|
Amaigabeko zikloa
OROIMENAREN ZULOA
Oroimenaren zuloa zabala da, zorionez, egokia da noiz edo noiz oinaze, kalteen aztarnak gordetzeko, baina ez da erabat leial eta fidagarria, batzuetan estaltzen baititu bizitzaren arrasto zikinak bakarrik geruza mehe eta fin batez eta atzaparkada berriek berehala agerian ezartzen dute aitzineko samintasun iraunkorra, etengabeko iturri maltzurraren jarioa, eta pozak ere, noizbait antzeman diegun pozak, ez dira geure burura etortzen nahi ditugun aldiro, malenkoniaz jantzitako lainoak bezalakorik ez bada, oroimenaren zuloa, malgu eta traidore, morroi apetatsu, eta badira inoiz pentsatu edo bizi izan ez ditugun oroitzapenak, unibertsoko kontu zaharrak, alegia, baina horiek ere berriro sartzen dira putzu sakon horretara gaueko mamuak bezala, eguzki berriarekin batera izar hautsaren antzera aienatuz, oroimenaren zuloa, lagun min gogaikarri, konplize kutun, iragan gorroto eta amodioen gordeleku aparta.
Amaigabeko zikloa |