Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

AMA ARRUNTA

 

Ama arrunta da ene ama,

ama arrunta da horren ama

eta denon amak

horrelakoak dira, arruntak, antza,

baina Jesus haren ama

aparta omen zen,

ama birgina,

Jainkoaren ama, jainkosa ez den

ama misteriotsu bat,

gizona ezagutu ez omen zuen

ama zerutarra,

hemengoak huts egiterakoan

asmatutako beste batengan

badaezpada

babes ziurra aurkitzeko,

edo eta Jainkoaren bide korapilatsua

nolabait samurtzeko,

ez dakit, baliteke,

baina ama arruntarekin soilik

geratzen naiz eta

honek huts egin eta gero

umezurtza izanen naiz

gizakien modura,

babesik gabe,

harro eta alai,

heriotzaren zain.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995