www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama beneragarri Josefaren bizitza
Agustin Kardaberaz
176?, 1882

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN BURUA

 

NOLA AMA JOSEFA JAIERA EDO DEBOZIOAN
ETA SANTUTASUNEAN AURRERATU ZAN,
ETA NOLA SEI URTEAN ABADESA IZAN ZAN.

 

        Birtarte onetan irurogei urteetaronz zijoan Josefa, eta Jainkoaren egiazko bidean beti; baña orañ geiago aurreratu zan: bere lagun santak bertute guzien ispillu bizi eder bat beragan ikusten zuten: santutasunaren argi ederrak aren barrengo espiritu garbiak, bere umilltasun, mortifikazio, pazienzia, karidade, mansotasun eta Jaunaren amore garbi eta animen zelo eta erregla santuen neurri betean erakusten zituen, eta guziak zeruko ejenploen usai gozoarekin Jaunaren amore eta atsegiñean bere ondoren zekartzien. O eta indar zeñ eragille eta atsegiña duen santutasun aren edertasunak, eta orren ejenploak! Urte oietan bertuteen eta zeruko mesedeen mirari andi asko Santa Cruz-en, eta Josefaren egikeretan ikusi ziran.

        Zortzi eguneko ejerzizioak fundaziotik Etxe santu onetan egiten dira; eta orietan Jainkozko espiritua berriro beti erlijiosetan sartu, eta Zeruko karobi baten gisa irazekitzen dira. Josefa-ren anima, ondo garbitutako ontzi bat bezela, iturri artan zeruko ur garbiz bete oi zan: eta erretzeko jaiotako egur igarra bezela Aita San Ignazioren su ta garrezko konsiderazio bizietan bere Jainkoaren amore garbian osoro urtu edo desegiten zan. Argatik Aita San Ignaziori beti jaiera berezikoa izan zion; baña geroago ta geroago biotz guziko estimazio eta erreberenzia, zerutik izan zituen argiakin santuaren gloria añ oi-ez bezelako eta goratua azaldu oi zuen baña txit gogotik jarraitzen zion, eta Josefak nai bezelako santua zuen.

        Onetan bere Esposo Jainkozkoak santu-justuen bide bi erakutsi ziozkan; oietatik zerura guziak zijoazen. Bide bat zabala, eta justu guzientzat jakiña, eta emendik geienak era askotara zerura zijoazen. Beste bidea txit estua, eta lurreko justuen artean gutxirentzat egiña; bide au zala anima txik santa, edo Jaungoikoaren amore guziz garbi, nasgabe, berekoi eztana zutenena, eta beren gogo bizi guziaz gauza guzietan Jaunaren gloria eta atsegiñik andiena bakar-bakarrik nai ta billatu zutenena. Ignazio bide onetatik bere biotz prestuenaz beti zuzen eta beti egunoro eta gorago igo zan, eta Jainkoaren onra eta gloria asmo eta gogo garbienaz billatu zuen; orregatik Josefak txit beneratzen, estimatzen, eta santu askoren artean siñalatua bezela maite zuen.

        Bere Ama Santa Brijida-ri, aragizko Serafin San Franzisko umillari, San Antonio Padua-ko miraritsuari, Emeterio eta Zeledonio martiri gloriatsuai jaiera txit andia zien: orien eta bere beste santu artuen egunetan eta beste askotan, zeruko mesede asko zor zizten. Illean beñ suerte onaz artzen diran Santuakin siñale miragarriak ikusi izan zituen. Santo Tomas, Elizako Maisu-aingerua, bere aingeruzko garbitasunagatik Josefak guziz berea zuen. Aren bezpera batean bere orazio moduaren gañeko beldurrak Konfesoreari agertu ziozean. Onek santua guzirako Maisu zeñ andia zan eta orazioa ondo egiteko ikasbidea eska ziozala, esan zion: eta orra non Josefa ikustera Santua etorri, eta aurore guziaz esan zion: Oraziorako gure Jaunagan Maisu txit ona daukazu, berak ondo erakutsiko dizu: orrekin Santuak konsolatu zuen.

        Dotriña onetan anima esleitu au obeto segurutzeko Jesukristok beñ esan zion: Ni naiz zure Maisua: nik erakusten dizut: zurekin nago ni. Josefak bere kezka oien artean esan zion: Jauna, nere deseo oek beren atsedena non arkituko dute? Eranzun zion Jaunak: Nigan. Zer billatzen dezu? Bear dezun guzia nigan daukazu. Erregalo Jainkozko oiekin biotza amorez irazakita, Josefa amorez eta mirariz bezela bizizan edo ill bear zuen. Jaunari bere su bizi onetan esan zion: Onela, Jauna, nik ainbeste deseatzen dedan eriotza laster etorriko da? Eta Jaunak eranzun zion: Nola ibaiak itsasoan sartu artean gelditzen ez diran, ala zure biotza bere zentro edo lekuan sartu arteraño geldituko ezta. Beste beñ esan zion: Nere amorez illko zera zu. Onelako fiñtasun eta amorezko erregalo asko denbora oietan izan zituen.

        Esan diran jaieraz gañera guziz berezia zien Santiago Apostolu, gure Patroi andiari eta onen anai San Juan Ebanjelariari: Santiago-ri, zeren Ama Birjiñaren Seme estimatua bizitzan eta eriotzan izan zan, eta bizitzan Ama Birjiñak erregalatu eta eriotzan lagundu zion, eta Josefak bere bitarteko bietarako artu zuen. San Juan-i jaiera gozo bat zion, zeren Jesusen biotzeko ikasle erregalatuena, eta Ama Birjiñaren kutun preziatu, eta Jaungoikoaren Semeak bere ordeko seme laztan Ama Birjiñari siñalatu eta egin zuen. Josefa zorionekoak amore siñalatu onetan gusto txit ona zuen: eta zuk ere, nere irakurlea, Anaia santo bien jaiera gozo ori eriotz on baterako beti artu bear dezu.

        Santu guzien doatsuen San Jose guziz maitetsuarekin Josefaren amore paregabea nork esan lezake? Jesus maitearen Aita-ordeko, eta aren Amaren Esposo egiazko doatsua bezela estimatzen eta adoratzen zuen, eta esanal baño zeruko mesede andiagoak aren eskutik artu, eta biotzeko esker onak ematen ziozkan: bere Santua eta guzirako esku txit andiko bere bitartekoa zuen. Ama Birjiñak eta bere Seme Jainkozkoak Josefa-ri egin ziozkaten mesede eta erregaloak, eta Josefak orien ordañez egin zituen alegiñak kontatzea gauz andiegia, eta luzegia litzake: zerbait esan da, eta orrekin, labur bederen, geratu bearko degu.

        Goimalla onetan zegoen Josefa, eta bere Esposo Jainkozko Jesusek Fundatzalle bien ondoren komentu ditxazko artako Abadesa egin nai zuen, eta erlijiosak orretan zeuden. Lenengo bere espirituan eskallera bat beñ eta berriz ikusi zuen: bost malla zituen, eta Jaunak ara deitzen zuen. Beldur zan Jaunak igotzeko agintzen zion: baña Josefak esan zion: Jauna, goi orretara ni eziñ igoko naiz bakarrik: zuk igo nazazuke. Egia da, esan zion, zu zerez eziñ igoko zerala; baña mesede ori nik ziri egiteko, nere Amari deitu bear diozu: bada orren bitartez animai nere graziak egiten diztet. Bereala beti bezela bere Ama maiteagana biurtu, eta aren mantupean seguru sartu zan. Abadesa egiteko egunak baño len Jesus onak Josefa-ren amorea iru bider esamiñatu zuen, San Pedro-rena bezela. Mendi goitu batera Josefa igo, eta galdetu zion eztiro: Zenbat maite nazu? Pensa ezazu Josefa umilla naitasunezko mesede onekiñ nola egongo zan. Eranzun zion Josefak: Jauna, zenbat nai dizudan eztakit; baña Santu eta Aingeru guziak, San Migel eta nere Aingeruak ainbat amatu nai zindukedala badakit. Galdetu zion berriz: Zenbat maite nazu? Eta Josefak esan zion: Jauna, zure Ama guziz Santak ainbat. Irugarrenean galdetu zion: Zenbat maite nazu? Josefak amorez urtuta, esan zion: Jauna, nik amatu nai zinduzket, zuk zere Aita Eternoa amatzen dezun ainbat.

        Geiago ta geiago al bazezakean, bere Jabe bakarra amatu nai zukean. Josefak orduan ezagutu etzuen esamiña oriek Abadesa egiteko zirala; baña konseju Jaungoikozkoak bere erlijiosakin ori egiña zeukan. Laster jakin zuen, eta zoraturik geratu zan. Bere konfesore jakintsuaren bitartez, eta guziaz gañ Ama Birjiñarenaz bere ustezko desditxa ori erremediatu nai zukean; baña Jainkoaren asmoa bete bear zan.

        Erregla, giltzak, eta Abadesaren beste siñaleak eman ziozkatenean, beregandik irten, eta bere ustez ateratzen zan. Alabak, eta bera aukeratzen zeudenak asko animatu zuten; baña bere Jaun maiteagana biurtu, eta esan zion: Jauna, ni beargai onetarako ez naiz. Nik lengo bide umilla bear det; bestela nik guzia gaizki egiñ, eta zer kontu emango det? Jaunak esan zion: Beargaia ar zazu, bada zure lotsa andi eta umilltasunerako ori bera izango da. Beargaia artu, eta Jaunak mirariz bezela korurako, eta bear ziran egiteko guzietarako bere urte aurreratu, gaitz eta nekezko argaltasunean ere, bere esku eta indar mirarizkoa eman zion, eta amore eta intenziorik al zuen garbi eta santuenaz Abadesaren egiteko guziak egin zituen.

        Bere beargaian duda, beldur eta kezka asko izan zituen; baña guzietan bere Maisu Jaungoikozkoak lagundu zion, eta konfesorearen esana seguru egitea, beti agintzen zion. Marta eta Maria Josefa-ren egitekoetan bat egiten ziran, eta onen borondate fiña beti zuzen eta firme Jainkoagan zegoen. Memoria eta adimentua beste beargaietan, bear zanean, arazotu gabe ibiltzen ziran. Ikasbide au Ama Santa Teresak San Franzisko Borja andiari agertu, eta Santuak zeruko Maisuak bezela, beregan ikusten zuena, ala oi zala, esan zion.

        Ikusten edo ezagutzen etzituela utsegiñ edo kulpak irudituta, txit kezka andia artzen zuen. Aur bat bere amagana bezela, Josefa bere Esposo Jainkozkoagana, beldurrak bezela, biurtzen zan, eta onek bere amore gozoarekin esan oi zion segurutzeko: Ondo zaude: Nik nai dedanetik beñere irten etzera. Nere grazian beti egon zera. Beñere gogoan jo ez nazu.

        Onetako erregaloakin Jaun amoretsuak bizkortzen zuen, eta bere beargai eta egitekoa aurrera espiritu geiagorekin egiteko konsolatu zuen. Bere utsegiñ edo ezbearrak Jaunari erakusten zegoen batean, Jaunaren Biotza kanpo eder zabal baten gisa erakutsi zion, eta Josefa an sarturik zegoela, eta bere Esposa leiala erregalatzeko, esan zion: Zu nere biotzean zaude, eta ni zurean. Josefa umillak esan zion: Ai, Jauna, eta nola izan diteke nere biotz loi onetan zure Majestadea egotea?

        Zan naigaberik txikiena ere Jaunari ez emateagatik, bildurtzen zan, eta bertan illtzeko gogo bero bizi batek ematen zion: eta Jaunak esan zion: Ez orrenbeste ikaratu. Ni etorriko naitzatzu egunaz, eta ez gabaz. Josefak esan zion: Jauna, orretan zer esan nai dezu? Egunaz ni illko naizela? Orduan Jesus onak argiro esan zion: Ni etorriko naitzatzu egunaz eta ez gabaz, zeren kulparen gaua zugan ez arkitu, eta ez arkituko ere dedan.

        Abadesa izan zan artean Josefak Jaungoikoagandik artu zituen urrikaltasun, promes eta miragarrizko mesedeak, liburutxo onetan egiaz eziñ esan edo konta litezke, eta oriekin erlijiosak añ ederki Jainkoaren eta munduaren begietan beti Erregla santuan zuzen eta ejenplo guziz ona emanaz gorde zituen. Orien artean miragarrizko neke santuak artu, eta bere beargaia bukatu zuen.

 

aurrekoa hurrengoa