|
Itsasoak iraultzan ERDIZKA, ERDI HIZKA Oraino ezin zaitut kantatu osoki Hargatik egin zaitut erdi oneski, Jende onak ez diten hortaz eskandala Gure jansenismoa ez baita makala. Euskadin badago Ezin erran asko: Gauza haundiago Ta hitz gutiago. Halere oro nahas ez dezagula. Ez ditzagun bat egin Eros eta porno, Uste zaharrez hortan gaude oraino. Emazteen gorputzean ez dago zikinik, Gure baitan da zerbait erditik eginik, Gerrarenzalea, Baliatzalea, Pazentzi gabea Bai ta herabea. Salba Eros, burutik ondo gaudeno. Euskaldunak ez duke aholku beharrik Bainan Eros euskarak du arrozturik. Detxepare, Oihenart, Bilintxez geroztik Amaia ta Mikel, Lurdes eta Lete, Bestalde hainbeste Ahazten dut ote Eginbide ederra dutenak bete. Zorionez Eros da ezin erosia, Zoritxarrez porno da oso merkea. Beharrik amodioz nago egosia, Hargatik erraitea zait oso nekea. Ez dira gailenak Ene hastapenak. Hobeak dirate Agian hurrenak. Hitz hauek ez dituzket araiz azkenak. Kantaturenko zaitut, gogoko emazte. Kantaturenko zaitut trebatu arte Bai ta gero berriro, ahal bezain ongi Ene bihotzaren ardo eta ogi, Begien gozoa, Eskuen betea, Ametsen atea, Asmuen urzoa, Adamen mirarizko lagun maitea. Nahiz ez daitekean lur hontan Edenik Beti mugitzen gaitu ezin edenak Geroan ditugula egun ederrenak. Baina boztutzen nuzu elgar eridenik Munduko bidean Ni zure aldean Miretsirik nabil Arantzen artetik. Eba gabe Adamek ez du bakerik.
Itsasoak iraultzan |