Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa

 

POESIA

 

Baratze izkutu hortako morkoak

Zuretzat dirate oneski eskatzen

Ditutzun aldikal, atea zabalik

Dukezu, larrosen ezpainek otoiztuz

Gainera sar zaiten, Jokonda dohatsu

Zenbaiten azpiko irriño batekin.

 

Baina

merezi

behar da

erleak

eztia

bezala.

 

Itsaso lanjeros hortako golkoak

Zuretzat dirate serioski bilatzen

Ditutzun aldikal, ontzia gerturik

Dukezu portuan, zerua usnatuz

Behar lez mariñel zuhurra zoriontsu,

Arraintzan usu du haizea berekin.

 

Baina

lan egin

behar da

mariñel

onaren

gisara.

 

Hortako

Arrosaren zazpi gona gorriak

Zeronek asmatu behar ditutzu

Arantzen atzetik.

 

Hortako

Itsasoko hiru naia gahuntsu

Goitu behar ditu itsasturiak

Ametsen ertzetik.

 

Baina hortako

Arrosa otoiztu

Et'arantza jasan

Behar duzu.

 

Baina hortako

Itsasotik edan

Eta hartan urtu

Behar duzu.

 

Baina baina

irudikeria bat basa-mortuan lez

luhertzean ihes doakit itsasoa.

 

Baina baina

oasis galdu baten usain galdua lez

iresten dit arrosaren gorri goria.

 

Desertuko kameluzain bat

baizik ez naiz

Babylonako baratze goren atean.

 

Kanaango menditar soil bat

baizik ez naiz

Tyr eta Sidoneko portuen aurrean.

 

 

Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa