Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

ATSEGINKOITASUNAREN
IRUDI ZEHATZA

 

Geure etxeko katua arrunta da,

kaleko guztiak bezalaxe,

mestizo eta nahasketa anitzen

emaitza ederra,

baina atseginkoitasunaren irudi zehatza da,

atseginkoitasuna bera da,

beltz, apetatsu eta berekoia,

loti, alfer eta jostalaria,

lepo gainean gurgura egiten didanean

sumatzen ditut lengoaia zahar baten

zantzu garbi eta urrunak,

ez dakit zertan zehar

ene adimenera heltzen den

dei misteriotsuari antzematen diot

ile gurizko bere azal iluna

laztantzen dudan aldiro,

eta goizetan bakarrik

agurtzen nau miauka,

edo bere gustuko janaria

prestatzen dudanean,

baina geure etxeko katua

ez da bat ere txakur fidelaren antzekorik,

ez da bat ere leiala,

eta jokaera hori gogoko dut,

berak baitaki bere kasa bizitzen,

harro, apetatsu eta lotia,

geure janari-hornikuntza

doi-doi modu anitzetan eskertzen,

eta ehiztari zapuztuaren plantak

egiten du noizbait arrunt ongi

euliak eta objektu alferrak

harrapatu nahian,

bizkor, zalu eta basati,

geure etxeko katua arra da,

baina emea deitzen diogu hasieratik

eta berari begira ulertzen da

nola zenbait andreri 'katemetxo'

noizbait deitzen zaien,

eta, bere izaera sobera ez korapilatu

eta gurekin geratzeko asmoz,

orain dela gutxi albaiteroarengana

eraman genuen antzutzera,

eta orain kalearen deia ez du sumatzen

edo sexuaren lehiak ez du kezkatzen,

zoriontsu irudituz,

etxekoak gustura berarekin

aise sentitzen garelako,

penaz eta minez antzutzera eraman genuela

aitortu behar dut, benetan,

baina badaezpada galdetu behar diot

abereen elkarte babesle horri

ea hori ongi dagoen ala ez,

moralaren aldetik,

hauxe pentsatzen dut bere mingain latza

nire eskua lamikatzen

eta bere begi argiak niri begira

sumatzen ditudan bitartean,

mutu, benazko, arakatzaile,

geure etxeko katu arrunta,

atseginkoitasunaren irudi zehatza.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995