www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXIV
GURE BASERRITARRAK BE SARIETAN SARTU NAI

 

        Errenten gora-berea dala-ta; Madril'go agintariak, baserrietako maizterrai azken urteokaz ugazabak, zio berezi barik, jaso dautsen etxe-errentea, eratsiazoteko eskubidea emon dautsela-ta, Langillien Batz Orokarra (erderaz Unión General de Trabajadores deritxona) be or ibilli ei-da bere sareak baserriraiño zabaldu ta maizterrak batez be sarietan sartu nairik. Entun dodanez, maizterren batzuk sare-malletan jausi be egin dira. Au, ziñez, koipe billa dabiltzan beste morroi orrei entzun eta jarraitzea baño askoz txarrago ta kaltegarriago da.

        Ugazabai etxe-errentea eratsiazo nai dautsen maizterrak, Bazkun orretan zetan sartu eztauke, olako bidera jo barik be errez lortu daikien gauzea da-ta; baña baserritar askok Langille Batz Orokar au zer dan eta nortzuk darabillen eztakie: izen ederra dauko-ta izana ta mamiña be onak diralako ustean dagoz, bear ba-da. Onezaz gañera, Bazkun onetako ordezkariak azeri zarrak dira-ta, euren asmuak, lenengotan beintzat, erdiz-erdi baño eztabez agertzen: asmu onak erakutsi ta zitalak ostendu, ori egiten ondo dakie. Erlejiño arazoa —esan daroe— ori bakotxaren zeregiña da ta, gu orretan ezkara sartzen; gu langille gaxoen alde gabiltz eta onein bizibidea obetzea baño beste asmurik eztaukagu. Langille katolikuak euren sarietan sartzeko, olako gauzak esaten dabez, baña ori guzur biribilla da.

 

 

Langille Batz Orokar onen buru nortzuk dira? Langille-Bazkun au nortzuk darabille?

 

        Bazkun onen buru ta jabe sozialistak dira, nai daben lez darabille ta nai daben lekura daroe. Madril'go Lege etxean sozialistak dira nagusi: oneik an daukezan aldunak eun da ogeira urreratzen dira ta zer nai ta axe egiten dabe. Nok eroan ditu ara? Langillen Batz Orokarrak bere autarki edo botoak sozialistai emon eutsezalako, orixegaitik daukez oneik ainbeste aldun edo diputadu Madril'go Lege'etxean. Langillen Batz Orokarrak ara bialdu ebazan aldunok, erlejiñoaren kaltean ezer ez ete-dabe egin? Ez gitxi be! Egun gitxi dala esan dau Kordero'k, Madril'en dauken buruzagiak: Langillien Batz Orokarra ta sozialistena ondo baño obeto aitzen dira; burdinbideko barrak baño geiago alkargandik urrundu barik, Bazkun biok bide batetik doaz; asmu ta elburu bardiñak daukez eta gure erkaltsein edo ministroak orain arte egin dabena, guztiok ontzat emoten dogu.

        Langille Batz Orokarrak (ugetistak) 1932'garren urtean egin eban Madrid'en bere azkenengo batzar nagusia. Urrilaren 22'an egindako batzaraldian etziran ordezkariak umekerietan ibilli: ogasuna ekarteko gai ta bide firna guza guztienjabe, gizartea egin ber zala erabagi ta argi ta garbi autortu eben. Gero sozialistak eztirala esango dabe lotsa gitxigaz.

        Batzorde eragillerako be sozialista ezagun onexek autu beazan batzarrak: Besteiro, Saborit, Largo Caballero ta abar. Igazko auteskunde aurretxuan arrokeriz esan eta aldarrikatzen eban Bestiro'k España'ko sozialistak iñoz baño Marxtarrago zirala, ta Largo Caballero or ibilli da, arteak artu, eziñik, aginpidearen jabe egiteko, ezketar gorriakin, batera matxiñadea sortu bear dabela-ta. Jaun orrein eskuetan dagoan Langille Batz Orokarra, izenez ez arren, izatez eta benetan sozialistia dala ezin ukatu.

        Izan be Langillen Batz Orokarra sozialistena da, oneik darabille ta edozein gauzatan onei laguntzen dautse; baña enetako sozialista ta katoliku batera iñor be ezin izan daitekela Aita Santuak argi ta garbi esan dausku: augaitik katoliku diran eta izan nai daben gure baserritarrak, arduraz ibilli bear dabe Langillen Batz Orokarraren izenean mesede opaka yoakezan morroi orreikaz.

        Baserritarrak, lugin edo labradoreak, euren eskubide ta ondasunak zaintzeko alkarrekin batzandu bear leukie, euretarikoa eztanik baltzu orretan artu barik: eurentzat egokia izango dan Bazkuna ipiñi, onen buru be euretarikoak izentau eta eurak erabilli bear leukie. Argiatsunik bear izan ezkero orretan baserritarrai gogoonez lagunduko leuskioen gizon argiak badagoz batean-bestean; bear danean onako gizonai eretxia esakatzea ondo da; baña bazkuna zuzendu ta erabilten euretarikoa eztan iñori be eztautse itxi bear, norbere eskubideak ondoen norberak zaintzen ditu-ta. Gipuzkoa'ko nekazariak olakoxe Bazkun edo Alkartasuna egin dabe: Bizkaia'n be beste orrenbeste egitea ondo litzake, alkarren aurka ibilli barik.

 

aurrekoa hurrengoa