Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

GAUR ERABAKI DUT

 

Gaur erabaki dut

mendiko gizon naizela, benetan,

mundua baserri bat dela

zenbait adituk, egiatan,

orain erraten dutelako

 

Orain arte hirikotzat

hartzen nuen ene burua,

nahiz eta oraingoan herrian bizi

hiriburuan jaio nintzen,

hiri izugarrien itzalpean hazi eta hezi,

Bartzelona eta Erroma zaharraren bidez

zer edo zer ikasia dut,

Bilbon egondu naiz ere

eta Venezia akitzen ikusia dut,

Amsterdamen barna nabigatu,

Firentzeko altxorrak miretsi

eta Paris ere noizbait bisitatu egin dut,

New York beti nahitaez begi bistan

eta Moskura oraindik joan nahian

eta Leningrado izan zenera

San Petersburgo zaharrean

erabat itxuraldatu baino lehen,

eta orain Cuban ibili asmotan nago,

baina sosik ez,

eta joan zen udaldian

maitale erromantiko batekin

Vienaraino ailegatu nintzen soilik,

Saltzburgen Mozart maitagarri

eta adeitsuarekin

ia hiru egun eman ondoren.

Saltzburg xarmangarrian egotean

aitortu behar dut, zinez,

ez nintzela bat ere gogoratu

entzun berriak neuzkan

hiriari buruzko zenbait kontu bereziz,

nahiz eta landetxe batean bizi

hiriko gizon zen batek

hain garbi eta anker,

baina maisuki,

bere herri eta aberriaren inguruan

aipatuak zizkidan

kondaira tragikomikoez

ez nintzen bat ere oroitu

tenore hartan;

historia guztiak,

istorio bihurtu eta gero,

ez baitira hain mingotsak,

hain krudelak,

eta itxura ona badute

gozatzeko modukoak dira ere,

kondalari hunkigarri harek

kondatuak bezalakoak

baldin badira behintzat.

 

Baina erran behar dut,

errealki, egiatan,

Saltzburg hiriak liluratu ninduela,

seguraski Mozarten abegikortasun

eta bertako dantzaren konpainiagatik,

edo agian hiru egun haietan

Saltz ibaiaren ur emankorrek

ezabatuak baitzituzten

hiriko gizonaren ipuin garratzak,

maitagarri gurekin izatekotan

edo eta historiak istorio beti

direla frogatzekotan,

bizia nolabait aurrera doan artean,

Alpeak, handik ez urrun, lekuko mutu.

 

Edo agian, pentsa daitekeenez ere,

benetan, egiatan,

Saltzeko hiriak ez ditu atsegin

bertako poeta samin harek

asmatutako historiak,

tragedia edo komedia onak izan arren,

hain zorrotz eta egiantzeko

adierazita sinesteko modukoak direla,

eta hiri ederrak,

zaharkituriko puta pertxentak

bere ajeak ezkutatu nahi bezala,

ahaztu nahi ditu,

Saltz ibaiaren konplizitateaz.

 

Orain etxean berriro,

gauza hauek hausnartuz

eta mendia ere leihotik

ikusten ahal dudanez,

gure errekak,

nire herritik pasatzen den ibaiak,

zinez, gogoratzen dizkit

poeta austriarraren

giza kondizioari buruzko istorio bitxiak,

Saltz —eta Danubio haundiak ere—

ibai ospetsuak atzendu

nahi dituen kortesana zaharraren akatsak,

eta erran didate

hiriko gizona hil dela, egiatan,

orain dela bi urte,

beren burua ukatzen duten

historia samin,tragiko eta gure garai akituendako hagitz

egiantzekoak,

testamentu gisa,

irakurtzen segitzen dugunontzat

maisuki idatzita utziz.

 

Horregatik gaur erabaki dut,

benetan,

mendiko gizona naizela,

hiriko gizona nolabait

nire baitan ere

hil baita....

Edo agian adituek ere

arrazoia baitute,

egiatan,

oraingo Lur globoa,

bai lur koipatsua,

bai lur gosea,

bai lur gaitza oro,

baserri bat dela,

eta nola banatuta

eta noren eskuetan dagoen

pentsatzen dut

jarrita

munduari

begiratzeko prest

telebista

pizten dudan aldiro.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995