www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama beneragarri Josefaren bizitza
Agustin Kardaberaz
176?, 1882

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa  

AMARGARREN BURUA

 

JOSEFA BENERAGARRIAREN ZENBAIT BERTUTE,
DOAI ETA MIRARI BEREZITUENAK.

 

        Josefa miragarriaren bertuteetan sartzea ondogabeko itxaso batean ondatzea deritzat. Aren Fede, Esperanza ta Karidadea edo Amorea, bere bizi guziko jardun-gaiak izan ziran. Fedean aurtasunetik zeruko mirari bat berea izan zan. Nondik edo nola eztakigu; baña edo Aingeruak edo Ama Birjiñak bere lenengo agerraldian, arrazoiaren ezagüeratik bereala, dotriña jainkozkoa, edo fedeko misterioak maisu eta eskolagabe ederki eta argiro ikasirik geratu zan, eta jakintsuak bezela guzien arrazoi eman zuen. Sakramentuetan orobat, eta batez ere Aldareko Sakramentu, edo Eukaristia Jainkozkoaren fede guzizkoa, eta edade artatik betiko biotzean josi zitzaion fede, eta Jesus-en Biotzeko amorea, eta añ sarri, edo egun oro komulgatzeko deseo, gose eta egarri bizi beti zeukana iñoiz beregandik kendu ezin zuen.

        Jainkoaren ontasun baztergabea, bere ispillu jainkozko onetan ikusi eta aren fedearen betezarri edo gai eragillea zan. Andik Jaunaren obra miraritsu, bere amoreak gure alde eragin ziozkan Misterioak, edo Gizon egitean gure aragiz jantzirik agertu, eta zerurako bidea ogeita amairu urtean bere dotriña, mirari eta ejenploakin erakutsi zuen: nola bere Pasioan, ill baño len, miraririk andien, edo amorezko Sakramentuan ezkutaturik guretzat geratu zan: mirari oietan Josefa-ren fedeak bere jardun-gaia oi zuen.

        Fede onetatik aren esperanza firme segurua jaio, eta bere biotzean alako sustrai sendoak ezarri zituen eta gertaldi askotan miragarritasun andien frutu ugari eta miraritsuak animen salbaziorako eta komentuaren onerako Josefak bere orazioan atera zituen. Bizitza labur onetan esan diran gauza mirarizkoren batzuetan au ondo ikusi zan, Fede eta Esperanzaren ondoren bertute guzien Erregiña edo Karidade edo Amorea dator: eta Josefa amoretsuaren biotzera bere aurtasunetik amore eder au txit ugari edo neurrigabe etorri zan, eta onen bizi guzia bere Jabe bakarraren Ontasunaren amore bakar izandu zan. Amore onezaz bizi bazan, beraz erretzen, urtzen, desegiten eta illtzen zan. Onen gañeko gerra-aldiak eziñ banaka konta litezke: eta egia garbiro esateko, Josefa maitetsuaren intenzio garbi tolesgabea eta deseo nasgabe guziak zeruko karidade garbi onen suak eta garrak, edo labe bizi, Jainkoak bere amorez irazeki bat, izan ziran.

        Amore onen siñale seguruak ziran Jesus maitearen Misterio guziakin zuen jaiera beñere ase etzan eragille bizia. Jesukristoren jaiotza, zirkunzizioa, eta bizitza, eta onen pasio santuko pauso eta penak Josefa bere Esposaren amorezko ta dolorezko erregalo jainkozkoz betetzen zuten. Zer esan liteke bada Jesusen Biotzeko amore ondogabeak Eukaristia edo Sakramentu orretan Jaunaren Ontasun guziaren iturri bizian Josefak zituen ondasunaz, eta komunio Sagradurako aurtasunetik asi ta gero bizi guzian iduki zuen su ta garrezko egarri biziaz? Mirari esan baño andiagoak komunioetan ikusi ziran. Komunioa zan beti aren zeruko erremedioa, eta osasuna.

        Ama Birjiñari Josefak zion amorea zeruko ezti edo esne gozozkoa zan, eta Ama maitagarriak txikitatik bere alaba estimatu onen biotzean sekulako josi zuen. Onetan eta bere San Jose maitetsuaren, San Migel eta baste jaierako Santuak anima garbi au doai eta mesede andiz bete zuten: eta Josefak ori ondo ezaguturik, orien amorean neurri edo modurik eziñ arkitu zuen. Fede, Esperanza eta Amore onen antzekoak ziran beste bertute nagusiak. Guztizko aren Karidadea, guzien ongille bere konseju santu eta betiko orazioakin on egin naia, animen salbaziorako bere zelo eta egarria ezin esan ditezke.

        Bere ongilleakin Josefak iduki edo gorde zuen esker onaren legea, intenzioaren garbitasuna bezela bere jaierako Santu maite San Ignaziogandik ikasi edo artu zuen. Batean edo bestean bere biotzeko fintasunik garbienaz jarraitu zion. Ala Santua, nola Josefa onetan txit asko siñalatu ziran. Bientzat egiñal guzia gutxi zan, eta ongilleai pagatzeko zer egiñ etzekiten.

        Anima ditxazko onen espirituko pobreza aren ama maite, eta ondasunik estimatuen beti izan zan: lurreko gauzen premia gutxi, añ beartsua zala, ikusi zuen: eta emen bean bere zeruko biotz aberatsak zer-erantzi gutxi arkitu zuen Jainko guzia berea zuen, eta besteren bearrik etzuen. Garbitasurean añ goiz borondatearekin konsagratu, eta gaitzgabetasun garbian beti aingeru izateko Jainkoak gorde zuen, Obedienzia bai, eta beste nairik, eta ez zerurako beste bide segururik ez oi zuen. Bere Esposo Jainkozkoaren antzera, ill arteraño obeditzalle beti egin zan. Egiazko bere umilltasunak ondorik ikusi etzuen: egunoro Jainkoaren eta bere lagunen arrean ezerezago, eta ala umillago zan.

        Josefa miragarriaren neke-penetako pazienzia eta eramana, aren penitenzi, mortifikazio eta beste santutasunen siñaleak ñolabait esan dira, eta esankizun geiago da. Orañ Jainkoaren doai, edo grazia siñalatu batzuek esan bear dira. Etorkizunen berri Jainkoak daki, eta beraren argi edo profeziaren doaiarekin Josefak txit askotan etorkizunak ezagutu, esan, eta ark esan bezela gertatzen ikusi ziran. Santa Cruz-ko komentua zierto fundatuko zala, eta Engrazia Kristo-rena, eta Klara Enkarnazio-koa an moja izango zirala Jaunak argiro agertu , eta fundazioan pensatu baño urte askoz lenago esan zien, eta ala gertatu zan.

        Engraziari beñ esan zion: zure dotea onelako obran Santa Cruz-en gastatuko da, eta berak ala ikusi zuen. Ama Klara-ri Loiolako Kapilla santa onetan konsuelo andiko profezia bat esan zion, eta esan ziona txit zuzen ikusi zan.

        Logroñon zegoenean Josefa konfesatzen zuen Jesuitak Ama Maria Teresa abadesari kontatu zion, profezia bi Jesuitari esan ziozkala, eta biak Jainkoak bete zituela.

        Abadesa onek berak perill andiko anditsu bat zeukan, eta barberoakin jardun bearko zuelako beldurrez txit estu zegoen. Josefa-ri bere naigabea kontatu, eta onek segurutu zion, gizon bearrik izango etzuela, eta sendatuko zala; baña bere garbitasunezko moldesiagatik Abadesa beldur zan. Eta Josefak esan zion: Ez, Jainkoak esan dit gizon bearrik eztala, eta orretatik sendatuko dala; ala sendatu zan.

        Profezia txit agiria izan zan erri oietan. Nobizia bat Santa Cruz-en uste zan: arentzat serbilleta bat eskatu, eta Josefa Santak esan zuen: ez bat, iru serbilleta bear dira. Mojak farraz zeuden; baña laster profezia ikusi zan: bada Ama Jazinta San Migel-ena nobiziatzat Azpeitiatik zetorrenak, lagun bi berekin ekarri, eta biak Jazintarekin supitoan moja sartu ziran: bi oiek Fausta Jesus-ena eta Maria Josefa San Gabriel-ena izan ziran: eta irurak luzaro neronek Santa Cruz-en ezagutu nituen.

        Era askotan onela etorkizunak eta biotzetan askok ezkutuan zeuzkatziten gauzak Jaunaren argiak agertu, eta Josefak esan zituen. Esan diran Abadesa eta lagun asko testigu izan ziran. D. Agustin Agirrekoak berak kontatzen du orrelako mirari baten testigu izan zala; eta nerekiko D. Agustin berari profezia siñalatu, guziok ikusi genduena, gertatu zitzaion. D. Franzisko Idiakez, Valladolid-en ill zanean, zeruko argiz berri ori jakin zuen. Kapilla santa onetan meza enzuten zegoela, D. Jose Zuazola ill zala ikusi zuen; eta orobat onen ama D.ª Ana Lasalde noiz ill zan, eta bere konfesore Aita Zupide Loiolan Jainkoak noiz eraman zuen.

        Pekatuan zeuden askoren kulpak, munduan bizi zala, argiro Jainkoak aien erremediorako erakutsi, eta Konfesoreari esan, eta ziranak penitenzia egiñ, eta Jaunaren bidean jarri ziran.

        Beste mirari andi asko ikusi dira, eta mesede txit siñalatuak Jaunak bere Josefa maitea onratzeko egin ditu. D.ª Maria Josefa Baronesa Ilustre D. Agustin Agirre-ren illoba, eta bearrekoen egiazko Ama, aurgitetik txit estu, eta iltzen zegoen. Estura artan bere Amandre D.ª Juana Corral-ek ikusi, eta lasterka Ama Birjiña eta San Joseren Desposorioko Josefa Santaren estanpatxo bat eman zion. Fede biziaz ori artu, eta Abe Maria bat baño len ditxarik andienaz aurra egin zuen, eta au an zeuden guziak miraritzat ikusi eta kontatu zuten. Osaba D. Agustiñ-ek Señora au examiñatu, eta esan zion, beti Zeruko mirari anditzat, eta Josefa Santaren mesedetzat iduki zuela.

        Villaerrealen au gertatu zan: eta andik laster beste mirari bat. Josefa Lekuona illabete osoan aurgiteko oñaze-miñak txit estutu zuten: azkeneko iru egunetan are geiago, eta emagiñak zekusela, argalez Legiak eziñ idiki, eta illa bezela geratu zan. Aren Ama negarrez desegiten zan. Auzoko Andre bat estuasun artan Josefa Santa-ren estanpa esan danaz oroitu, eta, lasterka joanta, eskatu zuen. Mirari andia! Estanpa ori eman, eta bertan aurra egiñ eta osasun betean geratu zan.

        Villaerreal-en bertan Franziska Aranburu terziana txit luze eta gaizto batzuekin galdurik arkitzen zan. Aren trabaju gogor eta pobrezaz Baroi Jaun D. Jose Areizaga-koa kupituta, Josefa Beneragarriaren toka puskatxo bat fede guziaz bialdu zion. Ori Andre gaxoak artu zuenean, sukar bizian sartzeko ordu gutxi palta ziran; baña ez egun artan, eta ez aurrera, geiago gaitza etorri zan: eta osoro libre Josefa-ren bitartez geratu zan.

        D. Juan Fernando Ibaseta eta D.ª Daria Mikaela Olaberen semetxo zortzi illabeteko bat Lekeition kalentura bizi estu batek artuta, Medikuak itotzen ikusi, eta dudagabe illtzen zala, sinistu zuen. Aren guraso jainkotiak Josefa-ren txit adiskide eta jaierakoak izandu ziran: eta semea agonian ikusi, eta fede biziaz aren toka-puska bat bularrean ipiñi zioten, eta urre-telazko kasulla bat Santa Cruz-ko komentuari egitea promestu zuten. Bereala semea sosegatu, eta osasuna iritxi, eta guziak deadarka, miraria, miraria! barreatu zuten. D. Franzisko Urrizola mediku sonatuak ori guzia ondo pensatu, eta esan zuen: aren osasuna gauza berezko edo oi-bezelakoa etzala, ezpazan berezkoaz gañekoa, edo Jainkoarena, eta oni guztiak eskerrak eman ziozkaten.

        Onelako beste asko emen falta dira: eta paper gutxian guziak eziñ esan. Gure Jainkoa bere esleituetan beti miragarria. Josefa bere Esposa miragarriaren miraririk andiena Josefa bera bere bertute arrigarrietan izan zan. Onen bitartez Jainkoak guzioi bere grazia digula, aren biotzeko intenzio santa garbian ari jarraitzeko, eta ark bezela amore andiaz Jaunaren gogoerako dana, eta Jaunak nai duena, beti egiteko orañ geron bizitzan eta gero beti-betiko glorian. Amen.

 

AZKENA

 

aurrekoa