Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

BELAUNALDIAK

 

Urdinez jantzitako gizon zaharra

izan zen herrixka honetara

lehen aldiz etortzean

ikusi nuen lehen pertsona

eta gogoratzen naiz galdetu egin niola

non zegoen udaletxea,

aiuntamentua, berriz, berarentzat zelarik

Sarritan ikusi dut geroago

bizikleta urdin batean

hemengo errekaren ura iragaten

ikusten dudan era berean,

eta jakin badakit errekak

ur hori itsasora isurtzen duela

eta noizbehinka bertan ttu egin

edo harri bat botatzen dut

eta anitz euria ari duenean

uholdeka jeitsi eta betetzen dela

jakin badakit,

baina oraindik ez dut ezagutzen

zer dagoen gizon zaharraren ganbaran,

nahiz eta berarekin maiz solas egin,

gerra egin zuela, bai,

baina noren aldera isuria zen

ez dakit ziur,

batzutan noren aurka oraingoan

dagoen susmatzen dudan arren.

Eta espero dut,

urdinez jantzitako gizon zaharra

hil eta gero, bere semearekin

bakeaz solas eginen dudala

hemengo errekaren ura itsasora baino lehen

Bidasoara isurtzen duela

eta hor mugarik ez dela

zubi anaia baizik

biok bat gatozelako

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995