz alkartu ta ekartzen ditu ta etorkizunaren ardurea eukiten daki. Ziñez, badau jaungoikoak egindako gauzen ardura nagusipean gizonak berak be, bere ezaguereak laketzen dautsan neurrian, bere buruaren ardurea eukiten daki eta euki bear dau. Ori dala-ta, gizonak orain nai gero beretzat bearreko nai onuratsu izango dirala deritxen gauzak, aukeratzeko almena dauko. Almen au gizonari bere izateak damotso; baña gizonak gauzen jabe izateko eskubiderik ezpa'leuko, almen ori uts eta utsala, ezetako eza izango litzake: augaitik aukeramen ori daukan gizonak, gauzen jabe izateko eskubidea bear dau, ta ez bakarrik lurrak dakartzan zitu edo frutuben jabe, baita geroago bear izango dauzan gauzok dakartzan lurrarena be.

        Gizonaren bearrizanak joan eta etorri egiten dira ta gaur ase dauzanak, biar edo etzi barriro egertu ta aurkezten yakoz; augaitik erabilliaz amaitzen diran gauzen jabetzea ezeze, eurenez iraunkor diran gauzen jaun eta jabe izteko eskubidea be gizonari bere izatetik datorkio. Eskubide ta ardura ori gizartearenak ala estaduarenak dirala diñoe sozialistak; baña oker dagoz, gizona gizartea baño lenagoko da-ta. Lurrean estadurik etzanean be ba ziran gizonak. Gizon aek euren buru ta biziaren ardurea eukiteko eskubiderik ez ete-euken? Bai beintzat! Nok emon eutsen eskubide ori? Gizarteak? Estaduak? Oraindik gizarte ta estadurik etzan iñoz eta ori ezin izan daiteke. Gizartea ta estadua baño lenagokoa da gizonak ta lenagokoa dalako, gizonari bere buru ta biziaren ardurea eukiteko eskubidea ta orretarako bear dauzan gauzen jabetzea, bere izatetik datorkioz. Ori bere senean dagoan gizonek ezin ukatu leike.

 

 

Gizona guraso danez.

 

        Gizona, banezean barik, sendi edo familiaren buru danez begiratu ta aztertu ba-daigu, jabetzearen eskubide ori argiago ta sendoago agertzen da. Sendia gizarte txikia da; baña benetako gizartea ta estadua baño lenagokoa: augaitik sendiak estadua baño lenagokoak diran, estadutik ez datorkiozan eta bere bereak dituan eskubide ta eginbearrak daukaz. Gurasoak euren umeak elikatu, jantzi ta azi bear dabez: eginbear ori izateak berak emon dautse; baña euren eginbear ori ondo bete al izateko, gurasoak jabetzea, erabilliaz amaitzen eztiran gauzen jabetzea be norezkoa dabe.

        Umeak gurasoen zatiak dira: sendiaren buru diran gurasoak euren bizia zelanbaist seme-alabetan luzatzen dabe: ori dala-ta, seme-alaben ona egiteko ardurea gurasoai berariz dagokie, eta euren biotzetako zatiok bizitzako ezbear eta zoritxarrai albait ondoen arpegi emon dagikeoen, umeak orretarako bear izango dabezan gauzak batu ta eukiteko eskubidea dauke gurasoak; baña iraunkorra dan ondasunaren jabe izan eta ondasun ori umeati jarauntziz izteko eskubiderik euki ezik, gurasoak euren berarizko zeregin eta eginbear ori ezingo leukiez bete. Eta ez esan gauza orren ardurea estaduak artuko dauala, eginbear ori estaduarena baño lenago gurasoena da'ta.

        Estadua lez sendia be benetako gizartea da, aita buru ta agintari dala: augaitik famili bakotxak bere elburuaren muga barruan, bere ona billatu ta egiteko, estaduak muga zabalagoetan besteko eskubidea gitxienez dauko. Gauzea ondo aztertu ezkero barriz, sendiaren eskubide ori estaduarena baño beñagoa dala be egiz esan geike, familia estadua baño lenagokoa da ta. Sendi askok alkartuta, uria egiten dabe; uri askok, bata-besteaz alkartu ta guztientzat agintzaritza bat ipiñiaz, estadua egin daroe. Sendiak uriaren nai estaduaren atal egiñaz, bere bereak dituan eskubideok galduko ba'litu; uriak nai estaduak sendiaren eskubideok iruntsiko ba'leuz, sendiarentzat gizartea ta estadua opagarri baño obeto gorrotogarri izango litzakez. Sozialistak umien ardurea gurasoai kendu ta estaduari emon nai leuskioe; baña onetan be izatezko eskubide zuzenaren aurka dabiltz.

 

aurrekoa hurrengoa