www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama beneragarri Josefaren bizitza
Agustin Kardaberaz
176?, 1882

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN BURUA

 

JOSEFAK BERE PROFESIORAÑO
ZERAMAZKIEN BESTE PENAK.

 

        Nobizi onek ainbeste neke-trabaju jarraitukoakin bere gorputza guziz eroria bazedukan ere, tormentu andiagoak eramateko bere espiritu sendoak laguntzen zion; eta argatik eskatzen zien Abadesari eta konfesoreari bere gorputza geiago ta geiago kastigatzeko eskua. Baña ematen etziotela ikusirik, egun batean eskatu zion konfesoreari utzi zegiola bost edo sei ontzako bronzezko gurutze bat lepotik ixekita erabilltzen. Konfesoreak utzi zion eta ala oi zekarren beti, baña progatzen zuena zan, izanik gurutze hura berez añ ariña, nola nai ere, Jainkoak ala naita, guziz pisutzen zala.

        Batez ere Ama Santisima Doloreetakoaren egunean, komunidadearen orazioko orduak berotasun guziaz bukatu, eta sentitu zuen pisu andi bat, erlijiosakin komuniora alderatzea galerazten ziona. Gero Prima, Terzia eta Sestako orduetan neke onek an ziraun, eta Nona asitzean ainbesteraño geitu zan Gurutzearen karga, non, gorputza makurtzen zion. Nona bukatu, eta Erlijiosakin bazkaltegira joan bear zuenean, uste izan zuen, ezin mugi zitekeala ezezik, erlijiosa guzien aurrean lurrean kolpe andi bat eman bearra zala ere; zeren mendi bat bizkar-gañean bazeukakean bezela, gurutzeak pisatzen zuen. Oi ez bezelako gauz onek biziro estutzen zuen, eta argatik otoitz labur batean Jaunari eskatu zion, arren! bere borondatea bazan, utzi zegiola erlijiosai jarraitzen, eta ala bere orazioaren frutua iritxi zuen. Alabañan elizkizunak bukatu, eta Abadesak esan zuenean: goazen bazkaltegira, karga hura bereala arindu, Eta nobizia ezeren eragozpen gabe geratu zan.

        Nobizi au guziz igaroa geratu zan, arako erri guzia eta auzo-erriak arritu eta izutu zituen ezbear gogor, bere nobiziaduko denboran gertatu zana aditu zuenean. Parrokiako Bikario D. Franzisko Eizagirre, gau batean bere etxera zijoala, bere elizaren ondoan esku gaitzkille sakrilegoren batek illotzik utzi zuen; bada, amalau ta geiago estokadaz, bere gorputzean arakintza bat egin zuen. D. Franzisko au bertute andietako apaiza zan, eta bere Arzai-beargaietan guziz arretatsua. Prenda eder oekgatik, eta Josefaren konfesore izan zalako; onezaz bear zan estimazio guzia egiten zuen. Nobiziak anima onen alde bere obra on guziak gure Jaunari eskañi, eta au ill zanetik laster, joan zan gau batean oiera alako eriotz supituko eta gogorrean bere anima salbazioko portu edo zeruetaeo Erreinura iritxiko ote zan beldurrarekin. Naigabe eta pena onekin lo kuluskak artu zuen, eta onela zegoela, agertu zitzaion apaiz jaun hura arpegi grabe eta alaiarekin, ornamentu ederrez jantzia, eta bere eskuetan Jaun Sakramentatuaren kopoia bezelako bat zuela. Agerkera onek eman zion atsegiñ-kontentuak esnatu zuen, eta agerraldi onek eman zion barrungo atsegiña egun oro argatik erregutuaz, bere bizi guzian gorde zuen.

        Bete zan nobiziaduko urtea, eta Komunidadeak erabaki zuen D.ª Maria Ignazia Hurtado Mendozakoari profesioa ematea, milla seireun, larogeita amabigarren urteko Pazkoa Erresurrezioko irugarren egunean, egun batzuez atzeratuai gure nobiziaren profesioa. Baña Jainkoak, atzerapen gabe Josefa profesatzea nai zuela, agertu zuen, au izan zediñ bere Erlijioko boto edo promesak Santa Cruz-ko komentu berrian beste iñork baño len eskañtzen ziozkana.

        Bere lagun Nobizia profesatzeko siñalatuta zegoen egunean goizeko lauretan, bat-batetan etorri zitzaiozkan biotzeko garraztasun guzizkoak; eta oni zerbait laguntzera erlijiosak joan ziran. Konfesorea deitu zuten, eta onek bereala Elizakoak eman ziozkan, onelako txarraldiaren indarrez laster bere bizia emango zuelakoan. Biotzak, bere lekutik irten, eta kolpe gogor eta agiriak ematen zituen, oieko estalkiak jasotzeraño. Biotzaren ibilli oni laguntzen zion naigabeak illarena zirudien; eta ala hitz onak esaten Abadesa bera ari zitzaion. Abadesak esan zion, eska ziozala Jainkoari onelako naigabe miñak zerbait arintzea; baña onek eranzun zion: Ai Ama! au gorputzaren zuzpertasunean pensatzeko garaia ezta, baizik animarenean. Agoni oek iru orduan iraun zuten, eta bitarte onetan izan zan profesatua Josefa, Jaunari bere promesak egiñaz arako munduarentzat illak dauden anima onak egiten diozkaten bezela.

        Elizakoak eta profesioa artu ez al zituen, bizitza berri bat artu zuela zirudien, edo sendagarri oekin sendatu zala gaitz-aldi artatik, bada txarraldi hura ez ainbeste zetorkion gorputzaren umoreetatik, nola Jainkoaren amoretik. Abadesak eskribatu zion gertakari au Aita Berreiarzari, eta onek eranzun zion onela: «Profesioan agertu zuen Jainkoak ezen au mundurako illa nai zuela; eta biotza bere lekutik irtetea, Jainkoak beretzat artzea zala». Eman zaiozkagun eskerrak bere Majestade Jaungoikozkoari, Erlijio santu onetan Josefa beretzat nai zuela obraz agertu digulako.

 

aurrekoa hurrengoa