Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

HASPEREN

 

Hasperen egin dut

eta inork ez zekien zergatik,

nik ere ez,

jaulkipen animiko bat

dela ematen du,

presio gehiegi dagoenean

sortzen den ateraldi ezinbestekoa,

bizitza gogorregia baita

dena barnean gordetzeko;

egunsentiko lainoak

segitzen du gero

eta eguzkiaren ausentziak

ez nau beldurtzen,

ez nau aspertzen ere;

isiltasun gorrotagarria,

areriotasun nabaria,

lagun minaren pribilegioa;

ikusi nuen behin «lehoia neguan»,

hitzen zama ederra,

gorroto eta boterearen

joku dialektikoa,

baina odolak ez zuen

eskenatokia zipriztindu,

hondarrean urak

zakar guztiak garbituz,

familia zintzoetan bezala,

bakea ekarri zuen

bukaeraren lasaitasun

desiratuarekin batera.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995