|
Amaigabeko zikloa
PUTA METAFISIKOA
Andre hura zen puta metafisiko bat, benetan, nolabait erratearren. Baina, nola azaldu, hitzen bidez, neuk hain garbi ene baitan sumatzen dudan irudi aierukor hori? Ba omen dira poeta metafisikoak, eta hori uler daiteke noizbait, eta izan omen ziren filosofoak ere adjetibo ponpoxo horretaz apainduak, eta irakur daiteke beren testuren bat hizkuntza aberasteko asmoz, fosilak aztertzen diren gisa, baina posible ote da bi kontu horiek egiatan elkartzea, puta eta metafisiko, alegia? Bai, zergatik ez? Ulertzen badugu eta noizbait onartzen ahal badugu ere berbako politikariak badirela, olio eta ura irabiatu, nahasi, agitatu eta gero behin behinean biltzen diren era ikusten badugu behintzat... Ongi hornitua zen andre hura, titiak, aldakak, izterrak, ipurdia, norberak bere irudimenean aise emagalduen gainean dituen itxura propioak bazeuzkan puta metafisiko hark, eta profesional iaioen ahalbideak ere, baina ez zuen bere lanean sinesten edo ez zuen bat ere profesionaltasunik, sexuarekin zer ikusirik ez duen etxekoandre etsitua zen hura, edo bere senarra ez denarekin andre zintzoak izaten ahal duen ama galduaren jarrera esistentziala zeukan, edo oraindik bere gizona denarekin ohantzean emagalduaren itxura egin nahi ez duen emazte ondraduarena, edo isilpeko puta baten antzera beste senar leial baten bila dabilen andre temoso dibortziatuarena, edo emakumeren baten amodio fisikoa onartzen ez duen gizon batekin lotuta dagoen lesbiana ezkutuarena, edo aita desberdinekin seme-alaba anitzen ama izan den emazte elizkoia izan eta gizon legalari pazientzia eskatuz amodioa infinitua dela dioenarena, edo... eta ni neu benetako makarra naizela badakit guzti hau errateagatik eta oraingoan hori uste dut tenore hartan puta metafisiko hark horixe nintzela erran zidanez gero, eta mundua putetxe haundi bat dela uste dut ere, baina badaezpada norberak bere txokoetan gordetzen ditu susmo hauek, badaezpada, intimitatea noiz edo noiz bidezkoa bada, behingoz.
Amaigabeko zikloa |