Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa

 

ITSASOA

 

 

                      1

 

Ekitoltzean opa, hor zaude baketsu,

Larru legun, uhin-gabe ta gori batean,

Eguzkiaren musu garbi'aski zaizu

Baina haren distira behar'zu betean.

 

Eta ni, legorreko gizon, bakan natorkizu

Iluna, ez jakina, itxaron gaberik,

Arraun oker batean ura urraturik,

Argiaren ordainez burua dena su.

 

Uholdeak orduan sagailoaren kaldan

Astindurik narabil ur beroen maldan,

Naietan ontzi hordi, zuk desjabetura.

 

Galernaren zilborrak, azken zirimolan,

Ondartzara bota nau eta baketurik

Nago, zure indarraz orain txaranbelan.

 

                        Indar eme, emankorra,

                        Zutan daukat iturria

                        Ta helburu gurgarria,

                        Ene ametsen alorra.

 

 

                      2

 

Gizonkia, uste duk amodiozk'obran

Haizela nagusia. Ohart hadi arren.

Mariñela, zein ttipi haizen galernaren

Begiak hartzen hauen zirimola hortan.

 

Pentsa zein bakuna den hire oldar hori

Eta soila ontzia. Aldiz mila margo,

Uhin, olde, dirdiraz aberats azpiko

Mundu sakona, mila ñabarduraz jori.

 

Joairak errespetuz harturik ertzean.

Haren altxorrez dituk sareak betetzen.

Ekaitzaren hegitik portura heltzean,

Haren ortzadarraz duk leihorra hezetzen.

 

Zuhurtu nahi denak, Ulyssek bezala

Itsasoaren lotsa eduki dezala.

 

 

                      3

 

Itsasoko banintz sortu,

Haren uholdean sortu

Nintzateke, uren askatzeko.

Lurreko bainatz gertatu,

Nehor ez bedi engaina,

Ezin izan naiz arraina.

Baina eme gabe, bizi gabe

Litzateke mundu gaina.

 

Artzan-hora ez da otso.

Ur gezala ez da goxo.

Nehor ezin izan ber denboran

Mariñel eta itsaso.

Ahal banaiz humanista,

Neholaz ez feminista.

Ez nuke nahi gizateria

Bizi dadien erdizka.

 

Ezin da itsasturia

Bizi guduka gorrian

Edo itsaso maitetik bazter.

Hor baitauka iturria.

Begi urdin-berdeen bistan

Nor ez da sendi artista?

Hetarik urrun ez nuke nahi

Bizi hau bizi erdizka.

 

 

Igortze:

 

Itsasoa, itsasoa,

Lurraren gero beroa,

Hi gabe gure mundua

                    ez nun

Neholaz ere osoa.

 

 

Itzultze:

 

Itsasoa, maite haunat

Bake uren lotsa diñat.

Bake zuzenezko arraun oldez

Etortzen nun hire ganat.

 

 

Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa