Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

ASASINOAREN HITZAK

 

Asasinoaren hitzak etxean

gordetzen ditut grabatuta

eta bere irudia ere ikusten da

bere krimena argi eta garbi azalduz:

gartzelan dago orain

bere ugazaben hiltzailea,

ikasia ikusten zaio

bere burua ulertzeko modukoa,

azkarra eta itxura txarrekoa,

gizakorra eta ankerra bide batez;

kondatzen du nola eta zenbat

sastakada bere jabeari

eman zizkion lotan zegoelarik

eta gero ugazabandreari ere

labainkada anitz sartu zizkiola,

nahiz eta bere asmoa ez omen izan;

hilketa perfektuaz solas egiten du

bere koartada kaskarrak

harrotasun bentzutuz

aipatzen dituela,

egiazko asasinoaren papera

pelikulan onartuz.

Baina gartzelan dagoen hiltzaileak

ez du eskatzen oraingo askatasuna,

bere kulpa ordaindu behar baitu

hurrengo mendeko berak

ongi dakien urte batera arte,

bere bizitza ia akitua

izan eta gero;

asasinoak ez dio inori barkamena

eskatzen eta ezagutzen ditu

pertsona bezalako bere eskubideak

eta aldarrikatzen ditu sutsu

kameren aurrean,

psikologo, psikiatra eta

horrelako aditu guztien kontra,

bakean uzteko eskatuz.

Asasinoaren hitzok erakusten dute,

bere eskuen bidez bereziki,

zenbat sekretu nahi lukeen

agerian jarri, baina ezin,

orain arte izan omen duen

laguntza eskasa dela eta,

haurrekin duen keria berezia

justifikatzen saiatzen den bitartean.

Asasinoaren hitzak etxean

gordetzen ditut grabatuta

eta bere antzezpena ikustean

ia ez dut sinesten

benetako hiltzailea denik,

fikzioa eta errealitatea

hain nahasturik direnez.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995