Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

ANDRE BATEN KEZKAK

 

Sokarrari zuen aurpegia gizon nazkante hark.

Gustatzen zitzaizkion izugarri

hamabi-hamahiru urteko neskatxak,

baina ez zuen Navokovek bezala

nobela eder bat idazteko aukerarik izan.

Horregatik, eskolako maisua zenez,

laztantzen zituen neskatxak

beren gurasoen baimenarekin,

erantzukizun handiko gizona baitzen

Non eta aurpegian bakarrik

eta sorbaldan ere eskua jartzen,

naturaltasun oroz,

erakusten zien bere laguntasuna,

aita baten kezka,

amodio debekatu baten erakuspen errugabea.

Horrelaxe egiten zidan nire osabak,

hamalau urte bete nituen arte,

bere begietan

nik aurkitu bainuen

andre bat jadanik nintzela,

desideratua, begiradaz beste lekutan laztandua,

eta beldurra sartu zitzaidan gero.

Orduan ez nekien nola estali nire bularrak,

gero eta haundiago bihurtzen ari zirelarik;

nire lotsa zen hura,

ez nuen ote andre bihurtu nahi?

Sasoi hartan nire ama ez zen konturatzen

ditiak han zirela denon begien pean

eta ni bularretakorik gabe,

nire lotsa ezin mugatuz.

Oraingoan ez da bularretakoaren problema,

biluzik eta agerian baititut ditiak,

uda bakarti honetan,

hondartzan jendetzaz inguraturik,

eta gustatzen zait erabat

gizonen begirada laztankorra,

zergatik ez?

Baina, berriz, aurpegi sokarrari hori

ezin dut jasan,

nire ondoen dagoen andre nazkante

horren begirada, hain zuzen ere.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995