|
Amaigabeko zikloa
AMODIO DEKLARAZIO BAT
Ni ez naiz ur haundiko arraina, ni naiz jende arrunta, ni, azken finean, gaixo bat naiz, zoritxarreko lehiakide galtzailea, baina neu naiz daukadan guztia eta preziatzen dut guzti hori, ni ez naiz ur haundiko arraina, ni naiz emakume pila bat seduzitu nahi lukeen porrot egindako amorantea, ganoragabeko gizakume aspergarria, seme-alaba anitzen aita zapuztua, baina neu naiz daukadan guztia eta gogoko dut guzti hori, ni ez naiz ur haundiko arraina, ni naiz emagaldu guztiekin oheratu nahi lukeen senar zintzoa, zenbait krimen garrantzitsu egin lezakeen hiltzaile koldarra, artelan miresgarriak irrikatzen dituen artista kaskarra, baina neu naiz daukadan guztia eta atsegin dut guzti hori, ni ez naiz ur haundiko arraina, ni naiz jabeen ondasun distiratsuak gutiziatzen dituen menpeko alferra, negozioak egiten ez dakien analfabetoa, bere papera antzesten ez dakien aktore txarra, baina neu naiz daukadan guztia eta maite dut guzti hori, ni ez naiz ur haundiko arraina, ni naiz hainbeste misterio ulertzen ez duen sinesdun eskeptikoa, lagun mina maiz mintzen duen izpiritu zimeldua, ongia eta gaizkiaren artean bereizten ez duen eta egunero aitortzen den errudun iraunkorra edo kulparen zentzurik ez daukana, baina neu naiz daukadan guztia eta guzti hori onesten dut bihotz bihotzez.
Amaigabeko zikloa |