www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

V
GIZARTEKERI TA BALTSAKERIA, ZEK EKARRI ETE-DITU?

 

        Onyuen antzera, berez eta gaberik goizera erne ta jaio diranik ezelan be ezin uste izan geike: zegaitik edo agaitik etorri dira: zek edo zek bidea zabaldu dautse. Izan be, gizarteak gure erlejiñoko egi andiak zokondora jaurti ebazan; atsegin-zalekeria nausiturik, gizartea oitura ta ekandu txarrez biziten asi zan; goiko ta betiko ondasunetzaz aiztuta, gizonak lurreko ondasunak baño besterik ez eben aintzat artu ta gizartekeri ta baltsakeriari orrelan bidea idigi ta zabaldu yaken.

        Ori egia da; baña gizartekeri ta baltsakeria berariz eta batez be ondasunetzazko bakoizkeriak (erderaz individualismo económico deritxoenak), onexek ekarri ditu.

        Eta ori, zer ete-da? Gizarteko legerik auzi ezik, bakotxak bere ondasunak geitu ta ugaritzeko, eskubide osoa; bakotxak orretarako al dauana egiteko eskubidea daukala ontzat emon, esan eta irakastea. Eta eskubide ori artu ta erabili dagianak, aurrekoari porrot eragin ba-dagio, kale gorrian itxi ba-dagi, orduan zer? Or konpon esan da kitu. Eskubide orregaz gitxi batzuk ondo ta enparauak txarto ba'lebiltz, zer? Gizarteko agintariak onako arazoetan eskurik iñoz be ez ei-dabe sartu bear, bakotxari al dauana egiten itxi baño. «Egiten itxi, igaroten itxi», auzia berez ebatzi daiten.

        Ondasunentzako bakoizkeria orixe da. Ainbeste urtez gizartean nagusi izan dan bakoizkeri edo liberalkeri ori, Pantzeko matxiñadearen semea da, ta ondoren asko izan ditu, txarrak, onak baño geiago.

 

Ondasunentzako bakoizkeri edo liberalkeri onen ondoren txarrok zeintzuk izan ete dira?

 

        Lenengo ondorena, auxe: Antxiñako langille batzak (gremioak eritxoenak) ausi ta ankaz gora bota.

        Zeregin eta ogibide bakotxeko langilleak, alkarri lagundu ta euren eskubideak obeto zaintzeko, antxiña be batzandu ta alkartu egiten ziran. Alkargo oneik Pantze'n 1791'garren urteko Epalla'ren 17'an emondako legeak ausi ta ezereztu ebazan. Langilleak olakorik ez eben nai. Paris'en bakarrik millaka batu ziran, ogibide edo zeregin bakotxekoak toki berezietan. Bailly ango endore edo alkate jaunagana zuzendu ziran, laguntza eske, alkargoai oñean eusteko asmuz. Alkate jaunak erantzun eutsen: «Gure matxiñada ospatsuak gizon bakotxaren eskubideak sendotu, goratu, eskubide osoak daukazuez; baña zuen alkargo edo gremio orreik legeak il ditu ta aurrerantzean ezin bizi daitekez».

        Langilleak ukapen ori entzunaz etziran naikotu: Batzar Nausira jo eben, len lez alkartuta lan egiteko eskubidearen eske. Batzarraren izenean Chapellier jaunak erantzun eutsen: «Zuen alkargo orreik jaunak eztira bidezkoak. Gizon bakotxaren eta estaduaren eskubideak baño besterik ezin aintzat artu geike, ta langille-alkargoai eskubiderik ez emotea erabagita dago». Pantze edo Frantze'ko langille-alkargoak, ango matxiñadeak il ebazan: gerotxuago beste estaduetan be ankaz gora joan ziran, geiago ez jagiteko. Onelan langille gaxoak estaduaren ta ugazaba aberatsen aurrez-aur zatituta, bananduta aurkitu ziran, euren eskubideak nok zaindu ez eukela, eta ortixek etorri dira ainbat kalte.

        Antxiñako langille alkargo aek gaur egunerako egokiak etzirala esan leike norbaitek; baña aek apurtu ta barririk, ez obarik ez bardiñik, ez ipintea, egokiago izan ete-zan? Alkargo aek obetu eikezala guztiak autortzen dabe: apurtu barik, bear ebezan obariak sartu ta aldiak eskatzen eban eraz atondu ba'lira, mesederik asko ekarriko eben gizartera; baña kistar-usaña euken ta orixe etzan nai. Aen ordez gerotxuago Barrabas-usañekoak etorri ziran eta bakearen ordez gizartera gudu ta burrukea ekarri dabez.

 

 

Ondasunentzazko bakoizkeri edo liberalkeriaren bigarren ondorena, zein izan ete da?

 

        Ondasunentzako bakoizkeri orren bigarren ondorena, zein-geiaokea da (erderaz «competencia económica» deritxoena): ola-jaun, lantegi-jabe ta salerosleen zaingeiaokea, batak bestea zapaldu nairik. Zein geiaoka ori, bear dan neurriz erabilli ta egin ezkero, txarra danik ezin esan leike. Gaur daukagun Aita Santubak be, ori autortzen dau; baña Birjiliok aitatu eban urre-gose txarra auri sacra fames, biotzen jabe egin ezkero, zein-geiaoka ori neurriz eta bidegabe barik erabiltea, gatxa baño obeto, eziña da. Zein geiaoka ori asi ta laster, zer jazo zan? Nai ta ez jazo bear ebana: arrain andiak txikia iruntsi: Ola ta lantegi andien jabeak txikiagoen jabeai porrot eragin.

        Au zala ta, aurrerago ugazaba lez euren kontura lanean ziarduen askok, ezin jarraitu izan eben, eta euren buruak, nai ta ez, alogereko egin bearra etorri yaken. Onelan lantegiak urritu ta alogerekoak geitu ziran. Aldi berean bulzkin, tamankulu edo makiña barriak asmatu ziran; naiz eskuz naiz ur-indarrez naiz lurrun edo bapor-indarrez erabilteko makiñak. Bape dan makiñeak, aldi bardiñean, beargin askoren lana egin daroa, ta sarritan olako tramankuluak ondo erabilteko, emakume nai mutiko bat naiko izaten da. Onelan aurrerago eskuz lan eginda, bizibidea ateraten eben asko, gura nai gurez, alogereko biurtu ziran.

        Aurrerakuntzak txalogarri dira ta senean dagoan gizonak ezin gaiztetsi leikez; baña gitxi batzuen onerako barik, gizarte osoaren onerako diran aurrerakuntzak txalogarriago. Asmau ziran makiñok, denpora gitxiagoan lan geiago egiteko berebizikoak dira-ta, aurrerakuntzak diriala ezin ukatu; baña gizarteko gauzak egon diran lez, makiñak berariz eta batez be ugazaben alde lan egin dabe. Ugazaba asko aberats okitu egin dira; langileak bizi al izateko euren aloger murrixa baño besterik eztabe euki: asarrerako bide egokia da ori.

        Ugazaba ta lagileen asteko auzi au zelan ebillan jakiteko, Trade Unions deritxon bazkuneak, batzorde bat izentau eban, ola ta lantegiak ikertu, ugazaba ta lagilleai itandu; batzuena ta besteena entzun eta erabagi zuzenagoak artu al izateko. James Nasmith, ola jaunak erantzun ei-eutsan batzorde orri: «Ugazabentzat langille asko lan-billa ibiltea lakorik eztago: orduan aloger txikiagoak emon eta irabazi andiagoak egiten doguz: guretzat gauzarik onena, orixe da. Nik neure ola edo lantegian gizonen ordez emakume ta mutikoak erabilliaz, irabazi gizenak egin dodaz.

        Baña orretarako —erantzun eutsoen— len zeure olan zeunkazan langille asko bialdu egin bearko zenduzan: orreitzaz eta euroen sendietzaz, zer izan ete da? Zuk ainbeste irabazi dozun bitartean, orreik zelan ibilli ete dira? Ori ezta nire ardurea —erantzun eban Nasmith'ek—. Legorra, itxasoa ta eguratsa indar itsuak darabillezan lez, gizarteko gora-berak be lege aldatu eziñak, indar itsuak darabillez, eta nire lengo langille ta onein sendiak galdu ba'dira, gizartea darabillen indar orrein errua da ta ez nirea. Gizon bakotxak bere buruaren ardurea dau naiko». Munduan Nasmith'en antzekoak asko izan diralako, Marx eta onen jarraitzlleak, batez be orixegaitik etorri dira.

 

 

Ondasunetzazko bakoizkeri edo liberalkeriaren irugarren ondorena, zein izan ete-da?

 

        Bakoizkeri onen irugarren ondoren txarra auxe izan da: bere oñarria ondasunetan daukan nauskeria (erderaz dictadura económica deritxoena). Arrain andiak txikia iruntsi esan dogu len; arrain andia be andiagoak iruntsi esan bear dogu orain. Onetarako ola ta lantegi andien ugazabak alkartu egin ziran. Alkargo onei toki batzuetan Trust deritxoe; beste batzuetan Kartels. Onein elburua, merkatuen jabe izatea; salerosia ta onen gora berak euren eskuetan eukitea izan da. Ugazaben alkargo oneik iru burrukaldi egin dabez. Alkargo orreitan sartu nai izan ezeben burkideak, beste ola ta lantegi-jabeak, indarrez azpiratu ta zapaltzeko egin eben lenengo burrukaldia.

        Burkideok iruntsi ebezanean, Trust edo Kartels orreik merkatuen jabe egin ziran eta salerosle bakarrak eurak izanik, zenbat-nai irabazi eben. Ondasun andien jabe egin ziranean, estaduetako jaurle ta egintariak euren menpean ipiñi ta eukiteko, egin eben bigarren burrukaldia. Errietako ondasunik geienak gizon aberatsok euren eskuetan erabillezan; indarraren jabe ziran ta errietako agintariei zaputzetik eldu ta legeak euren alde emonazo eutsezan: onelan ondasunen eta gizartearen jabe egin ziran, dirua baño beste Jaungoikorik ez euken gizonok.

        Ola ta lantegi andietatik urteiten ziran gauza guztiak saltzeko estadu bakotxean bear beste merkatu ez egoala-ta, nai ta ez atzerrietako merkatuetara jo bear; onelan Trust eta Kartels zein geiaoka ibilli bear eta batzuk besteen burkide ta arerio egin ziran. Atzerrietako merkatuen jabe izateko, batzuk edo besteak burkidea azpiratu ta zapaldu egin bear. Zelan? Bestelan ezin ba-zan, izkilluz eta indarrez. Onelan ola-jaun eta ugazaben alkargo orreik estaduen arteko burrukea, gudu, edo gerrea bein baño sarriago ekarri dabe.

        Ondasunetzazko bakoizkeriaren ondorenik nagusienak, orrexek izan dira. Garatz edo negozio andiak erabilli dabezan gizonak, ola-jaunak, lantegi-jabeak —askok beintzat—, aldi laburrean irabazi gizen-gizenak egin ebezan; aberats andi, aberats okitu egin ziran, eta onelan lurreko ondasunik geienak esku gitxitan batu. Irurogei, larogei, eun milloe lauerleko urteroko etorria edo errentea daukenak be ei-dagoz. Beste aldetik alogereko asko geitu ta ugaritu ziran.

 

 

Ogasunetzazko bakoizkeri onek, zelako buztarria ezarri eutsen langilleai?

 

        Lanaren billa dabiltzan alogerekoak geiago ta alogerak txikiago. Bai ba: langilleak asko, geiegi diranean, merketxuago lan egin nai dabenak be agertzen dira-ta, ugazabak olakoai begia argi egiten dautse. Ola ta lentegietan zenbat eta alogereko geiago euki; zenbat eta aloger txikiagoa bakotxari emon, ugazabak ainbat geiago irabazi. Ori ta guzti be biotzak irabaziz ezin ase: aura sacra fames. Urre-gose txarra. Gaur egunean garatz edo negozio andiak, salerosketarik geienak aberats gitxi batzuen eskuetan dagoz —ziñoan XII Leon Aita Santuak— eta aberats okitu orreik langillen aldra andiari antxiñako jopuenaren antzeko beste buztarri bat ezarri dautse. Olako buztarripean dagoana, artega ta urduri dago ta ostikoka asteko, kiñakada andirik eztau bear.

        Ondasunetzazko bakoizkeriak gitxi batzuk aberats okitu, mundurik erdiaren jabe egin ebazan: asko baño geiago txiro edo pobre, alogereko langille. Lurreko ondasunak oso txarto bananduta egozala-ta; bakotxaren jabetzea orpotik ebagi ta gizarteari emon arte, gauza onik ez egoala-ta ortik etorri zan batez be gizartekeri edo sozialismoa eta agirian egozan bidegabe orreik emon dautse indarra be. Gizarteko mallak eratsi, malla orreik bardindu egin bear zirala ta, ortik etorri ziran ugazaba ta beargiñen arteko auzi ta burrukea. Ondasunetzazko bakoizkeriak bidegabe andiak egin ezpa'litu, gaur buruka ori dan baizen garratza etzan izango. Bakoizkeri edo liberalkeri orren alde egon diranak, eztauke onetan erru gitxi. Jaungoikoak zigorrik eskuan artu barik be, astiñaldi ederrak emoten daki.

 

aurrekoa hurrengoa