www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama beneragarri Josefaren bizitza
Agustin Kardaberaz
176?, 1882

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA SEIGARREN BURUA

 

EMATEN DA SANTA CRUZ-KO
KOMENTUKO FUNDATZALLEEN BERRI,
NON JOSEFAK HABITUA ARTU ZUEN.

 

        Lenengo fundatzalle Ama Maria Teresa Gurutzekoa D. Migel Okendo Jeneralaren eta doña Teresa San Millan-goaren lenengo alaba zan. Jaio zan Donostian, milla seireun berrogeita zazpigarren urtean. Aurtasunetik izan zan bertutera guziz griñatua, eta batez ere beartsuakganako guziz urrikaltsua. Amabi urte zituenean egin zuen garbitasuna gordetzeko boto edo promesa. Ogei urtetarenz artu zuen habitua, eta profesatu zan Bitorian Magdalenako Komentuan. Bere profesiotik zerbait denbora geiagora guziz gaizkitu zan, eta bizitzeko esperantzarik ematen etzioten: baña gaxoak obedienziagan zedukan bere ustea, eta ala arkitu zan bere gaitzaren sendagarria; bada bere abadesari esan zion: Ama, beraren erreberenziak agin begit ez nadilla ill; eta abadesak bere buruaren gañean Ama Santisimaren imajiña bat ipiñi; eta bereala sendatu zan. Bitoriatik igaro zan Lasarteko komentua fundatzera.

        Bigarren fundatzalle Ama Ana Josefa Maria Konzeziokoa Ama Maria Teresaren aizpa zan, ala odolean, nola bertutean. Ama au izan zan Lasarteko komentuan lenengo nobizia, eta bere nobiziadu urtean Santa Brijida egunaz leku goi batera igo zan koruko leioa istera: andik jo zuen bea, eta erlijiosak uste zuten, illa zegoela; baña au farrez jaiki zan, eta bereala kantatu zituen bezperak. Bizitu zan Lasarteko komentuan ogei urtean, eta gero Santa Cruz-en bizitu zan ogeita amar urte ta erdian, non abadesa sei urte ta erdian izan zan.

        Fundaziora etorri zan irugarrena zan Ama Katalina Santa Brijidarena, eta au Komentu berrian izan zan Nobizien Maestra. Bizitu zan Santa Cruz-en amar urtean, eta gero itzuli zan Lasarteko bere komentura.

        Iru Ama oekin etorri zan fundaziora Juana Maria San Joakin, lega, eta bizitu zan Santa Cruz-en ogeita sei urtean. Denbora onetan bere Erlijioko eginkizunak osoro eginta, gañera jarduten zan beste beargai askotan, andreari dagozkienetan ezezik ez dagozkionetan ere. Onek komunkiro egiten zuen zapatarien, igeltseroen eta arotzen beargaia: eta azkenik bakarrik onek egin zuen kolumna edo pillare salomoniako ederrakin, eta urreztatu ere zuen aldare nagusia. Biurtu zan gero Lasarteko bere komentura.

        Martxoaren ogeita zazpian iritxi ziran lau fundatzalle Loiola-ko Kolejio eta etxe santura: bear zan begiramentu eta moldesiaz artuak izan ziran. An zegoen beren begira D.ª Ana Lasalde-koa Etxesantu artako azkeneko jabea; onek berekin eramateko Azkoitiko bere etxera, non egon ziran bi egunean. Martxoaren ogeita amargarrenean irten ziran etxe onetatik goimallako Etxe andreak lagun zituztela, orriko Parrokiara, non komulgatu ziran. An zuzendu zan oraindik ikusi dan prozesio andi, eder eta apañena, oek komentura eramateko. Fundatzalleak zijoazen Apaizen koruaren erdian, oek kantatuaz Jaunari eskerrak emateko salmoak. Gis-onetan iritxi ziran Santa Cruzko komentura, non komentuaren jabe egiñik, ipiñi zuten klausura, Santa Brijidaren etxe berrian. Onela geroenean ere bete ziran ainbeste urtetako eresiak.

        Elizako Kabildoak eman zuen meza guziz ots andikoa, gure Jauna agirian zegoela, eta predikatu zuen Aita Franzisko Aleson, Loiolako Erretore Jaunak.

        Bigaramonean artu zuen habitua D.ª Maria Ignazia Hurtado Mendozakoak, zeñak habitu onen zalez eta deseoz ainbeste urte igaro zituen: orobat egun artan bertan artu zuen habitua gure Josefak: bada Idiakez-en lau artean egon zan denboran egin ziozkan Jaunari erreguak etxe artan bizitzeko eta ala iritxi zuen bere negarren frutua, emanaz Jaunak bakar-lekuan bera bizitzeko etxea.

 

aurrekoa hurrengoa