Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

KAFKAREKIN PRAHAN

 

Bi mila bostehun kilometro nekez egin eta gero,

arroztegi anitzetan gaua eman eta gero,

hondarrean, ailegatu nintzen Praha misteriotsura

eta juduen hilerria kanpotik ikusi ondoren,

turistaz mozorrotuta,

beste ehunka, milaka begiluzeren artean,

ausartu nintzen ene kontu,

jabearen deia ziurtatu gabe,

Gaztelura igotzera,

Kafkaren gaztelu izugarrira, hain zuzen,

baina orma zahar haien artean

ez zegoen inor,

ez zegoen jaberik,

gazteluko artisauen etxetxoetan ere

ez zegoen inor,

bakarrik atarian soldadutxo dotore berriak

aurkitu nituen

argazkiak egiteko mugimendu irrikoak eginez,

baina hutsa zegoen Gaztelua,

ez zegoen jaberik, ez zegoen inor,

eta desilusionatu nintzen nonbait,

horregatik, etxerako bidea atseginez egin eta gero,

Kafka tristearen letren artean murgilduta

aurkitu nuen berriro

amestutako gazteluaren misterio bikainaren

irtenbide bakarra, hau da,

mehatxatzen gaituzten jabe guztien aurka

egin dezagun aurre...

hain urrutira joan gabe ordea.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995