Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995

 

 

TIRABIRA

 

Hilezkortasun eta iraunkortasunaren

arteko tirabiran badago diferentziarik,

lehenbizikoa da harroputz eta ezgizatiarra,

eta hori dela medio

beti izan dugu asmaturiko jainko guztiekin

problemaren bat, antza,

Ez, ez nuke hilezkor izan nahi

arima aukeratuak bezala,

iraunkor baizik,

arbola lerdenak bezala,

ehun eta berrogeita hamar urteko zuhaitzak,

hemengo pagoak bezala bederen,

edo harriak, haitzak bezala,

mila eta miloi urteko harkaitzak,

fosilen bat nire barruan gordetuz:

hau etorkizun ederra,

iraunkortasun sendoa,

eternitatearen aurkako iraupen

denboral infinitu bat,

horrelaxe iraunkor izan

eta fosil baten antzera

ene baitan geldirik egon, itxaron,

lagun aditu baten zain,

nigan gordeturiko sekretua

berari komunikatzeko moduan,

noizbait, nolabait.

Eternitateak, hilezkortasunaren absolutuak,

zenbait angustia sortzen dit, ordea,

jainko hilezkorrek adina,

kontu jasanezina izanen baitzen

gizakumeontzat orain mundua

ezagutzen duten eran eternalki

bizirautera kondenaturik izatea,

baina zuhaitzak edo harkaitzak bezala

iraunkor izatea paira dezakete,

eskuhar baitugu denok hori hala nola.

 

Eta «historiara pasatzeak» bete al lezake

jarraikortasunaren giza asmo hori?

Ez dut uste, enetzat,

historia zabortegi haundi bat baita,

non aurki ditzakegun beti elkarrekin,

herrietako konkistatzaile asasinoak,

etengabe apaiz gorenek bedeinkatuak,

eta bakezale ankerki hipokritak,

edo beti bentzutuen interesen aurka

garaileen gertaera epikoak

idazten dituzten literato aspergarriak,

edo traidore xumeen kondaira itzelak

luzaro eta zehazki

denon eredu moralerako kondatuak

eta traidore izugarrien, genozida eta

inperioen sortzaileenak, berriz,

aurrerabide eta behar historikoen

mozorropean ezkutuak ere,

gaurko boteretsuen interesen arabera,

eta iragan jende arrunt eta xehearen bizitza,

istorio ofizialetan ez dagoen benetako protagonista,

beste ipuinen bidez asmatu behar dugun artean.

 

Ez, ez dut nahi historiaren zaborrean sartu,

ez eta arima bikainen hilezkortasuna lortu ere,

zuhaitz, haitz, fosil baten antzera

hil eta gero iraunkor izan

eta kito.

 

Amaigabeko zikloa
Joakin Balentzia

Kutxa, 1995