Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Egilea editore, 2010

 

 

 

Pentsamendu likido bat

hotz eta pasakorra,

zaharra oso zaharra

ibai gorriren bat arindu nahian

unibertso bat berez, nahiz ttipia,

miresgarria,

ximuen artean berezia,

obetzearren bideetan,

bide garratzetan,

eztia egin beharrari estekatuak

—bai egia!

Galdegin eten gabe galdegin

mugak hautsi nahian

alperrik agian...!

Hosto tinko baten gisa

zurrunba zaharrean

gauero xurgatzen dugun musikan,

ilargiaren euripean

txalupa iheskorretan,

irudikatzen ditugun moduan

edertasun paregabean.

Planeta txoro baten dantzetan,

berez gureak diren horien defentsan...!

Lehertuko balute agian...!

Ezinezkoa litzateke:

Bonbatik-Bunbara

Mexikotik-Limara

Benarestik-Hawaira,

doazen bideetan ibiltzea.

Ilargiak ere nigar egingo luke.

 

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Egilea editore, 2010