Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Egilea editore, 2010

 

 

Piltzarretan negua

Zirrikituetan haizea txistuka

Metalezko botoiak jelaturik

 

Kale kantoietan

Ez da aipatzen klasearteko borroka

Baina ez dago berdintasunik

 

Bertolt Brecht datorkit

Kontzientziaren gogora

 

Beste muturrean

Lunpenaren zokolua

Etxerik ez dutenentzat

Aterpe bakarra

Bertan behartsuek

Egiten dute lo

Egun osoan

Noraezean ibili ondoren

Taberna barruak

Kanpotik begiratzen

 

Goizero ikusten ditut

Kartoietan bildurik

Etsipenaren keinua

Botila hustuetan bideratzen

 

Harri txiki bat

Izan nahi nuke

Zumardian emeki

Ostikatzen ditudan

Harri txiki

Horietako bat

 

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Egilea editore, 2010