|
Amaigabeko zikloa
MASKARAK
Maskarak ziren nik beti ikus nitzakeenak, ile gurizko pentsamendu isolatuak, lur honetako aingeru sasikumeak, iturri uherrak izan baitziren eman zizkiguten aukera gaitzak, balizkoak ziren beti eta ziurrak bezala aurkeztu nahi zizkiguten erabat errealak ziren mamu horixkek geureak ametsak ziren soilik, asmo lainotsuak itsaso harrotuan, baina gorrotoa eta amodioa bereiz al daitezke hainbeste zaborren artean? Maskarak mozorroak, horrenbeste behar al ditugu egiazko ustelkeriak disimulatzeko edo ematen ez den egia hutsa antzezteko behin eta berriz? Zementuzko sendotasuna omen dauka egoitza zuri horrek, arkitektu ustel guztiak bat etorri eta gero, baina nik badakit zertarako balio duen, botikak ia dohainik ugari banatu eta minaren ezinbesteko prozesu garbia zeharka desbideratzeko, petrikilo guztiak gordelekurik gabe ez uzteko asmoz. Absurdu askoren gainean datza sumatzen ditugun hainbeste maskaren zentzu traidore eta anbiguoa, eta lainoa zabaldu egin da erruz goizean hurrengo urratsa ikusi ezin izanez, agian hilda izanen gara denok zaldun handiputzak gerrarako deia egitera agertuko direnean, edo orduantxe maskarak jantziko ditugu azalean behin betiko atxekita, betirako mozorrotuta hiltzen garen bitartean, eta badakigu itzalen joku beldurgarriak jarraituko duela, ile gurizko pentsamendu isolatuak, lur honetako aingeru sasikumeak, mundua geure eskuetan dagoela sinestu nahian urtzen zaigu izotz puska baten antzera.
Amaigabeko zikloa |