Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

LURRAREN IZU
ETA HOTZIKARA

 

Atoiuntzia untzizkaldu egin da

itsas handian eta hondarrean

bota du herrestan zeraman

bere karga beltza,

lur erraietatik ateratako likido astuna,

gordeleku itzel horietan

lotan eta bakean zegoen

miloi urtetako fruitu iluna,

eta berehala bizidun guztiak

izutu egin dira

mamu goibel honen isurpenarekin bat,

heriotza baitakar batetik bestera

gerra txukun honetan,

odolik gabeko ikuskizun beldurgarri honetan,

atoiuntzia untzizkaldu egin da

berrehun urte hauetako egundoko

giza ahalegin alferren porrotaren antzera,

hazi isurketa gozoa bailitzan

kitzikatu isurketa izugarri hori,

lurraren izu eta hotzikara...

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995