Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa

 

OTSOGORRI

 

Basabürüko hegian

Orhi et'Ahüñamendi

Gure giganteen erdian

Bat, bi, hiru Otsogorri.

 

Zü lehenik gaiñekoa,

Düdarik gabe handia.

Apal baitüzü ttipia,

Hirugarrena pekoa.

 

Arren gainek'Otsogorri,

Zü egiazk'Otsogorri,

Balio dükezü Orhi

Gorat ere abantzüñi.

 

Goratarzünez abantzü,

Ederrez lehen zira zü.

Orhi errege badügü,

Zü erregiña zütügü.

 

Otsogorri, Otsogorri,

Zure hegian azkorri,

Zure maxelan sokorri,

Aldepean nor egarri?

 

Ipar aldeko baxetan,

Zelüko hurak turrustan

Ehün kanako jauzitan

Arrokatik jauzten Pistan.

 

Pistaren alde gainetik,

Ttünttür baten ttünttürrean

Harespil bat biribilik

Soropila orlegian.

 

Arbasoen hilerria,

Arimaren baratzea,

Hitarik hüllan zelia,

Heben denekin batzea.

 

Zaharren eki saintia,

Artzainen lür sakratia,

Hortik, sentoralaria,

Besarkatzen dün mündia.

 

Kürkürian sargia bat

Zuri zabal, Otsogorri.

Hantik sos Maidalenalat

Bazterrak zoin txorogarri!

 

Portilloren haraintian,

Eguerdiz eki xurian,

Hüxtülan hegoa latza,

Eta üngürüz ügatza.

 

Zü halaber, Otsogorri,

Bortien andere xuri,

Nafar aizeen mezülari,

Bi hegalez iparrari.

 

Batetik Malta, Ardane,

Miraküilüzko arana.

Baxen ez bahiz herabe,

Sar beste mündian barna

 

Bestaldetik Harlüzia,

Bürüxieta, Zakia,

Etxahunen Igelua,

Begien bazkatzekoa.

 

Erditan gure segeretia,

Bide gabeko ibarra,

Hur bizien ütürria,

Misteriozko indarra.

 

Han artzainen erresuma

Bihotzez maite dügüna,

Baina heben dün arima

Hurtatzen daikün arana.

 

Goian Utürrurdineta,

Hoinetan zilar tzapasta.

Lamiñak leizen behera

Hantik jaixten ümen dira.

 

Udako ekitoltzetik

Goazan sendaren behera

Turrustaren saihetsetik

Oihanean freskatzera.

 

Borroka beroz aserik

Mendien sabeliala

Utzültzen nün, desertütik

Edenek'oasiala.

 

Ixilünean ostoz osto

Xortaka itzal güzitik

Sartzen zaikü baketürik

Negüko elürra oro.

 

Hau da gure gordagia,

Zelü lürren opiloa,

Xiberoaren erroa.

Lürreko paradüsia.

 

Bagoen katedralean

Ala hegiko argian

Ni heben Joseba baino

Ahalaz tobaritxago.

 

Ardaneko soropila,

Otsogorriko maxela,

Arranoaren hegala

Et' aizearen txürüla,

 

Ttünttürreko harrespila,

Turrustaren jaitx ahala

Eta bagoen itzala

Beti horra zaizt bistala.

 

Otsogorri, Otsogorri,

Zoin llabür plazer hori!

Zütarik Pettarriala,

Ametsetik laniala!

 

Udako ihes lekia,

Negü beltzeko lehia,

Leihotik zütüt ikusten

Zelian txütxüt argitzen.

 

Batean elürrez xuri,

Bestean urdinez bezti

Edo hegoetan gorri,

Bortüko andere Mari!

 

Zure bistan, Otsogorri,

Nahi nüke zühür bizi,

Zure bistan, Otsogorri,

Zühürki bizia ützi.

 

 

Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa