Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

PLATONEN ERARAKO AMODIOA

 

Platonen erara maite dut

neska zurbil hori,

barnerakoia da

ni adina behintzat,

begi lotsatiak ditu

eta herabea da itxuraz,

baina sumatzen ez den

bere barneko ikusmena

desira suharrez beterik

dagoela ziur nago,

ausarta da bere modura,

espeleologo berriaren antzera

edo bizia arriskatzeko ere

gertu dagoen eskalatzaile

bakartzale eta bipila bezala

sarri imajinatzen dut,

horregatik da sekretua

geure idilioa,

burutik burura doan

kontzientzia telepatikoa,

mendia eta mendizalearen arteko

atsegin izpiritual eta isila,

aztarna fisiko eta zakarrak

uzten ez dituen amodio berezia,

maitasun unibertsala,

Platonen erara,

mundua sortu zuen bezalakoa,

baina ustekabean

ideia eta irudirik lizunkoienak

ene burura datoz

neska zurbila ikusi edo

beraz pentsatzen dudan aldiro,

eta susmatzen dut

nire grina iraunkor hau

hain platonikoa ez dela,

bart gauean ohantzean

izan nuen hazi isurketa eztia

nire pijama zikinduz

ikusi eta gero.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995