|
Amaigabeko zikloa
ANDRE BATI
I. Zortzigarren hilabetean
Ez egin so niri hain sakon, andre, zure aurpegia uhertzen baita Ez ihardun horretan gero, zure begirada baita bakarrik bake, logalea, poza, bizitzeko gurak isladatzeko, ez niri arakatzeko Ez nitaz bat ere kezkatu, irri, algara egin edo, nahi baduzu, nigar egin ere, baina ez nigatik, benetan, ez dudalako pena merezi. Zure aurpegiak islada dezala garbi zure burua. Zure begiak, berdeak, zeruzko eta kristalezko berdeak, aske mugi daitezela, bai, zureak direlako, andre, besterik gabe: amarrugabeak eta serioak, alaiak eta arakatzaileak, zeureak. Ez egin so niri hain sakon, zure aurpegia uhertzen baita Zure begiak, zure aboa, zure sudurra, zure masailak, zure aurpegi osoa bihurtzen dira zure begietan harmonia bare eta urduri bide batez, lasai eta gertu, bidenabar, biziari aurre egiteko moduan, baina itxaroten, tinko, bizia bera etor dadila. Barruan duzun biziari begiratu behar diozu, andre, ez niri, zure sabel betetik ateratzen ahalegintzen den geure kumeak berak jaso behar ditu bizi oparoaren isladak etorkizun bikainaren promesa bezala.
II. Bederatzigarren hilabetea pasa eta gero
Semea ari da bizitzen bere etorkizuna dagoeneko, promesen eta zalantzen artean iragarritako geroa. Zure sabela umatu egin da eta hiru gara elkarrekin Zeu, zara, andre, lur emankor eta koipetsua, mirestuta so egiten diozu, zure begirada hoberena, biziaren zure isladak, ilusio eta beldurraren aztarnak jasotzen hazten den haurtxoari. Eta berak badaki, edo igartzen du behinik behin, ikusten zaituen aldiro: algara, irri egiten du, beldurtu eta itxaroten du zuk bezala. Bere begiek zureen bitartez somatzen dute, urduritu, pozten da zurekin. Ezagutzen zaitu bera sortu duen lur zoragarria bezala, andre.
Amaigabeko zikloa |