|
Itsasoak iraultzan GORPUTZA Ene itsasoa ta ene uhartea Gorputz et'arima da, ber-ber emaztea. Lehena mila bider dut goraipatua. Bestea zer gatik da ezin kantatua? Zure begiak izar argiak, guztia zeru zola leinuruz berde-urdinak. Zure biloak odei harroak ta basaihenak, ta zur'ezpainak ezin erranak. Zure besoak bago basoak, gaizo maitale honen babesle. Haien erdian zure bularrak dira eperrak mendi hegian bezain ederrak. Zure gerria da mandolina bezain eztia ta txirribika ez da hain fina. Zure bi ankak berriz gitarra bezain azkarrak. Azpi sendoak arku ondoak. Zango arinak zutabe finak. Goi ta pea sotila, erdia papuna, Hiru tontor mazela puxantez aztuna, Borobila, betea, desiren erpiña, Emaztegoa hor da zinez erregiña. Amodiozko lore, aho maitalea, Gorputz et'arimaren ateka gordea, Larrosa gorria, Ezpainez joria, Opar'idekia, Botzez dantzaria, Txorabiatzen naizu maite zaitudanez. Haboro ezin erran, ez bada laztanez. Emaztearen gorputz oso maitatua Kantatu behar zaitut merezi duzun lez Baina zure aurrean nagozu beldurrez Enetzako baitzara guztiz sakratua. Zoritxarrez hortik pasa da bekatua: Historiaren barna zenbat izan zara Saldua, zapaldua, joa, bortxatua, Ta nitan azkar daukat ar tzarren adarra. Lotzaz beterik bainaiz, ezin dirot erran Inozenki, ederki, nahi nuken eran, Lehen Adamek nola zaituen ikusten. Nere hutsa maizegi baiterauzut uzten, Barka zadazu otoi lotsa eta hotza, Begi, bihotz. adimen, asmu, hitzen motza.
Itsasoak iraultzan |