Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa

 

EMAKUMEEN LOREAK

 

Euskalduntsen ederra

Zazpi loretakoa

Maitaleen aranera.

 

Gizona baldin bahaiz,

Xarpotxa ta morkoa,

Lanosa ta sagarra.

 

Matxoa baldin bahaiz,

Asunaren mingarra.

 

Pottoka bahaiz,

Ote lilia.

Astoa bahaiz,

Kardu lilia.

 

Edozein abereri

Kapar eta elorri

Arantzaz ugaria

Baina lorez urria.

 

Nork bere izaria

Xuxen du ezarria.

 

Gizonki maitatzea,

Zuhurtzian sartzea.

 

Euskalduntsaren ederra.

Maitalearen arauera.

 

Izpiriturik badugu,

Toki legorren artean

Artzain-lorea mirets dirogu

Arkaitzen bakardadean.

 

Bihotz bat aurki dirogu

Liliaren gorputzean,

Ta izpiritu argi bat

Emakumeen bihotzean.

 

Iparraldeko erdaran

Korte jakintzaz josita

Mintzatu zen, Margarita.

Zure kantore nafarra.

 

Euskaraz ote mutua

Emazteen izpiritua?

Eta gure hizkuntza maitean

Al da ezin laudatua

 

Arimarik badutenentz

Emakumeek, zalantza zen.

Izpiriturik Euskal-Herrian

Oraino zaie Ukatzen.

 

Amodioa euskaraz

Kanta ez dezakegia,

Arkanjekuen gisara

Ez bada, oso nagia?

 

Emakumea euskaraz

Maita ez dezakegia,

Beste herrien gisara,

Arima et'aragia?

 

Ala herri donadoan

Ama, birjina, gelari,

Sehi eta sukaldari

Egon behar du zokoan?

 

Mutil zaharrez betea,

Emakumerik gabea,

Herri hau ezin da hola bizi,

ez ar eta ez emea.

 

Gizonak badu teknikaz

Lur osoa menperatu,

Emakumeak du oro

Xotilki zibilisatu.

 

Luna teknikaz idorra,

Hotza, motza, sorra, gorra,

Basa urguluz mozkorra,

Bonba batez da izorra

Et'esperantzaz agorra.

 

Teknika hutsaren botza

Aski entzun da, zorrotza.

Ezti bedi arraren adarra

ta mintza berriz bihotza.

 

Mintza barneko argia,

Funtsezko entelegia,

Zeinek baitu argitzen guztien

arima et'aragia.

 

Arima du aragitzen,

Gorputza du arimatzen.

Itsu ta mando gure indarrak,

ez baditu arrimatzen.

 

Euskalduntsaren ederra,

Zokotik zaite atera

Barnetik duzun indar gordea

Ez dadin egon alferra.

 

 

Itsasoak iraultzan
Jean Louis Davant

Maiatz, Uhargi 6, 1986ko martxoa