|
Itsasoak iraultzan ILARGI BERRIAK Urte hartan etorri zen Bazko baino lehen uda. Martirak berpiztu ziren Ekaineko azkorrian. Arraultz opila jan zuten Aitamekin sukaldean. Laster Praka Irabarna Komentuan sartu zen Arantzazun alabaina Eta Pasaiko portuan Euskaraz ikasi zuan Musika Herzog Enrique Jaun ospetsu horrek ere ... Eta hona miraria Nola dugun etorria: Bakea, emazte, Bakea zurekin Eginenko dit. Ilargi zaharretako ilunbe luzetan, Zein guduka lazgarriak gure lurretan! Zeruko sua harturik, Hartan burdina landurik, Noren aurka, Nork ote orain badaki? Noren alde, Iñork orain ez daki... Azken batean, Ezin bestean, Zuri atea dardoaz bortxatu nizun, Zuri bai gerla irabazi nizun Zoritxarrez Pyrrus honek! Bi nigarren artetik Artoa baino haundiago Hitzeman zenidan gazta. Egin bedi zure nahia Elgean bezala ohean ere, Amen! Ez amen ez birjinen ez puten ez besteen ahotik holako agintzarik ez sinets ez onets. Etxean artoa mehe, Baina gaztarik batere. Ai, ei, gaizo ni eta gaixo zu, ene lagun tristanta. Gerlari baten indar mandoa, Ametsen amets antzua! Ni, ni, ni ... Nini! Niri hire besoak, elgerako. Niri hire sabela, oherako. Bere gelaria behar din gerlariak, Senar duenak, Jauna badin, Allah Jainkoa! Ez hakiena gauza soil eta arrunt hau: Aberastsak din hazten abereak hazten diozkan sehia, Esnea ohera ekarten dion neskatoa. Etxe oneko etxekandere egin hintudan, Ez haunat usu zanpatzen, ilean behin doi-doia... Estima zan arren, hik jabe ona dun! Andere Amaia bera, biziaren Ama-Lurra, Jabe On Goiko egin nuen, Ar bihurtu nuen, suzko dardo batez armaturik, Ortzi, Jupiter, Deus! Baina zure bihotz mina, urzo gorri, ene lurretarik ihes urrungo zeruetara ihintz bita, nongo hedoi beltzetara itzal eske. Esku laster zu soroan baina sukaldean ezpainak motx, ohean bularrak xorrotx, atx, gibel aitzineak hotx... Antzu ene indarrak. hau dinagu idortea. Eihartzen haritz ondoak, hil-zorian artzan-hora, agortu iturriñoa. Gure karlosak ostatuz ostatu, jo hara, jo hona. Gure mutxurdinak gerla gorrian, beti frantzesez. Etxe ondarra jan behar diküzie, laster ospitalialako gütützü tristant eh bat bezala. Orain aski da, bai aski gerla. Ez zaitut, maitea, haboro setiaturen., hertsaturen, bortxaturen, zapaturen. Ez gudua, maitasuna. Burdinazko dardoa sura botaturik, olibatze adar bat txitxukatu dizut, eskulpitu, adelatu. Hona edalontzi hau, ori sagardoz beterik bakearen izenean, harrazu eta edan otoi. Hola mintzatu zen gizona 1977 garrena zelako urtean, ilargi berrietako lehenean. Sukaldetik baratzera, saltegitik lantegira hegalez urzo xuria: Jakin duxuia berria? Euskal-Herriko emakumeen biltzarra akelarren egin zen ilargi xuritan: berrehun mila emazte ta neskatila gazte, neskatxunak eta neskatoxeak eta neskatxak kondatu gabe. Gizonkien ikuspegitik askaturik, arren nahikeriatik biluzirik, larru gorri zauden, larru zuri, hori edo beltx, denak ederrak, oro garbiak Eba guztiak. Goiko arren ordezkari zenbait Madriletik etorri zen laster eta Parisetik noizbait, apal-apalik, ustekeriez ontutsik eta atorras, arrosa korda lepoan, sagardo kopa eskuan, bakearen eske. Ez ziren ez ministro, ez deputatu, ez senatore, are gutiago prefet ez gobernadore. Jatorrak ziren, xuxenak, langileak, auzo elkarteek aukeratuak, gizon pollitak gainera. Gaua zen eta goxo zen eta bularrak librean airos, sabelak hegoan uros Hondarribiko ondartzan eta Hendaiako plaian, Ekaineko ilargitan emazteak fandangotan... Halere gizon pollitak ez zituzten izorratu, ez zankardoxka bortxatu sabelean punpeka guztiek lerro-lerroka. Bakea zieten deklaratu. Tratu bat finki egin zen. Hau zuen pundu lehena eta halaber azkena: emaztea zazpi amorioz maitatuko du gizonak, hau ber gisan emazteak, baldin merezi badu, hortan eta guztietan elgarren bete baitaude, biak berdin dignitatez eta ere eskubidez. Hargatik emazteari haurren ekartzea beti, humerik nahi badu: nolaz daiteke bestela? Ordainez emakumeen Foruak Araudi gisan berriturik eta puska bat emendaturik bistan dena, berpiztu zituzten. Amnisti osoa eta orokorra gizonei eman zieten, aitzineko bekatuak barkatu arkeriari ez berriz lotzekotan. Iraultza bat egin zuten guztiek elgarrekin Euskal-Herria libratuz. Bat Ama-Lur, azpikoa, eta Jabe On, goikoa, zerua eta lurra, Alpha eta Amaia. Etorri zen berriz ihintza, emetu zen lurra, lilitu arrosa. Bernat Etxepareko zena saindu egingo zuten, emazteen fabore ta defentsan idatzi zuenaren omenez, amorioz egin zien ongia gatik lehenbiziko saindu arra, eta ez agian bakarra, Jon Doni Bernat Etxepareko oilarra izan ez balitz, goi arra izan ez balitz. Beraz emakumismoaren profeta, emaztegoaren igarle ar bezala zuten goraipatu harri gorrizko irudi batean. Geroztik haren Salmoak debozionekin abesten dira afal ondoan sagardotegian. Betiereko bakea Iruinean izenpeturik, laster Gabriel Aresti eta Jon Doni Mirande euskal heterodoxoen elehuskara batuan gazteek oihustatu zuten herriko eliz'atean. Aste beteko jaialdia ospatu zen lur osoan. Zazpigarrena, pausatzeko, besta egin gau guztian. Izarren soinu ixila, bihotzen dantza geldia Eta zahar gazteen jauziak! Berrogei gauez, euria eztiki ortzirik ez harririk gabe. Berrogei egunez, pausordua arraheinki, lotsarik ez ahalgerik gabe. Orain ez dago nausirik ez eta herriko jaunik. Artoak zazpi buru, ardiak zazpi axuri, behiak zazpi xahal. Zazpi bihotzekin haurrak. Bizian zazpi aldiz iraultza gerlarikan gabe ilargi berrietan. Eskerrak abestu beti Biziaren Amaitari, Goiko eta Pekoari, Eta zorionak orori, Halabiz
Itsasoak iraultzan |