Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

SUIZIDAREN ALABA

 

Suizida baten alabarekin

maitemindu nintzen behin,

ez zen neska lirain, ederra,

baina erakargarritasunik bazuen,

biziaren distira,

desioen pilpira,

lurraren usaina.

 

Ez nuen bere aita ezagutu,

eta ez nuen ikusi ere

nola sartu zuen eskopeta ahoan,

garuna logelan barreiatuz,

biziaren distira,

desioen pilpira,

lurraren usaina.

 

Suizidaren alaba deitzen zioten

herrian, zurrumurrutan,

baina nik miresten nituen beti

neska erakargarri harengan

biziaren distira,

desioen pilpira,

lurraren usaina.

 

Alabatxo bat egin genuen biok

inori baimenik eskatu gabe,

suizidaren iloba deitzen ziotela

banekien, baina nire hazia zuen,

biziaren distira,

desioen pilpira,

lurraren usaina.

 

Urte gutxi barru bigarren suizida

izan zen herrian eta jende ziztrinak

ez zuen ulertu zergatia,

pertsona hari faltatzen zitzaizkiola

biziaren distira,

desioen pilpira,

lurraren usaina.

 

Gero izanen da hirugarrena

eta gaia aztertzen hasiko dira adituak,

baina inoiz ez dute bat ere

ulertuko zergatik usteltzen diren

biziaren distira,

desioen pilpira,

lurraren usaina.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995