Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa

 

LES BAIGNEUSES DE COURBET

 

Itsusia zarela erran ornen dute

Gorputza ez duzula mannequin batena

Salatzen du gaindika zaiaren ospeak

Halaber mintzo dira mamitsu tinkean

Bular-zorro, besainko ta sango-sagarrak.

 

Ez zara ez anfora gerriko meharra

Aristokraziari Greziak emana

Pegarrarena duzu grazia nasaia

Buztin oparo batez herrian egina.

 

Laborarisa edo langile gazteak

Amatuz duen eder bete gihartsua

Begitartea berdin, borobil eztia

Hogei-hamar, berrogei urteko batena

Emakume hainitzen edertasuna hots.

 

Herrian hola dira ehun eta mila

Eta maite ditugu, ederrak zaizkigu

Mannequin-en eiharra uruski ukatuz

Zaiekin, zorroekin hain dira panpinak

Deus barik ederrago agian noiztenka

Herri guztietako Venus langileak.

 

Agur, herri xeheko maja beztitua!

 

Baina zer da gertatzen? Zaia da erori

Eta denen aurrean zaude buluzgorri

Jauntzian edo gelan hain ederra zena

Bilakatzen itsusi orain bistan dena

Ilargi lasai hori ezin da ikusi!

 

Farisau ta mannequin ditugu nagusi

Horien diktadura behar dugu hautsi

Batasuna eginez burutik ohera

Gelatik ondartzara, kaletik ostera.

 

Edertasun guziak ez dira berdinak

Hegalkari guziak ez dira panpinak

Sagarra ez da lore, fruitua ez lili

Udaren oparoan ez da udaberri.

 

Geografi harrigarri, historiak zaitu

Astunki zizelatu lanez eta haurrez

Giharri aberatsez ugari kargatu

Emakume zorien hanka ospetsuek

Nesken ixter arinek bezain hartze dute

Itsasoaren eta soaren laztana.

 

Aragi sakratuak, edertasun mamuz

Eder izigarriak miresten zaituztet

Bi begiak zabalik itsura begira

Maitasun oso batez iresten zaituztet.

 

Agur herri xeheko maja biluzia!

 

 

Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa