www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gizarte auzia
Juan Bautista Eguzkitza
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko gora-berak, Juan Bautista Eguzkitza (Andres Urrutiaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXXII
GIZARTEKO AUZIA TA ELEIZEA

 

        Gizarteko arazoak zuzen erabiltea egiñen gatxa da. Antxiña gizartean oker andiak egin zirala edonok daki: gaur be okerrik asko egiten dala ezin ukatu. Antxiñako erririk geienak gizon batzuk azke edo libre, beste batzuk jopu edo esklabu ziran. Erri-jaurleak menpeko jopu aek ez ebezan gizon etsi, abere baño; ori zala ta, erabilliaz sautu, gastau ta amaitzen diran gauzaen jabe baño etziran jopu errukarri aek. Sozialistak, Marx'en jarraitzalleak beintzat, gizon bakotxak erabilliaz sautu ta gastetan diran gauzen jabe izateko eskubidee baño besterik ez daukala: enparau guztien, edozelako ondasuna ekarteko gai ta bide diran gauza guztien ugazaba ta jabe bakarra estadua dala garraxika diñoskue-ta, gizonok antxiñako jopuen mallara eratsi nai gaituela agiri da. Ugazaba, estadua: gizonok, orren jopu: ori ta guzti be, zoriona ekarri nai dauskuela lotsa gitxigaz esango dabe.

        Gizartean ondasunak txarto bananduta dagozala-ta, gizon batzuk aberatsegi, beste asko txiroegi dirala-ta; asarre dira sozialistak eta sozialista eztiran beste asko be bai. Asarre ori bidezkoa eztanik eztiñogu; baña sozialistak nai dabena egingo ba'litz, zer jazoko ete-litzake?

 

 

Esku gitxitan ogasun andiegiak er-dagoz orain; eta gizartekeria nausituko ba'litz, orduan zer?

 

        Orain jabe gitxien eskuetan ondasun andiegiak dagozala ta ori gizartearentzat kaltegarri dala egia da: augaitik lurreko ondasunok dagozan baño obeto ta zeatzago banandu bear dirala diñoenak, eretxi orretan eztagoz oker, zuzen baño. Au be egia da; baña sozialisten asmuak oñean ipiñiko ba'lira, askozaz be ondasun andiagoak gizon gitxiagoren, gizarteko agintarien eskuetara joango litzakez. Ugazaba ta jabe gizartea izango dala diñoe sozialistak; baña ori ames utsa baño eztala edonok daki. Ezpabe esan: ondasun orreik, nok erabilliko leukez? zetan eta zelan eralgiko diran, nok erabagiko leuke? Ori, nai ta ez, gizartearen buru ta agintariak egin bearko leukie. izena ta izana gauza bi dira: gizartea izen utsez baño elitzake izango ondasun orrein jabe: izanez eta benetan ondasunak erabilteko eskubide ta zeregiña eurenak leukiezaan agintariak, ugazaba ta jabe oneik izango litzakez; augaitik, ondo baño obeto esan eban XIII Leon Aita Santuak; gizartea gexorik dago; baña sozialistak dakartsoen sendakai edo erremedioa gexoa baño be txarrago da.

 

 

Ogasun-jabetzea aldi ta erri guztietan, beti bardiña izan ete-da?

 

        Ondasunak irabazi ta eskuratzeko bideak, aldi ta erri guztietan eztira bardiñak izan, ez gitxiagorik be. Gauzen jabetzea be ezta izan beti bardiña: erri batzuetatik beste batzuetara onetan be alde anditxuak egon dirala edesti edo istoriak diñosku; baña erabilliaz amaitzen eztiran gauzaen batzuen jabe izateko eskubidea, azke dan gizonak berezkoa dau-ta, gizon azke bakotxaren eskubide ori erri-legeak be edonon eta edonoz ezagutu ta sendotu dabe.

 

 

Gai onetzaz, zer diñosku Eleizeak?

 

        Eleizeak be orixe irakasten dausku. Gizon bakotxak zerbaiten jaun ta jabe izateko ta bere ondasunak jarauntsiz ondorengoai izteko daukan esku bidea, bere erroetan beintzat, osorik eta ikutu barik jagon bear da, diño XI Pi Aita Santuak. Eskubide bikoitz ori, gizarte osoren onaz batu ta alkartzeko bear dan bestean, neurrira ekarri bai, gizarteko agintariak ori egin dagikie; baña errotik ebagi ta zearo kendu, ezelan be ez, gizartea baño lenagokoak diran gizon bakoitz eta sendi bakotxaren erraietan sortu ta erneriko eskubidea da-ta. Sozialistak —Marx'en jarraitzalleak beintzat— bakotxaren eskubide bikoitz ori errotik ebagi nai dabe. Gizarteko matazea arilsu ta auzia ebazteko, bide txarra da ori. egin bear dana ori baño besterik da. Bakotxari berea, zuzenbidea orixe da-ta, bakotxaren eskubideak —diranak dirala— ezagutu ta sendotu egin bear dira: lurreko ondasunak, gizarte osoaren onak eskatzen dauanez, orain dagozan baño obeto ta zuzenago banandu: ondasuna ekarteko ugazaben domu edo kapitala ta beargiñen lana alkartuta diran ezkero, bakotxari berea emonaz, irabaziak be ondasun-ekarle bioen artean zuzen-arauz ainbanatu bediz: zindo ta zintzoak diran langilleai, zebaiten jabe izatera eldu daitezan, bidea le undu ta erreztu bekioe.

        Gizartean jabe do propietario asko, orain baño askoz geiago, albait geien izan daitezan, gizartearen ardurea dauken agintariak albait neurririk egokienak artu begiez, gizarteko auzi andi au ebazteko biderik zuzenena orixe da-ta. Gizarte osoaren ona egitea, agintarien berarizko zeregiña orixe da-ta, jaurgo-arazoak ondo ta zuzen erabilliaz, gizartearen ondasunak eta irabazpideak al bestean geitu ta ugaritu bear dabez. Ori gauzeak berez dakarrena da, agintariak menpekoen ona egiteko dira-ta. egiz, goiko ta bekoen, aberats eta txiroen, ugazaba ta alogerekoen ardurea euki bear dabe agintariak; baña ukondoa sendo da ken aberatsak, euren eskubideak zaintzeko iñoren bearrizan andirik eztauke-ta, iñoren laguntza bearrean dagozan langille ta alogerekoai berariz lagundu bear dautse estaduak. Beko mallan dagozan onei, gorantz igon daitezan, lege ta arau egokien bidez buktz egin bear dautse, goiko ta beko mallen artean dagoan alde andiegi ori gitxitu ta bide luze ori laburtu daiten eta onelan obeto alkar artuaz, guztiak gizarte osoaren onera, aburu batez, jo dagien.

        Ori egingo ba'litz —diño XIII Leon Aita Santuak—, gizarteari onura ta obari ederrak letorkioz: lenengo ta bein, gizarteko ondasunak dagozan baño zuzenago banandu ta nallak be geldi geldika alkargana urreratuko litzatez: gero, bakotxak bere gauzetan ardura a gar andiagoaz lan egiten daualako, lurreko ondasunok be ugariagotu egingo litzakez eta gizonak, atzerrietara joan barik be, biziteko lagin badaukela-ta, bakotxa bere sorterrian gozoago legoke. Onura ta obariok jaristeko, estaduak bakotxaren jabetzeari eztautso zerga larregirik ezarri bear; besteal jabetza txikiak zerga ta petxuz irato ba-dagiz, alegin guztiak alperrekoak izango dira.

        Gizon bakotxak zerbaiten jabe izateko daukan berezko eskubideari eutsi egin bear yako; baña lurreko ondasunak orain dagozan baño obeto ainbanatu bear dira ta orrein jabetzea al bestean edatu ta zabaldu. Eleizeak ori irakasten dau ta gizartearen ona egiteko sozialisten amesak baño bestelako sendakaia da ori.

 

aurrekoa hurrengoa